Skip to main content


Podemosek proposatu du erakundeek elikagai-hornidura bermatzeko puntu egonkorrak sortzea Bizkaiko landa eremuetan



Eneritz de Madariaga: “Dendarik gabeko herrietan edozein erosketak hainbat kilometro egiteko beharra dakar, eta horrek bazter utzi egiten ditu adinekoak, auto gabeak edo mugikortasun murriztua duten pertsonak”

Gaur Abellanedan ospatutako kontrolpeko osoko bilkuran, Bizkaiko Batzar Nagusietako Podemos taldeko bozeramaileak, Eneritz De Madariagak, adierazi du premiazkoa dela erakunde publikoek elikadura bezalako oinarrizko zerbitzua bermatzea Bizkaiko landa-eremuetan.

Bizkaia 113 udalerrik osatzen dute, eta horietatik 78k 5.000 biztanle baino gutxiago dituzte. Hau da, Bizkaiko udalerrien %70 herri txikitzat hartzen dira, eta horietan bizi da lurraldeko biztanleriaren %10 baino zertxobait gehiago. “Herri horiek, gehienbat landa-eremuetan kokatuta daudenak, zerbitzu oinarrizko batzuk dituzte, baina biztanleria urritu ahala eta sakabanaketa handitu ahala, herriek eskaintzen dituzten zerbitzuak ere murriztu egiten dira. Horixe gertatzen da 1.000 biztanletik beherako 35 udalerrietan, oso txikiak eta ingurune ruraletan daudenak”, azaldu du De Madariagak.

Podemoseko bozeramaileak nabarmendu duenez, “egia da herri batzuetan badaudela denda txikiak, ultramarinoak edo ogia, arrautzak, kontserbak edo esnea bezalako oinarrizko produktuak eskaintzen dituzten tabernak, baina hori ez da nahikoa, eta kontuan hartu behar da herri guztiek ez dutela halako establezimendurik”. “Zerbitzua eskasa izateak edo elikagaiak saltzeko lokalik ez izateak eragiten du biztanleek inguruko herrietara joan behar izatea hornitzeko”, adierazi du. Haren esanetan, “elikagaiak eskuratzeko puntu bat izatea herri txikietan funtsezkoa da eguneroko bizitzarako, osasunerako eta landa-eremuen iraupenerako”.

De Madariagak azpimarratu du erakunde publikoek oinarrizko beharrak bermatu behar dituztela. “Dendarik gabeko herrietan edozein erosketak hainbat kilometro egiteko beharra dakar, eta horrek bazter utzi egiten ditu adinekoak, auto gabeak edo mugikortasun murriztua duten pertsonak”, adierazi du. Halaber, esan du adineko pertsonak “ingurune hurbilaren menpe bizi direla, dendaren, tabernaren edo botikaren beharra dutela; zerbitzu horiek gabe, autonomia eta bizi-kalitatea galtzen dute”. Bestalde, gaineratu du “hurbileko zerbitzuek laguntzen dutela landa-eremuko biztanleria finkatzen eta hazten”, eta zerbitzu horien faltak “despopulazioaren arrazoi nagusia” direla. Oroitarazi du, gainera, “ez direla hornidura-gune hutsak, baizik eta topagune bihurtzen direla”. Eta gainera, ingurumenari zuzenean eragiten diote, “autoa erabili beharrik ez baitago oinarrizko erosketak egiteko”. Amaitzeko, adierazi du “halako establezimendu bat mantentzeak herriaren dinamizazio ekonomikoa bultzatzen duela, tokiko eta artisau-produktuen salmentarako aukera ematen duela eta landa-lana zuzenean eta zeharka sortzen duela”.

“Zerbitzu hau landa-eremuetako herritarrei bermatzea funtsezkoa da, baina badakigu ez dela erraza. Herri askok ez dute dendarik, ez delako errentagarria edo erraza mantentzea, salbu eta instituzioen laguntza, herritarren inplikazioa eta zerbitzu horren eskaintza-eredu berritzailea uztartzen badira”, azaldu du De Madariagak.

 PODEMOS Ahal Dugu

Recibe nuestros newsletters

Invalid Input
Invalid Input