Ekarpen esanguratsuak txertatu ditugu Bizkaiko Iraupen Luzeko Zaintzen II. Plana prestatzeko prozesuan
Bizkaiko Batzar Nagusietako Iraupen Luzeko Zaintzei buruzko Lan Taldeak amaitu du bere lana etorkizuneko plana idazteko oinarri izango den txostena onartuta. Txosten horrek Elkarrekin Podemosek egindako hainbat proposamen jasotzen ditu, orain arte politika publikoetan presentzia urria izan dutenak
Nabarmentzekoa da zaintza-sistema Bizkaiko lurralde-errealitatera egokitzeko beharra eta komunitate-ikuspegia zaintza-ereduaren egiturazko elementu gisa indartzearen aldeko apustua
Elkarrekin Podemos pozik agertu da gaur Bizkaiko etorkizuneko zaintza-ereduari buruzko eztabaidan orain arte politika publikoetan presentzia urria izan duten hainbat proposamen txertatzea lortu duelako. Proposamen horiek Bizkaiko Iraupen Luzeko Zaintzen II. Plana prestatzeko ardatzen parte izango dira.
Bizkaiko Batzar Nagusietako Iraupen Luzeko Zaintzei buruzko Lan Taldeak gaur amaitu du bere lana, etorkizuneko zaintza-eredua idazteko gida izango den txostena onartuta. Elkarrekin Podemoseko bozeramaile Eneritz de Madariagak nabarmendu du azken urteotan bere taldeak defendatutako hainbat gai Bizkaiko Iraupen Luzeko Zaintzen II. Plana prestatzeko ardatzen artean egongo direla.
Gainera, De Madariagak azpimarratu duenez, txostenean jasotako ekarpen horietako asko Elkarrekin Podemosek proposatutako adituen eskutik iritsi dira Lan Taldera. Haien agerraldiek, haren hitzetan, etorkizuneko zaintza-ereduari buruzko eztabaida aberastu dute eta zaintzak lantzeko ikuspegi berriak ekarri dituzte.
Elkarrekin Podemosek hamabi proposamen aurkeztu zituen, eta horietatik sei txostenean jaso dira. Horrez gain, Foru Gobernua osatzen duten taldeekin (EAJ eta PSE-EE) adostutako beste bi proposamen ere txertatu dira.
Elkarrekin Podemosek txostenean txertatzea lortu duen gai nagusietako bat zaintza-sistema Bizkaiko lurralde-errealitatera egokitzeko beharra da. Horretarako, landa-eremuaren berezitasunak kontuan hartu behar dira, eta bermatu behar da laguntza eta zerbitzuetarako sarbidea ez dadila pertsonen bizilekuaren araberakoa izan.
Era berean, garrantzitsutzat jo du Elkarrekin Podemosek komunitate-ikuspegia zaintza-ereduaren egiturazko elementu gisa indartzeko egindako proposamena onartu izana. Ildo horretan, funtsezkotzat jotzen da profil profesional berriak sustatzea, hala nola komunitate-konektatzaileak eta komunitate-teknikariak, laguntza-sareak ehuntzeko, komunitate-bizitza indartzeko eta baliabideak pertsonen benetako beharretara hurbiltzeko gai izango direnak.
Halaber, De Madariagaren ustez, aurrerapauso garrantzitsua da etorkizuneko zaintza-sistemaren inguruko eztabaidak zaintzak eskubide sozial zabal gisa sendotzen jarraitzeko beharra jasotzea. Horrek ikuspegi asistentzialistak gainditzea eta eskubide hori bermatzeko erantzukizun publikoa indartzea dakar, zaintza-sistema pixkanaka sendotzeko eta prebentzioan, komunitatearekiko hurbiltasunean eta inklusioan oinarritutako eredurantz aurrera egiteko.
Azkenik, De Madariagak ontzat jo du zaintza-politiken ebaluazioari ikuspegi anbiziotsuagoa ematea, arreta-kalitateari, ongizateari, autonomiari eta zerbitzuek pertsonen bizitzan duten benetako eraginari lotutako adierazleak txertatuz.
Hala ere, txostenean proposamen garrantzitsuak jaso diren arren, Elkarrekin Podemoseko bozeramaileak deitoratu du Lan Taldearen amaierak agerian uzten duela etxe barruan egiten diren zaintzak egituraz lantzeko behar adinako anbizio falta dagoela. “Zaintza-sistemaren funtsezko zati batek familietan jarraitzen du oinarritzen -gehienbat emakumeengan-, baita etxeko eta zaintzako langileengan ere, horietako asko migratzaileak izanik, eta oraindik ez da behar bezain argi bere gain hartu errealitate hori aitortu, babestu eta duintzeko konpromiso publikoa”, azpimarratu du.
Horregatik, De Madariagaren esanetan, Elkarrekin Podemosek defendatzen jarraituko du II. Planak ezin duela dimentsio hori bazter utzi, baldin eta benetan zaintza-eredua eraldatu nahi bada. “Azken asteotan egindako lanak erakutsi du politika publiko hobeak eraikitzea posible dela zaintzak ikuspegi askotatik ikertzen, lantzen eta hausnartzen dituztenen ahotsa entzuten denean. Orain Bizkaiko Foru Aldundiaren ardura da ondorio horiek egungo eta etorkizuneko gizarte-erronkei erantzungo dien II. Plan batean islatzea”, amaitu du.
PODEMOS Ahal Dugu