Elkarrekin Podemosek Arabako Foru Aldundiari eskatu dio Arabarren egoitzako psikogeriatria moduluetako erabiltzaileak Sanitasera lekualdatzeko prozesua bertan behera uzteko
Mozio bat erregistratu du Batzar Nagusietan, zentro pribatu horretara joan nahi ez duten pertsonek gaur egungo egoitzan jarraitzeko aukera izan dezaten eskatzeko
Laura Fernandezen ustez, Arabarren egoitza ireki eta hiru urtera baino igaro ez direnean planteatutako lekualdaketak ondorio kaltegarriak izango ditu erabiltzaileen egoera fisikoan eta mentalean
Elkarrekin Podemosek Arabako Foru Aldundiari eskatu dio datorren irailean Arabarren egoitzako psikogeriatria moduluetako erabiltzaileak Sanitas egoitzara lekualdatzeko aurreikusita dagoen prozesua bertan behera uzteko, eta lekualdaketa hori egin nahi ez duten pertsonek gaur egun dauden egoitzan jarraitu ahal izatea bermatzeko.
Hala jasotzen da Elkarrekin Podemoseko batzarkide Laura Fernandezek Arabako Batzar Nagusietan erregistratutako mozioan. Bertan, Gizarte Politiken Sailari ere eskatzen zaio Arabarren egoitzan beharrezko hobekuntzak egin ditzala, zaintza-lanak errazteko eta langileen, erabiltzaileen zein familien ekarpena balioesteko.
Fernándezek ohartarazi du Arabarren egoitza 2023ko urtarrilean ireki eta hiru urtera baino igaro ez direnean planteatutako lekualdaketak eragin negatiboa izango duela narriadura kognitibo aurreratua duten erabiltzaileen egoera fisikoan eta mentalean. Izan ere, pertsona horiek ingurune egonkorrak eta erreferentziazko profesionalak behar dituzte. “Beste ingurune batera eta beste erreferentzia batzuekin lekualdatzeak osasun-egoera okertzea ekar dezake maila guztietan. Halako lekualdaketek desorientazioa, nahasmena areagotzea edo lekualdaketaren ondoriozko estres-sindromea eragin dezakete, informazio berria, ingurune berria, erreferentziazko pertsona berriak eta ohitura berriak barneratzeko dituzten zailtasunen ondorioz. Horrek guztiak okerrera egiten laguntzen du haien adierazpen neuropsikiatrikoetan”, ohartarazi du.
Elkarrekin Podemoseko batzarkideak salatu du erabakiak ezustean harrapatu dituela gaur egun egoitza horretako psikogeriatria-plazak betetzen dituzten 50 pertsonen senideak. Familia horiek Arabarren aukeratu zuten beren senideak artatzeko lekurik egokiena zelakoan, Sanitas bezalako zentro pribatuen aurrean; izan ere, harremanetan oinarritutako Gizarea zaintza-eredua ez da eskaintza pribatuan ezarri, eta gaur egun ere ez da eskaintzen.
“Orain, Arabarren egoitza martxan jarri eta hiru urtera eskas, berriz ere zentro pribatuetara itzultzera behartzen dituzte. Hori ez zen, inondik ere, Arabarrenera borondatez joatea erabaki zutenean espero zutena; uste baitzuten beren senideak egoitza horretan egongo zirela arreta espezializatu hori behar zuten bitartean”, salatu du.
Fernandezek nabarmendu du ulertezina dela Gizarte Politiken Foru Sailak horrenbesteko garrantzia duen erabakia hiru urte geroago hartzea, erabiltzaileengan maila guztietan izango dituen ondorio larriak kontuan hartuta.
Egoera horren aurrean, Fernandezek Gorka Urtaran Gizarte Politiketako diputatuari galdetu zion asteazkeneko kontrol osoko bilkuran familiei zer alternatiba eskaini zaien eta Arabarren egoitzan jarraitu nahi duten familiek aukera hori izango ote duten. Diputatuak erantzun zuen erabakia sortzen ari diren premia berrietara egokitzeko prozesu baten ondorio dela.
“Ados nago erreferentziazko zentro bat behar dela bai zahartutako desgaitasunari bai buru-gaixotasunari erantzuteko. Baina oraindik ez dugu ulertzen zergatik Arabarren, eta zergatik orain. Arabarren sortu zenean, zaintza instituzionalizatuak behar zituzten pertsona mota desberdinak artatzeko modulu bereizietan antolatu zen. Zergatik utzi behar zaie arreta emateari narriadura kognitibo larria duten pertsonei Arabarrenen, eta zergatik eraman behar dira beste egoitza batzuetara? Zergatik utzi dio pertsona mota horrek Arabarren ereduaren parte izateari?”, galdetu dio Elkarrekin Podemoseko batzarkideak.
Azkenik, Fernandezek aurpegiratu dio Urtarani Arabarrenen ezarritako buru-osasunaren eta zahartutako desgaitasunaren arretaren ereduan egindako aldaketa sakona Sanitasen 10 eta 15 plaza arteko hitzarmena amaitu delako justifikatzea, eta ez ereduak huts egiten duelako. “Orain konturatu dira, edo orain erabaki dute, zentro pribatu horretan 50 plaza hitzartzea aukera egokia dela bertara lekualdatu nahi dituzten pertsonentzat. Hau da, hitzarmen bat amaitzen da, eta beste bat sinatzen dute, plaza kopurua hirukoiztuz”, kritikatu du.
PODEMOS Ahal Dugu