Bizkaiko Foru Aldundiak ez du egoitzetan bero-boladen aurkako protokoloen aplikazioa eta betetze-maila ebaluatzen
Foru Gobernuak gaur Batzar Nagusietako kontrol osoko bilkuran adierazi du bero-boladen aurkako protokoloak badirela eta etengabe eguneratzen direla, baina ez du azaldu egoitzen benetako egoera zein den muturreko beroaldiak kudeatzeko, ekipamenduei, langileen prestakuntzari eta hornidurari nahiz garatu beharreko jarduketei dagokienez
“Gaur entzun dugunaren ondoren, zalantzak ditugu Aldundiak gai honen gaineko kontrolik egiten ote duen eta adinekoentzako arreta-zentroen benetako egoerari buruzko datuak modu sistematikoan bildu ote dituen. Zalantzak ditugu ea badakien zein den Bizkaiko egoitzen benetako egoera bero-boldei aurre egiteko”, kritikatu du Eneritz de Madariagak
Elkarrekin Podemosek salatu du gaur Bizkaiko Foru Aldundia adinekoen egoitzei bero-boladen aurkako protokoloak bidaltzera mugatzen dela, baina ez duela ebaluatzen zentroek protokolo horiek benetan aplikatzeko gaitasunik duten ala ez.
Hori agerian geratu da Bizkaiko Batzar Nagusietako azken kontrol osoko bilkuran. Bertan, Eneritz de Madariaga Elkarrekin Podemoseko bozeramaileak salatu duenez, Foru Gobernuak ez du jakin azaltzen egoitzen benetako egoera zein den muturreko bero-boldei aurre egiteko, hala nola maiatzean izandakoari edo egunotan bizi dugunari dagokienez. De Madariagak kritikatu duenez, Gobernuak esan duen gauza bakarra izan da Eusko Jaurlaritzak urtero eguneratzen duen protokolo bat badagoela eta egoitzei helarazten zaiela.
Elkarrekin Podemoseko bozeramaileak Amaia Antxustegi Gizarte Ekintzako foru diputatuari galdetu dio egoitzen egungo egoeraz eta prestaketaz, instalazioei eta ekipamenduei, langileen prestakuntzari eta kopuruari nahiz prozedurei eta langileek muturreko beroaldiei aurre egiteko garatu behar dituzten jarduketei dagokienez. Era berean, profesionalak hobeto babesteko egin diren aldaketez eta haien lana baldintza egokietan egin ahal izateko hartu diren neurriez ere galdetu du.
De Madariagak zalantza handiak agertu ditu egoitzak bero-boldei aurre egiteko prestatuta dauden ala ez, eta hiru ikuspegitatik azaldu du egoera. Alde batetik, Eusko Jaurlaritzaren protokoloak zer egin behar den ezartzen du. Bestetik, patronalak dio egoitzek neurriak aktibatzen dituztela eta kontrolatutako espazioak direla, baina aldi berean aitortzen du lan-baldintzek eta azpiegiturek zailtasunak dituztela; izan ere, eraikin askok ez dute aire girotuko sistema orokorturik. Azkenik, Babestu Elkarteak langileen eta senideen testigantzak bildu ditu, eta horietan gabezia nabarmenak aipatzen dira, besteak beste prestakuntzan, klimatizazioan, langile-kopuruan, tenperaturen jarraipenean eta prebentzio-neurrien benetako aplikazioan.
“Agerikoa da alde handia dagoela egin behar denaren, egiten dela esaten denaren eta langileek nahiz senideek kontatzen dutenaren artean”, azpimarratu du.
Egoera horren aurrean, De Madariagak gogorarazi du Aldundiak atzera bota zuela Elkarrekin Podemosek aurkeztutako proposamena, mendekotasun-egoeran dauden pertsonentzako egoitza-zerbitzuek bero-boldek eragindako krisiei aurre egiteko duten benetako egoera aztertuko zuen ikerketa egitekoa. Aldundiaren argudioa izan zen Eusko Jaurlaritzak urtero eguneratzen duela protokoloa eta Foru Gobernuak egoitzei helarazten diela.
“Guk ez dugu galdetzen protokolo bat dagoen ala ez; galdetzen duguna da ea protokoloa ezagutzen den, lantzen den eta, batez ere, aplikatzeko behar adina baliabide dauden. Ea klimatizatutako espazioak dauden, nahikoa langile dagoen, prestakuntza dagoen, arrisku handiena duten pertsonen jarraipena egiten den, tenperaturak neurtzen diren eta protokoloaren adinekoen arretari nahiz langileen babesari dagozkien neurriak benetan betetzen diren. Eta gaur entzun dugunaren ondoren, zalantzak ditugu Aldundiak gai honen gaineko kontrolik egiten ote duen eta adinekoentzako arreta-zentroen benetako egoerari buruzko datuak modu sistematikoan bildu ote dituen; alegia, ea badakien zein den Bizkaiko egoitzen benetako egoera bero-boldei aurre egiteko”, adierazi du.
Azkenik, honako hau nabarmendu du: “Kontua ez da beroaren aurkako plana foru mailan existitzea. Kontua da Bizkaiko egoitza bakoitzean benetan nola aplikatzen den. Eta horri buruz oraindik ez dugu erantzun argirik jaso”.
PODEMOS Ahal Dugu