Skip to main content

Podemos Euskadik zuzenketak aurkeztu ditu turismo-zergaren ezarpen anbiziotsuagoa lortzeko: tarifa progresiboagoak eta udalentzako malgutasun handiagoa errekarguak eta salbuespenak aplikatzeko

Turismo-egonaldien gaineko zerga arautzen duen Foru Arauaren proiektuari zazpi zuzenketa aurkeztu dizkio hiru lurraldeetako Batzar Nagusietan, eta gaur eman ditu ezagutzera prentsaurreko batean

Turismo-intentsitatearen kontzeptua txertatu du, turismoaren kargak gehien pairatzen dituzten udalerriei aukera gehiago emateko, edo turismo-intentsitate oso txikia duten udalerriak zerga ezartzeak dakarren karga burokratikotik salbuesteko; halaber, desgaitasunaren eta mendekotasunaren ondoriozko salbuespena laguntzaile diren pertsonengana ere zabaldu du

Podemos Euskadik negoziazio-bide bat ireki du hiru foru gobernuekin, akordio batera iristeko eta aurkeztutako zuzenketak araudian txertatzeko asmoz, Euskadin turismoak herritarrengan sortzen duen eragin negatiboa konpentsatuko duen zerga anbiziotsu bat izan dadin

Podemos Euskadik zazpi zuzenketa aurkeztu ditu hiru lurraldeetako Batzar Nagusietan turismo-egonaldien gaineko zerga arautzen duen Foru Arauaren proiektuari. Zuzenketa horien bidez araudia hobetu nahi du, tarifa-taula anbiziotsuago eta progresiboago bat ezarriz, eta udalei malgutasun handiagoa emanez, jasaten duten turismo-intentsitatearen arabera: alde batetik, errekarguak aplikatzeko; bestetik, zerga ezartzearen karga burokratikotik salbuesteko, beste neurri batzuen artean.

Zuzenketak ostiral honetan aurkeztu dituzte, Gasteizen egindako prentsaurreko batean. Bertan, Bizkaiko Batzar Nagusietako (Eneritz de Madariaga) eta Arabako (David Rodriguez) bozeramaileek parte hartu dute – Miren Echeveste Gipuzkoako bozeramailea ere bertan izatea aurreikusita zegoen, baina ezin izan da azken orduan bertaratu –, baita Richar Vaquero Podemos Euskadiko koordinatzaile nagusiak ere.

Podemos Euskadik, duela hamar urte gai hau Gipuzkoako Batzar Nagusietara eramanez, Euskal Herrian turismo-zerga ezartzearen bultzatzaileetako bat izan zenak, oso argi dauka auzi honi buruzko jarrera. Urteetan landutako proposamen sendo bat dauka, zerga berri hau ezartzeko aukeren inguruko azterketa sakon baten ondoren osatua.

Orain, Foru Arauaren proiektuaren izapidetzea akordioetara iristeko borondatearekin abiatu du, hiru foru gobernuak sostengatzen dituzten alderdiekiko adostasuna bilatuz, araudia hobetzeko eta Euskadin turismoak herritarrengan sortzen duen eragin negatiboa konpentsatuko duen zerga anbiziotsua izan dadin. Horregatik, zuzenketak landu eta aurkeztearekin batera, negoziazio-bide bat ireki du hiru foru gobernuekin, proposamen horiek txertatzeko helburuz.

Vaqueroren esanetan, zuzenketa hauek beharrezkoak dira proiektua hobetzeko, eta ziur dago harrera ona izango dutela hiru lurraldeetako Batzar Nagusietan egingo den izapidetzean eta negoziazioan. “Podemosek negoziazioari heltzen dio turismoa gobernatu beharra dagoelako uste sendoarekin, eta hiri zein herri bizigarriagoak sortzeko eta herritarren eta turismoaren arteko bizikidetza hobetzeko tresnarik onenak behar direlako”.

Hauek dira zazpi zuzenketen edukiak:

1. zuzenketa: Desgaitasuna duten pertsonentzako salbuespena, laguntzaile diren pertsonengana hedatuta

Diputazioen proiektuak zerga-salbuespena aurreikusten du desgaitasuna duten pertsonentzat eta II. zein III. graduko mendekotasuna dutenentzat. Podemos Euskadik neurri hori zabaltzea proposatu du, laguntzaile den pertsona ere barne har dadin; izan ere, kasu askotan pertsona horiek ezin dute bakarrik bidaiatu eta laguntza behar izaten dute.

Horrela, salbuespena aplikatuko litzateke %65eko edo hortik gorako desgaitasun-maila egiaztatzen dutenentzat edo II. zein III. graduko mendekotasuna dutenentzat, baita haiekin doan pertsonarentzat ere, gehienez laguntzaile bat onuradun bakoitzeko. Oinarrizko justizia sozialeko neurria da, egoera bereziki ahulean daudenei zama gehigarririk ez ezartzeko.

2. zuzenketa: Tarifa zabalagoak eta erabilera turistikoko etxebizitzei karga handiagoa ezartzea

Podemos Euskadik tarifa-tarteak zabaltzea planteatu du, zergaren progresibotasuna indartzeko eta turismo-eredu bakoitzak sortzen dituen eragin desberdinetara hobeto egokitzeko. Bereziki, erabilera turistikoko etxebizitzak eta gurutzaldiak gehiago zergapetzea proposatzen du, jarduera horiek presio handiagoa eragiten baitute lurraldean, zerbitzu publikoetan eta etxebizitzarako sarbidean.

Helburua argia da: eragin handiena sortzen duenak gehiago ordain dezala, eta udalek zerga modulatzeko gaitasun handiagoa izan dezatela.

Horrela, Podemos Euskadik proposatzen duen taula honako hau da:

Rango
(min. – max.)
a) Los establecimientos turísticos:

1) Establecimientos hoteleros.

De 5 estrellas o categoría equivalente
4,50– 6,50
De 4 estrellas o categoría equivalente
3,50– 5,50
De 3 estrellas o categoría equivalente
1,50 – 3,50
De 2 estrellas o categoría equivalente
1,00 – 2,50
De 1 estrella o categoría equivalente
 0,75 – 1,75
2) Pensiones. 
0,75 – 1,75
3) Apartamentos turísticos. 
1,50 – 3,50
4) Campings y otras modalidades de acampada.
0,75 – 1,75
5) Agroturismos.
0,50 – 1,25
6) Casas rurales. 
0,75 – 1,75
7) Albergues. 
0,75 – 1,75
8) Otros establecimientos de alojamientos turísticos.
1,50 – 3,50
b) Viviendas de uso turístico:

1) Viviendas para uso turístico cedidas enteras.
4,50 – 6,50
2) Viviendas particulares para uso turístico cedidas por habitaciones.
4,50 – 6,50
c) Las embarcaciones de crucero turístico
6,00– 7,00

3. zuzenketa: Zergari lotutako gehieneko egunak bostetik seira zabaltzea

Podemos Euskadik zergaren menpe egongo diren gehieneko egunak bostetik seira handitzea proposatu du, gaur egungo turismo-ereduaren errealitatera egokitzeko. Azken urteetan politika publikoek egonaldi luzeagoak sustatu dituzte, inpaktu ekonomiko handiagoa eta bisitarien txandakatze txikiagoa dutelako; baina estrategia horrek zerbitzu publikoen eta lurraldeko baliabideen erabilera handiagoa ere badakar.

Koherentziagatik, zerga-sistemak errealitate hori lagundu behar du: ez du zentzurik egonaldi luzeagoak sustatzea eta, aldi berean, haien ekarpena mugatzea. Neurri honekin, zergak egonaldien benetako eragina hobeto islatzen duela eta gizartera itzultzeko gaitasuna indartzen duela bermatzen dugu.

4. zuzenketa: “Turismo-intentsitatea” kontzeptua sartzea, turismoaren presio handiena pairatzen duten udalerriei malgutasun handiagoa emateko.

Podemos Euskadik proiektua zuzendu du “turismo-intentsitatea”ren definizioa txertatzeko. Horretarako, arau-proiektuaren 3. artikulua aldatzea proposatu du, apartatu berri bat gehituz. Turismo-intentsitatea honela ulertzen da: udalerri batean dauden ostatu-plazen eta zuzenbideko biztanleen arteko ratioa. Kontzeptu hori txertatzea funtsezkotzat jotzen du, turismoaren kargak gehien pairatzen dituzten udalek errekarguak ezarri ahal izan ditzaten irizpide neurgarri baten arabera.

Podemos Euskadiren ustez, turismo-intentsitatearen kontzeptua txertatzea funtsezkoa da turismoaren zamak gehien pairatzen dituzten eta kontzeptu neurgarri batean oinarritutako errekargua ezarri nahi duten udalei malgutasun handiagoa emateko. Adierazle hori giltzarria da presio turistikoa modu objektiboan neurtzeko, eta udalerri bakoitzaren errealitatera hobeto egokitutako politikak diseinatzeko aukera ematen du. Zuzenketa honen bidez, udalei tresna tekniko bat ematen zaie erabaki fiskalak justifikatzeko eta turismoaren eragina handiena den lekuetan jarduteko.

5. zuzenketa: %100eko hobaria, 25 eta 75 ostatu-plaza artean dituzten udalerrientzat

Podemos Euskadik zabaldu nahi ditu udalek %100erainoko hobaria aplikatzeko aukera izango duten kasuak, ostatu-plazen kopurua ez ezik turismo-intentsitatea ere kontuan hartuta. Zehazki, hobari hori aplikatu ahal izango litzateke 25 ostatu-plaza arteko udalerrietan, baita %1etik beherako turismo-intentsitatea eta 75 ostatu-plaza arteko gaitasuna duten udalerrietan ere.

Zuzenketa honek ideia argi bati erantzuten dio: ez da defendatzen oso errealitate desberdinetarako zerga uniformerik, baizik eta benetako eraginak zuzentzeko tresna erabilgarri bat. Presio turistikoa ia existitzen ez den tokietan, proportzionaltasunak lehentasuna izan behar du, eta udalerrientzako alferrikako kargak saihestu behar dira. Aitzitik, presioa handia den tokietan, zergak esku hartzeko gaitasuna indartzeko eta turismoak sortzen dituen desorekiei erantzuteko balio behar du.

6. zuzenketa: Errekarguak indartzea turismo-presio handiko udalerrietan

Podemos Euskadik proposatu du udalek zergaren kuotaren gaineko %50erainoko errekargua ezartzeko aukerak zabaltzea, ostatu-plazen kopurua ez ezik turismo-intentsitatea ere aintzat hartuta. Zehazki, errekargua aplikatu ahal izango litzateke 750 ostatu-plaza baino gehiago dituzten udalerrietan, eta baita 5.000 biztanletik gorakoetan ere, turismo-intentsitatea %10ekoa edo handiagoa denean.

Podemos Euskadiren zuzenketa honen bidez, turismoak presio handiagoa eragiten duen lurraldeetan jarduteko tresna gehiago eman nahi zaizkie udalei. Ez da soilik gehiago biltzea helburu, baizik eta etxebizitzaren, zerbitzu publikoen eta hiri-ingurunearen gainean tentsio handienak dauden lekuetan esku-hartze publikoaren gaitasuna indartzea, inpaktu handiena sortzen duenak neurri handiagoan ekarpena egin dezan bermatuz.

7. zuzenketa: Arauaren eragina eta beharrak bi urtean behin ebaluatzea

Podemos Euskadik Foru Arauan sartzea proposatu du zerga indarrean sartu eta gero bi urtean behin ebaluatu eta berrikusteko betebeharra. Horretarako, xedapen gehigarri bat gehitzea planteatu du, haren eraginaren jarraipen periodikoa ezartzeko eta emaitzen arabera tarifak egokitzeko aukera aurreikusteko, Euskadiko Turismo Mahaiaren lankidetzarekin.

Neurri hori ezinbestekotzat jotzen du tresna honek bere helburuak betetzen dituela eta turismo-ereduaren bilakaerara egokitzen dela bermatzeko. Turismoa errealitate dinamikoa denez, zergak ere tresna erabilgarri eta malgua izan behar du, sortzen diren benetako inpaktuetara eta udalerrien beharretara egokitzeko gai izango dena.

 PODEMOS Ahal Dugu

24 Apirila 2026

Articulos relacionados

Recibe nuestros newsletters

Invalid Input
Invalid Input