Skip to main content

Podemosek Tubos Reunidoseko langileen ekimena erregistratu du Kongresuan, lantoki guztietan egungo enplegu osoa bermatzeko

Ione Belarrak langileek beraiek prestatu duten Legez Besteko Proposamena erregistratu du, enpresako ordezkaritza sindikal batekin batera, baita Podemos Euskadiko Antolakuntza idazkari Leticia Jiménezekin eta Ekintza Politikoko arduradun Luis Miguel Lapeñarekin ere

Ekimenak eskatzen du SEPIk enpresarekiko duen zorra akzio bihurtzea, Estatuko ekonomiaren sektore estrategiko bateko enpresaren jarduera bermatzeko helburuarekin

Podemosek Tubos Reunidoseko langileen Legez Besteko Proposamena erregistratu du Diputatuen Kongresuan. Proposamen horrek Gobernuari eskatzen dio enpresaren lantoki guztietan gaur egungo enplegu osoa bermatzeko, baita SEPIk enpresarekiko duen zorra akzio bihurtzeko ere, Estatuko ekonomiaren sektore estrategiko bateko enpresaren jarduera bermatzeko helburuarekin.

Ekimena gaur erregistratu du Podemoseko idazkari nagusi eta diputatu Ione Belarrak, bere edukia defendatzera Madrilera joan diren Tubos Reunidoseko langileen ordezkaritza batekin batera. Ekitaldian izan dira, halaber, Podemos Euskadiko Antolakuntza idazkari Leticia Jiménez eta Ekintza Politikoko idazkari Luis Miguel Lapeña.

Podemos Euskadi hasieratik egon da Tubos Reunidoseko langileen alde, enplegua mantentzeko borrokan. Langileei laguntzeko helburuarekin, zubi lana egin du ordezkaritza sindikalaren eta Podemosen zuzendaritzaren artean, Legez Besteko Proposamen hau erregistratu ahal izateko. Proposamenaren edukia langileek eurek prestatu dute. “Euskadiko erakundeetatik harago joan nahi izan dugu, haien aldarrikapenak Kongresura eramanez”, nabarmendu du Jiménezek.

Ione Belarra, Leticia Jiménez eta Luis Miguel Lapeña Tubos Reunidoseko langileekin bildu dira Kongresuan. Bileran beste talde parlamentario batzuetako ordezkariak ere izan dira. Madrilen izan diren langileek Legez Besteko Proposamenaren edukia azaldu dute, Diputatuen Kongresuan eztabaidatzen denean talde parlamentarioen babesa lortzeko helburuarekin.

Ondoren, langileek adierazpenak egin dituzte komunikabideen aurrean Kongresuaren kanpoaldean, Podemosen ordezkariek lagunduta.

Tubos Reunidos Taldearen egoerari eta Arabako zein Bizkaiko enpleguan eta industrian duen eraginari buruzko Legez Besteko Proposamenak zazpi puntu ditu, eta Gobernuari honako hauek eskatzen dizkio:

1. Premiaz sustatzea SEPIren eta Tubos Reunidos Taldeko lantokietako Enpresa Batzordeen arteko bilera bat.

2. Enpresa Batzordeari helaraztea Tubos Reunidos Taldeak SEPIri aurkeztutako bideragarritasun-planaren kopia bat, harekin batera aurkeztutako dokumentazio guztia eta bi erakundeen artean egindako bileren aktak.

3. SEPIk Tubos Reunidos Taldearekiko duen zorra enpresaren akzio bihurtzea, Estatuko ekonomiaren sektore estrategiko bateko enpresaren jarduera bermatzeko.

4. Bideragarritasun eta industria plan bat garatzea bermatzea, industria-aktiboak mantendu eta arriskuan dagoen enplegua babesteko; Trapagaran, Nanclares de la Oca eta Amurrioko plantak, baita altzairutegia eta logistika ere, martxan jarraitzea bermatuz, altzairu berezien ekoizpena mantenduz eta deslokalizazioak saihestuz.

5. Tubos Reunidos Taldeko lantoki guztietan gaur egungo enplegu osoa bermatzea.

6. SEPIren eta gainerako erakundeen edozein laguntza, diru-laguntza edo mailegu publiko 4. eta 5. puntuetan jasotakoa betetzearen mende jartzea.

7. BBVAri eta gainerako banku-erakundeei eskatzea zorraren zati baten barkamena edo akzio bihurketa egitea, enpresaren finantza-egoera arintzeko eta haren kaudimen ekonomikoa bermatzeko.

Kezka bileraren garapenaren inguruan

Leticia Jiménezek azpimarratu du Tubos Reunidoseko langileek beren lanpostuak, eskubideak eta duintasuna defendatzeko egin duten etengabeko borroka. Ildo horretan, salatu du enpresa haren arduradunen zikoizkeriaren ondorioz arpilatua izan dela; izan ere, arduradun horiek gehiago arduratu dira etekin pertsonalak lortzeaz, herrialdearen etorkizun industriala eta lan-etorkizuna bermatzeaz baino. “Ezin dugu onartu ehunka familiaren bizitzarekin jolastea. Familia horiek etorkizun ilun batera kondenatuta daude enpresako zuzendarien kudeaketa txarraren eta zikoizkeriaren ondorioz. Eta horrek erantzukizunak ekarri behar ditu”, adierazi du.

Bilera amaitu ondoren, Jiménezek ez du ezkutatu bere kezka; izan ere, PSOEk ez dio ekimenari babes espliziturik eman —aztertuko duela adieraztera mugatu da—, eta kezkatuta agertu da, halaber, EAJren jarreragatik, ez baita Tubos Reunidoseko langileekin egindako bilerara ere joan. “Gure aldetik, lanean jarraituko dugu Tubos Reunidoseko langileen aldarrikapenek Kongresuan aurrera egin dezaten”, azpimarratu du.

 PODEMOS Ahal Dugu

17 Ekaina 2026

Articulos relacionados

Recibe nuestros newsletters

Invalid Input
Invalid Input