OHZren foru arauak %90eko hobaria jasoko du guraso bakarreko familientzat, indarkeria matxistaren biktima den pertsona buru duten familientzat eta egoera zaurgarrian dauden familientzat, Elkarrekin Podemosen ekimenez
Gipuzkoako Batzar Nagusietako Ogasun eta Finantza Batzordeak bihar onartuko ditu OHZri eta Ondasun Higiezinen Katastroari buruzko foru arauak, Elkarrekin Podemosek aurkeztutako eta ganberaren babesa izango duten zuzenketekin hobetu ondoren
Gipuzkoako Batzar Nagusietako Ogasun eta Finantza Batzordeak bihar onartuko du Ondasun Higiezinen gaineko Zergaren (OHZ) foru araua. Arau horrek, Elkarrekin Podemosen ekimenez, %90eko hobaria zabalduko die guraso bakarreko familiei, familia-buru indarkeria matxistaren biktima duten familiei eta egoera zaurgarrian dauden familiei.
Ogasun eta Finantza Batzordeak asteazken honetan onartuko ditu Gipuzkoako OHZri eta Ondasun Higiezinen Katastroari buruzko foru arauak. Elkarrekin Podemosek aurkeztutako zuzenketek testuak hobetu dituzte, eta foru ganberaren babesa izango dute.
Proiektuak aurreikusten zuen familia ugarien titulartasuna duten pertsonen ohiko etxebizitza diren higiezinei zergaren kuota osoaren %90erainoko hobaria ezartzea. Orain, Elkarrekin Podemosen ekimenez, hobari hori guraso bakarreko familietara, familia-buru indarkeria matxistaren biktima duten familietara eta egoera zaurgarrian dauden pertsonetara ere zabalduko da.
Familia ugarien, guraso bakarreko familien eta indarkeria matxistaren biktima diren familia-buruen kasuan, hobaria zergadunen ahalmen ekonomikoaren arabera ezarriko da, eta etxebizitzaren katastro-balioa 300.000 eurotik gorakoa ez izatea izango da baldintza; udal bakoitzak, hala ere, muga txikiagoa ezarri ahal izango du. Bestalde, arauak egoera zaurgarrian dauden pertsonatzat joko ditu udal bakoitzaren zerga-ordenantzek halakotzat aitortutakoak. Horrela, kotizazio gabeko pentsioen, Diru-sarrerak Bermatzeko Errentaren edo Bizitzeko Gutxieneko Diru-sarreraren onuradunez gain -legez berez zaurgarritzat jotzen direnak-, udal bakoitzak beste egoera batzuk ere ezarri ahal izango ditu. Ohiko etxebizitzatzat hartuko da subjektu pasiboa erroldatuta dagoen etxebizitza.
Elkarrekin Podemosen zuzenketen artean, Batzar Nagusiek Gurutze Gorriaren eraikinek OHZ ordaintzetik duten salbuespena erregelamenduz zehaztuko diren antzeko beste erakunde batzuetara zabaltzea ere onartuko dute. Alderdiaren ustez, Gipuzkoan badira jatorrizko proiektuan jasotzen direnez gain interes orokorreko beste erakunde asko ere, beren jabetzako ondasunen bidez zerbitzuak ematen dituztenak eta gizarteko herritar zaurgarrienei laguntzen dietenak; horregatik, bidezkoa da laguntza hori emateko erabiltzen dituzten instalazioengatik zerga hori ez ordaintzea.
Era berean, Elkarrekin Podemosen ekimenez, berezko birsorkuntzaren eta/edo birlandaketaren bidez sortutako baso-espeziez estalitako mendien azaleren salbuespenari dagokionez, hazkunde azkarreko espezieei buruzko aipamena kenduko da, eta salbuespena birsorkuntza ekologikorako plan bat izateko baldintzari lotuko zaio.
Gipuzkoako Foru Ondasun Higiezinen Katastroaren foru arauaren proiektuari dagokionez, Batzar Nagusiek Elkarrekin Podemosen zuzenketa onartuko dute, Foru Katastroak lurraldean dagoen trenbide-sareak hartzen dituen lurzoruak ere jaso ditzan. Xedapen hori 2028an sartuko da indarrean. Gaur egun, katastroak ez du trenbide-azpiegituren mapaketa egina, eta denbora behar da mapa osoa eta dagokion katastro-balorazioa osatzeko. Horregatik, bi urteko epea ezarri da lan hori egiteko.
PODEMOS Ahal Dugu