Elkarrekin Podemosek ez du sinatu Aiaraldeko Garapen Industrialerako Mahaiaren ondorioen txostena, baina foro horretan lanean jarraituko du eskualdearen etorkizunaren alde
Koalizioak ondorioen txostenetik aldendu da, uste baitu ez duela Aiaraldeko langile klasea eta hark harana Euskal Herriko industria-erreferente nagusietako bat bihurtzeko izan duen funtsezko ekarpena behar bezala aitortzen; era berean, ez duelako industria-lurzoruaren erabileraren kontzeptua egoki jorratzen
Elkarrekin Podemosek, erantzukizunez jokatuz, Mahaian jarraitzea erabaki du, eskualdearen garapen industrialaren alde lan egiteko eta langile klasearen eskubideak defendatzen jarraitzeko
Elkarrekin Podemosek ez du sinatu Aiaraldeko Garapen Industrialerako Mahaiaren ondorioen txostena, iritzita dokumentuak ez duela behar bezala aitortzen Aiaraldeko langile klasea eta hark harana Euskal Herriko industria-erreferente nagusietako bat eraikitzeko izan duen funtsezko zeregina; gainera, industria-lurzoruaren erabileraren kontzeptua ere ez du egoki lantzen. Hala ere, koalizioak Mahaian lanean jarraituko du, erantzukizunez, eskualdearen garapen industrialaren alde egiteko eta langile klasearen eskubideak defendatzeko.
Aiaraldeko Garapen Industrialerako Mahaiak 2025eko urrian ekin zien bere lanei, eta Elkarrekin Podemoseko ordezkari politiko eta instituzionalek bileretan parte hartu dute hasieratik. Gaur arratsaldean bilera egin du Laudioko udalerrian, ondorioen txostena aztertzeko. Podemos Euskadiko Antolakuntza idazkari Leticia Jiménezek foro honetako kideei jakinarazi die koalizioak ez dituela onartzen dokumentuan jasotako ondorioak eta planteamenduak, iritzi eta ikuspegi partzialak jasotzen dituelako eta horiek ez dituelako partekatzen.
Ondorioen txostenak ez ditu behar bezala jorratzen langile klasearen, langile-borrokaren eta industria-lurzoruaren erabileraren kontzeptuak. Ildo horretan, Mahaiaren lanak hasi zirenetik, Elkarrekin Podemosek behin eta berriz salatu du Aiaraldeko langile klaseari ez zaiola merezi duen aitortza egiten, nahiz eta askotan hari esker mantendu den eskualdean industria-jardueraren zati garrantzitsu bat eta langileen lan-baldintzak hobetu diren.
Elkarrekin Podemosek salatu du erabat okerra dela lan-eskubideen defentsa lan-gatazkatzat jotzea eta hori eskualdearen ahulguneetako bat eta haren irudiaren narriaduraren adierazle gisa aurkeztea. Gaur egun Estatuko gainerako lurraldeek Euskadiri begiratzen badiote, hein handi batean bertako langile klaseak historikoki erakutsi duen antolakuntza-, defentsa- eta borroka-gaitasunagatik da; izan ere, horri esker lan-baldintzak hobetu dira eta, ondorioz, Arabak gaur egun duen garapen ekonomikoa sendotu ahal izan da.
Horregatik guztiagatik, koalizio progresistak ondorioen txostenetik aldentzea erabaki du. Nolanahi ere, eskualdearekiko eta bertako herritarrekiko duen erantzukizunagatik, Aiaraldeko Garapen Industrialerako Mahaian jarraituko du, erakundeek inoiz behar bezainbesteko arreta eskaini ez dioten eremu honen etorkizunaren alde lanean jarraitzeko.
PODEMOS Ahal Dugu