Podemosek gutxieneko soldata 1.800 eurora igotzea eta lanaldia 30 ordura murriztea proposatu du, soldata jaitsi gabe
Podemos Euskadiko Kongresurako zerrendaburuek erretiroa hartzeko adina 63 urtera aurreratzea, enplegu publikoa egonkortzea eta zaintza-zerbitzuen kudeaketa publikoa berreskuratzea defendatu dute Bilbon egindako kanpaina-ekitaldi batean
Podemosek lanbide arteko gutxieneko soldata hilean 1.800 eurora igotzea eta lanaldia astean 30 ordura murriztea proposatu du gaur goizean Bilbon, soldata jaitsi gabe eta lehen urrats gisa berehala 35 orduko lanaldia ezarrita. José Manuel de Pablos Bizkaiko Kongresurako hautagaiak eta Maite Gartzia Gipuzkoako Kongresurako hautagaiak neurri horiek defendatu dituzte, hazkunde ekonomikoak soldata hobeak, lan-egonkortasuna eta bizitzeko denbora ekar ditzan. Ekitaldian Garbiñe Ruiz Arabako zerrendaburua ere izan da.
“Zertarako balio du ekonomia hazteak, herritar gehienek bizitzeko ez dirurik ez denborarik ez badute?”, galdetu du De Pablosek. Hautagaiak azpimarratu du “lan egiteak bizitzeko balio behar duela», eta gaitzetsi du bizitza soldata eskasen truke lan egitera mugatzea”.
De Pablosek Euskadiko industria-ehunaren galeraz ohartarazi du, Bizkaian bereziki nabarmena dela azpimarratuta. Era berean, enplegu egonkorra, kualifikatua eta kalitatezkoa suntsitzen ari dela salatu du, turismoan, ostalaritzan eta logistikan lan prekarioak ugaritzen diren bitartean.
Egoera horren aurrean, lanbide arteko gutxieneko soldata hilean 1.800 eurora igotzea defendatu du hautagaiak. “Onartezina da lanaldi osoan aritu arren pobreak izaten jarraitzen duten pertsonak egotea. Prezioak eta enpresen irabaziak igotzen badira, soldatek ere igo egin behar dute”, adierazi du. “Lan egiteak bizitza betea bermatu behar du, ez biziraupen hutsa”, gehitu du.
Bestalde, Gartziak Podemosen lehentasunen artean kokatu du lanaldia murriztea. Alderdiak astean 30 orduko lanaldia lortzea proposatzen du, soldata jaitsi gabe, lehen urrats gisa berehala 35 ordura murriztuta. “Produktibitatea izugarri handitu da. Aurrerapen horrek ezin du gutxi batzuek irabaziak pilatzeko soilik balio; lan-denbora banatu behar da, gure gertukoak zaindu, atseden hartu eta bizitzaz gozatu ahal izateko”, adierazi du hautagaiak.
Podemosen proposamenen artean daude, halaber, erretiroa hartzeko ohiko adina 63 urtera aurreratzea, pentsio duinak bermatuta, eta pentsio-plan mistoak eta borondatezko gizarte-aurreikuspeneko erakundeak (BGAE) desagerraraztea.
Enplegu publikoari dagokionez, Gartziak behin-behinekotasunaren abusua pairatzen duten langileen enplegua egonkortzea defendatu du. Hautagaiak salatu du Osakidetzako eta euskal eskola publikoko profesionalek urteak ematen dituztela kontratuak, ordezkapenak eta bajak betetzeko lanaldiak kateatzen, lan-egonkortasunik lortu gabe.
“Ezin dugu onartu gure medikuek, erizainek eta irakasleek 45 urte bete ondoren lortzea plaza bat, 20 urte kontratu prekarioak kateatzen eman ostean”, adierazi du. “Zerbitzu publikoei eusten dietenek ezin dituzte kudeaketa txarraren eta interes partidisten ondorioak ziurgabetasunez eta prekarietatez ordaindu”, gehitu du Gartziak.
Ildo beretik, zerbitzuen kudeaketa publikoa berreskuratzeko aukera aztertzea proposatzen du Podemosek, arreta berezia jarrita egoitzetan eta etxez etxeko laguntzan. Gartziak zalantzan jarri du zaintza horiek enpresa-interesen menpe egotea, eta ohartarazi du irabazi-marjinen bilaketak eragina duela arretaren kalitatean eta emakume langileen lan-baldintzetan. “Zaintzen gaituztenak defendatuko ditugu”, adierazi du Gipuzkoako Kongresurako hautagaiak. Haren esanetan, zerbitzu publikoen hobekuntza lotuta dago bertako profesionalen egonkortasunarekin eta eskubideekin.
Garbiñe Ruizek, berriz, adierazi du: “Lanerako bizi gara ala bizitzeko egiten dugu lan? Podemosen argi daukagu: lanak duintasunez bizitzeko aukera eman behar digu. Horregatik, Mila zortzi ehun euroko gutxieneko soldata eta soldata galdu gabe lanaldia murriztea defendatzen ditugu. Izan ere, ez da soilik hilaren amaieran soldata jasotzea; denbora ere behar dugu gozatzeko, gure familiaz arduratzeko, zaintzeko eta guretzat ere denbora izateko. Bizitzeko denbora ezin da pribilegio bat izan”.
Gehiengo sozialaren bizi-baldintzak hobetzeko konpromisoetan oinarritutako programa aldarrikatzen du Podemosek. “Azaroaren 29 honetan gure bizitzak berreskuratzeko aukera dugu. Boto baliagarria Podemos da”, esan du De Pablosek amaitzeko.
PODEMOS Ahal Dugu