“Diru publikoak ezin ditu galerak sozializatu eta irabaziak pribatizatu: enplegua, industria-jarduera eta lan-baldintza duinak bermatu behar ditu”
Arabako Kongresurako zerrendaburu Garbiñe Ruizek, Aiaraldean, Tubos Reunidos enpresaren atarian, Euskadin politika industrial publiko baten aldeko Podemosen apustua defendatu du. Politika horrek sektore estrategikoak babestu, ekoizpen-gaitasuna arriskuan dagoenean esku hartzea ahalbidetu eta industria jasangarri eta etorkizunekoaren alde egin behar du
“Tubos Reunidos kudeaketa pribatu eta publiko txarraren adibide da, eta azkenean langileek ordaintzen dituzte horren ondorioak”, adierazi du.
Podemosek Euskadiren etorkizun sozioekonomikoa defendatu du gaur goizean Aiaraldean egindako ekitaldi batean. Izan ere, eskualde horretan bereziki gogor ari dira pairatzen industria-plangintzarik ezaren ondorioak. Eskualdeko enpresa nagusietako baten, Tubos Reunidosen, atarian, Diputatuen Kongresurako zerrendaburu Garbiñe Ruizek adierazi duenez, “diru publikoak ezin ditu galerak sozializatu eta irabaziak pribatizatu”, eta diru publikoko laguntzek enplegua, industria-jarduera eta lan-baldintza duinak bermatzea izan behar dutela helburu defendatu du.
“Etorkizunaz hitz egitea eraiki nahi dugun eredu ekonomiko eta produktiboaz hitz egitea da. Eta egungo eredua huts egiten ari da. Gure industriak gero eta pisu txikiagoa du, eta horrek ondorioak dakartza: itxierak, deslokalizazioak, enplegu egonkorraren galera eta prekarietate handiagoa”, salatu du Ruizek. Podemos Euskadiko Antolakuntza idazkari Leticia Jiménezek lagundu dio ekitaldian.
Politika industrialik ezaren adibidea Aiaraldean dugu. Era berean, Tubos Reunidos kudeaketa pribatu eta publiko txarraren erakusgarri da. “Baliabide publikoak jaso dituen enpresa da, beharrezko kontrolik eta jarraipenik gabe. Eta, beste behin ere, ondorioak langileek ordaintzen dituzte”, deitoratu du Ruizek.
Azaroaren 29ko hauteskunde orokorretarako Arabatik Kongresurako zerrendaburuak nabarmendu duenez, Podemosen apustua “politika industrial publiko baten aldekoa da: sektore estrategikoak babestuko dituena, gure ekoizpen-gaitasuna arriskuan dagoenean esku hartzea ahalbidetuko duena eta industria jasangarri eta etorkizunekoaren alde egingo duena”.
“Industria bai, baina enplegu duina, soldata bidezkoak eta gure gazteek hemen bizitzeko eta beren etorkizuna eraikitzeko aukera izan dezaten. Aiaraldeak askoz gehiago merezi du. Industria, lana eta etorkizuna behar ditugu”, adierazi du.
“Bakea, etxea eta lana. Bizitzak haien irabaziek baino gehiago balio dezala. Ez dugu industriaren eta zerbitzuen artean aukeratu behar. Kontua da enplegu industrial egonkorra suntsitzen duen eta haren ordez prekarietatea ezartzen duen ereduari uko egitea”, amaitu du.
PODEMOS Ahal Dugu