Skip to main content

Elkarrekin Podemosek bi aurrebaldintza ezarri ditu Gipuzkoako 2027ko aurrekontuak negoziatzeko

Urtea amaitu aurretik egoitzetako eta eguneko zentroetako hitzarmen sektorialaren sinadura desblokeatzea eta Foru Aldundiak pribilegioak eta onura fiskal atzerakoiak dakartzaten neurriak beste talde batekin adosteari uko egitea ezarri ditu hasierako baldintza gisa

Funtsezko beste neurri batzuk izango dira PEAP eta PECEF prestazioak hobetzea, egoitzak klima-aldaketara egokitzeko inbertsio-plana abian jartzea, landa-eremuetako udalerrietan etxebizitza publikoak sustatzea eta Mendiak Kudeatzeko eta Baso-suteak Prebenitzeko eta Itzaltzeko Plana gauzatzeko giza baliabide eta baliabide material nahikoak bideratzea 
 
Elkarrekin Podemosek bi aurrebaldintza ezarri ditu Gipuzkoako 2027ko aurrekontuak negoziatzeko: urte hau amaitu aurretik egoitzetako eta eguneko zentroetako hitzarmen sektoriala lortzea, 2026rako adostutakoa betez, eta Foru Aldundiak Batzar Nagusietan beste talde batekin pribilegioak eta onura fiskal atzerakoiak dakartzaten neurriak adosteari uko egitea.

Hala jakinarazi du gaur Miren Echeveste Elkarrekin Podemoseko bozeramaileak, prentsaurrekoan. Gipuzkoako Foru Aldundiaren 2027ko aurrekontu-proiektuaren izapidetzea Batzar Nagusietan hasi ondoren egin du agerraldia. Aurrekontu-proiektua atzo aurkeztu zitzaion foru ganberako lehendakariari.

Echevestek nabarmendu du 2026ko aurrekontuak onartzeko foru-gobernuarekin adostutako neurrietako asko dagoeneko gauzatu direla edo martxan daudela. Hala ere, deitoratu du egoitzetako eta eguneko zentroetako ratioak hobetzeko neurria eta egoitza-zaintzaren sektoreko hitzarmen bat sinatzea oraindik bete gabe daudela. Hitzarmen hori Foru Aldundiaren bitartekaritzarekin eta sustapenarekin lortu behar zen, eta Elkarrekin Podemosek aurrekontu-akordioan txertatutako neurri nagusietako bat zen.

Horregatik, konpromiso hori betetzea 2027ko aurrekontuak negoziatzeko aurrebaldintzetako bat da. “Foru Aldundiak Gipuzkoako egoitzetako eta eguneko zentroetako hitzarmen sektoriala sustatu behar du. Horretarako, berehala ekin behar dio egoitzetako eta eguneko zentroetako ratioak hobetzeari, eta konpromiso ekonomikoa hartu behar du soldatak KPIaren arabera igotzeko, azken urteetako erosteko ahalmenaren galera konpentsatzeko beharrezkotzat jotzen den hamartarra gehituta. Era berean, lanaldi partzialeko kontratuen iraupena gutxienez % 70era igotzeko konpromisoa hartu behar du, 2028a amaitu aurretik”, adierazi du Echevestek.

Era berean, Elkarrekin Podemosek aurrekontuen negoziazioari ekiteko bigarren aurrebaldintza bat ezarri du: foru-gobernuari eusten dioten alderdiek (EAJ-PNVk eta PSE-EEk) Batzar Nagusietako beste talde batekin zerga-pribilegioak eta neurri fiskal atzerakoiak adosteari uko egitea. Neurri horiek zerga-aldaketen foru-arauaren proiektuan jasota daude, eta proiektu hori une honetan izapidetzen ari dira foru-ganberan.

Echevesteren esanetan, onartezina da aurrekontuak negoziatzea, aldi berean Foru Aldundia beste alderdi batzuekin zerga-pribilegioak adosten ari den bitartean, baliabide gehien dituztenen mesedetan. Gainera, haren ustez, horrek ez du bat egiten aurreko urtean Elkarrekin Podemosen babesarekin adostutako zerga-berrikuspenaren helburuarekin: errenta txikienak dituzten pertsonen mesederako neurriak hartzea.

“Zerga-neurriei buruzko foru-arauaren negoziazioak aurrekontuen negoziazioa baldintzatzen du, izatez. Ez dugu onartuko neurri fiskal atzerakoiak onartzea eta, aldi berean, gurekin aurrekontuak negoziatu nahi izatea”, azpimarratu du.

Bi aurrebaldintza horiez gain, Echevestek funtsezkotzat jo du Elkarrekin Podemosek azken hilabeteotan Foru Aldundiari helarazitako hainbat proposameni erantzutea. Hauek dira proposamen nagusiak:

-PEAP prestazioa hobetzea. Gipuzkoako Batzar Nagusietan Elkarrekin Podemosen eskariz egindako azterlanari jarraituz, zaintzaile profesional bat kontratatzeko prestazioaren gehieneko zenbatekoa handitzea eta elkarrekin bizi ez diren senideen artean zaintza-kontratuak egiteko aukera ere prestazioaren barruan sartzea.

-Adinekoen eta desgaitasuna duten pertsonen egoitzak, eguneko zentroak, adingabeentzako zentroak eta lurraldeko inklusio-zentroak klima-aldaketara egokitzeko inbertsio-plana ezartzea. Horretarako, klimatizazio-sistema egoki eta jasangarriak instalatzea proposatzen du.

-Gipuzkoako landa-eremuetako udalerrietan etxebizitza publikoen sustapenean aurrera egitea, alokairuko etxebizitzak ere barne hartuta.

-Mendiak Kudeatzeko eta Baso-suteak Prebenitzeko eta Itzaltzeko Plana gauzatzeko behar adina baliabide ekonomiko bideratzea.

-Gipuzkoako Geoparkea behar bezala kudeatzeko baliabide gehiago bideratzea.

Horrez gain, Elkarrekin Podemosek Foru Aldundiari berariazko konpromisoa eskatuko dio emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna sustatzeko eta indarkeria matxistak desagerrarazteko politikei zuzendutako aurrekontua bermatzeko.

Azkenik, Echevestek iragarri du aurrekontu-proiektua Batzar Nagusietan izapidetzen den bitartean zuzenketa partzialen beste sorta bat aurkeztuko dutela. Zuzenketa horien bidez, aipatutako neurriak osatu eta Gipuzkoako 2027ko aurrekontu-proiektua hobetzea bilatuko dute.

 PODEMOS Ahal Dugu

Recibe nuestros newsletters

Invalid Input
Invalid Input