Getxoko zerga turistikoa arautzeko proposamena adostu du Elkarrekin Podemosek EAJrekin eta PSErekin
Proposamenak hoteletarako gutxieneko kuotak ezartzen ditu, establezimenduaren kategoriaren arabera, eta gehienekoak apartamentu turistikoetarako, erabilera turistikoko etxebizitza eta etxebizitza turistikoetarako eta gurutzaontzietarako; horiei % 10eko errekargu gehigarria aplikatuko zaie.
Elkarrekin Podemos, EAJ eta PSE-EE udal taldeek Getxoko Turismo Egonaldien gaineko Zerga arautuko duen ordenantzaren proposamenari buruzko akordioa lortu dute. Zerga 3/2026 Foru Arauaren bidez ezarri zen. Testua astelehen honetan, urriaren 26an, aurkeztuko dute batzordean, eta urriaren 29ko udal osoko bilkuran behin-behineko onespena ematea aurreikusi dute.
Proposamenak foru arauan hoteletarako aurreikusitako gutxieneko kuotak jasotzen ditu, establezimenduaren izar kopuruaren araberako progresibotasuna mantenduta. Apartamentu turistikoetarako, erabilera turistikoko etxebizitza eta geletarako eta gurutzaontzietarako, berriz, gehieneko kuotak ezartzen ditu. Zenbateko horiei % 10eko errekargua gehituko litzaieke; foru arauak aukera hori aurreikusten du, Getxok 750 ostatu-plaza baino gehiago baititu.
Akordioaren arabera, udalerrian presio handiena eragiten duten modalitateek ekarpen handiagoa egingo dute. Urteko diru-bilketa bi milioi euroren ingurukoa izango dela aurreikusten da, eta diru-sarrera horiek getxoztarren mesederako izango dira.
Hiru udal taldeek azaldu dutenez, bereizketa horren oinarrian modalitate bakoitzak udalerrian duen eragin desberdina dago. Akordioak ekarpen handiagoa aurreikusten du etxebizitzetako ostatu turistikoentzat eta gurutzaontzientzat, etxebizitza bizitegi-erabilerarako eskuragarritasunean eta bisitari kopuruan duten eragina kontuan hartuta.
Elkarrekin Podemosek adierazi duenez, «proposamen honek gurutzaontzien eta pisu turistikoen gain jartzen du zerga-kargaren zatirik handiena, horiek baitira gaur egun udalerrian turismo-presio handiena eragiten dutenak. Alde batetik, gurutzaontziek milaka bisitari erakartzen dituzte, eta horrek zenbait neurri hartzera behartu du udala, hala nola seinaleak jartzera eta autobus-geltokiak egokitzera. Bestetik, 200 pisu turistiko baino gehiagok eragin negatiboa dute Getxoko etxebizitza-merkatuan, etxebizitza horiek jada ez baitira salmentarako edo alokairurako bizitegi-erabilerara bideratuko».
Izapidetzea eta aplikazioa
Ordenantzaren izapidetzeak helburu hau du: Getxok 2027ko urtarrilaren 1a baino lehen izatea zerga-tasak udal mailan arautuko dituen araudia. Egun horretatik aurrera, tasak zehazten dituen ordenantzarik ez badago, foru arauan aurreikusitako gehieneko tarifak aplikatuko lirateke.
PODEMOS Ahal Dugu