Skip to main content

Gure Aurrekontu proiektuaren funtsezko ardatzak

PLATAFORMA NEGOZIATZAILEA GURE AURREKONTU PROIEKTUAREN FUNTSEZKO ARDATZAK

    1. Eskaintza publikorik gabeko udalerrietan ikastetxe pribatuak publiko bihurtzea.

    2. Medikuntzako  langilerik gabeko osasun-zentrorik ez; ospitale publikorik gabeko eskualderik ez.

    3. Etxebizitzaren legeari konstituzio-kontrakotasuneko errekurtsoa kentzea.

    4. Guggenheim-Urdaibai proiektua kentzea.

    5. Euskara doan C1 titulura arte.

    6. Emakunde berriz Lehendakaritzari atxikitzea.

 

Hezkuntza

Eskaintza publikorik gabeko udalerrietan ikastetxe pribatuak publiko bihurtzea. (Konpromiso politikoa).

Euskadin hezkuntza-eskaintza publikorik ez duten udalerri asko daude (Lazkao, Ibarra, Irura, Usurbil, Anoeta, Loiu). Egoera hori Euskal Hezkuntza Eraldatzeko Oinarrien Akordioan adostutakoarekin kontraesanean dago. Izan ere, Akordioaren Jarduketa Planaren 22c) puntuan, Euskal Hezkuntza Sistemaren Plangintza Estrategikoa deritzonean, eskaintza publiko nahikoa ziurtatuko dela jasotzen da. Puntu horretan eta Jarduketa Planaren 27. puntuan oinarrituta, zeinak ezartzen baitu Eskola Publikorako Plan Estrategikoaren bidez ikastetxe publikoen perimetroa zabaltzea sustatuko dela, guk hezkuntza-eskaintza publikorik ez dagoen udalerrietan ikastetxe jakin batzuen publifikazio adostuaren aldeko apustua egiten dugu. Ez dadila eskola publikorik gabeko herririk egon.

Euskal Eskola Publikorako Plan Estrategikoa. (90.000.000 €)

Euskal Hezkuntza Eraldatzeko Oinarrien Akordioak, 27. puntuan, euskal eskola publikorako plan estrategikoa onartzeko konpromisoa jasotzen du. Horren xedea kalitatea hobetzeko eta perimetroa handitzeko jarduketa multzoa sustatzea da. Hala ere, Hezkuntza Sailak, Euskal Autonomia Erkidegoko Hezkuntzari buruzko Lege-proiektuan, eta aldebakarreko erabakiaren bidez, bakarrik eskola publikoari zuzendutako plan hau Euskal Hezkuntza Sistemarako Plan Estrategiko bihurtzen du eta, horretan, ikastetxe publikoez gain, ikastetxe pribatuak ere sartzen dira, hala itunduak nola itundu gabekoak. Euskal eskola publikoarekin dugun betebeharra da berekin dakarren egiturazko bereizketari ekitea, sistema publikoa indartzearen aldeko apustu irmoa eginez eta behar adina baliabide emanez. Eskola Publikorako Plan Estrategikoaren barruan bere perimetroa zabaltzea hartuko da kontuan, horrelako eskaintzarik ez dagoen udalerri eta eremuetan eskaintza publikoa sortuz eta 2024an adostutako publifikaziorako araudia onartuz, bai eta horren egutegia egituratu ere. Gainera Plan Estrategiko honetan premiaz helduko zaie 2019-2023 Azpiegitura Planean aurreikusita egon arren betearazi ez diren obra guztiei eta inbertsio berezia egingo da hala eskatzen duten zentro publiko guztien eraginkortasun energetiko eta jasangarrirako. Eskola-jantokia maila ekonomikoan indartuko da eta in situ egindako edo hurbileko sukaldea, erosketa publikoa, tokiko produktua eta nahi duten ikastetxe guztien kudeaketa-eredua aldatzea ahalbidetu eta sustatuko dira 2024-2025 ikasturtean neurri horiek guztiak ezartzeko zonako planteamenduak landuz.

Euskal Unibertsitate Sistemaren Plana. (5.000.000 €)

    a) Nabarmen handitzea UPV/EHUri egiten zaion ekarpen arrunta, enpleguaren egonkortasunaren bidez irakaskuntza, ikerketa eta kalitatearen kudeaketa bermatuko duten plaza nahikoak sortzearen ondoreetarako.

    b) 2023/2026 Euskal Unibertsitate Sistemaren Planari esleitutako baliabide ekonomikoak hobetzea. Horretarako apurka-apurka Unibertsitate Sistemaren Lege Organikoan jasota dagoen BPGaren % 1era iristea planifikatuko da.

    c) Euskal Unibertsitate Publikoko ordezko langileen egoera ezegonkorrari irtenbidea emateko elkarrizketa-proposamena, besteak beste Eusko Jaurlaritzaren 41/2008 Dekretuan ezarritako ordainsariak aldatuz eta areagotuz edo adostuko diren beste batzuk hartuz.

Osasuna

Medikuntzako  langilerik gabeko osasun-zentrorik ez; ospitale publikorik gabeko eskualderik ez. (40.000.000 €)

Pertsonal fakultatiborik gabeko osasun-arreta ez da kasualitatea, ezta egoera puntual bat ere. Gero eta ohikoagoa da eta urtetik urtera ikusten dugu oporraldietan dozenaka Etengabeko Arreta Gune daudela pertsonal fakultatiborik gabe. Kudeaketa modu horrek Osakidetza apurka-apurka eraisteari, ordezkapenen planifikazio faltari eta kontratazioen prekarizazioari erantzuten dio. Horren ondorioz zerbitzu publikoak kalitatea galtzen du eta eskaintzen duen osasun-arreta gero eta urriagoa da. Gainera Euskadin badira oraindik biztanleria-talde handiak artatzeko ospitale publikorik ez duten eskualdeak,  adibidez Tolosaldea, non Asunción klinika pribatua publiko bihurtzea proposatzen dugun, eta Durangaldea, eta bigarren honetan  azpiegitura eraikitzea proposatzen dugu. Medikurik gabeko osasun-zentrorik ez. Ospitale publikorik gabeko eskualderik ez.

Osasun publikoa indartzeko eta zerbitzuak kanpora ateratzearen eta pribatizazioaren aurkako plana. (90.000.000 €)

    a) Osakidetzan espezialisten eta ebakuntzen itxaron-zerrendak murrizteko inbertsioa egitea.

    b) Lehen mailako arreta indartzea, bitartekotasuna eta behin-behinekotasuna murriztuz  osasun zentroetako itxaron-zerrendak gehienez 48 ordura murrizteko.

    c) Osakidetzako zerbitzu-zorroa handitzea,  gaur egunera arte ahaztuta egon diren osasun-zerbitzuak osasun publikoak bermatzen dituen osasun zerbitzu bihurtzeko: aho-hortzetako arreta, arreta ginekologikoa, arreta oftalmologikoa eta osasun mentala.

    d) SOS DEIAK eta Larrialdietako Zerbitzuak eta Osasun Garraioak publiko bihurtzea.

Etxebizitza

Etxebizitzaren legeari konstituzio-kontrakotasuneko errekurtsoa kentzea. (Konpromiso politikoa).

Eusko Jaurlaritzak konstituzio-kontrakotasuneko errekurtsoa jarri dio Estatuko Etxebizitzaren Legeari, aitzakia moduan benetan existitzen ez den eskumenen inbasio batean oinarrituta. Lege honek ez du "behartzen"; aitzitik, tresna berriak eskaintzen ditu eta Eusko Jaurlaritza eta Euskadiko udalerriak gaitzen ditu etxebizitza-merkatuaren espekulazioari aurre egiteko eta etxebizitza-eskubidea gauzatzen laguntzeko neurriak har ditzaten. Horregatik Eusko Jaurlaritzak jarritako konstituzio-kontrakotasuneko errekurtsoa kentzea exijitzen dugu.

Alokatzeko etxebizitza babestu berriak gas-galdararik eta CO2 isuririk gabe eraikitzea, eta etxebizitza birgaitze energetiko masiboa (10.000.000 €)

2024tik aurrera eraikin eta etxebizitza berriak gas-galdararik edo BEGak isurtzen dituzten erregairik gabe eraikiko dira; energia berriztagarriekin elektrifikatutako etxebizitzak izango dira, hala nola bero-ponpak eta eguzki-autokontsumoa. Era berean, efizienteak izango dira eta A energia-ziurtagiria edo hortik gorakoa edukiko dute. Hau guztia eraikuntzaren eraginkortasunari buruzko EBko Zuzentaraua kontuan hartuta burutuko da; zuzentarau horrek etxebizitza guztiak birgaitzea eskatzen du 2050erako A energia-ziurtagiria izan dezaten.

Bitartekaritza-zerbitzua indartzea utzarazpenak saihesteko. (Konpromiso politikoa).

Utzarazpenak saihesteko bitartekaritza-zerbitzua etxebizitza-eskubidea babesteko zerbitzu erabilgarria eta beharrezkoa da. Banketxeekin eta administrazio publikoarekin etengabeko negoziazio-lana indartu behar da etxegabetzeen ondorioz irekitako prozesuetan.

Ingurumena eta trantsizio energetikoa

Guggenheim-Urdaibai proiektua kentzea. (Konpromiso politikoa)

Megaproiektu honek ez dio beharrizan kultural edo kolektibo bati erantzuten, ez dira bere baitan hartuko dituen eduki artistikoak ezagutzen. Kontinentea ezagutzen dugu (egoitza New Yorken duen museo baten garapena) baina ez edukia (zergatik, zertarako). Gainera museo honek urratu egiten ditu Urdaibaiko Biosfera Erreserba babesten duten lege ugariak eta ingurumenaren aurkako atentatua da.  Proiektu hau bertan behera uztea exijitzen dugu, zentzugabea eta jasanezina delako, ez duelako inolako itzulerarik bermatzen eta ez dielako tokiko beharrei erantzuten.

Energia berriztagarrien enpresa publiko bat abian jartzea. (40.000.000 €)

Subiranotasun energetikoan eta energiaren prezioaren merkatzean aurrera egiteko asmoz  Energia Berriztagarrien Enpresa Publiko bat abian jartzea proposatzen da. Enpresa honek Euskadin eta Iberiar Penintsulan instalazioak sustatzeko eta arrazoizko prezioetan energia berriztagarri hori euskal herritarrei eta industriari saltzeko ahalmena izango du. Honen guztiaren helburua hirugarren herrialdeekiko eta oligopolio energetikoarekiko mendekotasun energetikoa haustea eta subiranotasun energetikoan aurrera egitea da, ingurumena errespetatuz eta udalerriekin eta herritarrekin lankidetzan arituz.

Erregai fosil eta sintetikoetarako dirulaguntzen amaiera. (Konpromiso politikoa).

Larrialdi klimatikoaren erronkari aurre egiteko Eusko Jaurlaritzak eta gainerako administrazio publikoek bertan behera utzi behar dituzte CO2 isurtzen duten erregaietarako, bai fosilak, bai sintetikoak, dirulaguntza eta inbertsio guztiak. Ildo horretatik premiazkoa da erregai fosilak, sintetikoak eta gasa kontsumitzen duten ibilgailuak edo etxebizitzak sustatzeari uztea; aldi berean, premiazkoa da,  hala toki-mailan  nola globalean, erregai fosilen erabileraren eta ekoizpenaren amaiera egutegian jasotzea.

Industria Hondakinen Kudeaketa- eta Balorizazio-Zentroa eta hondakinak lehengoratzeko eta berrerabiltzeko azpiegiturak. (7.000.000 €)

Gaur egun zabortegietara eta erraustegietara eramaten diren industria-hondakinen bolumen handia berreskuratzeko hondakinak lehengoratzeko, berrerabiltzeko eta birziklatzeko azpiegituretan inbertitzea proposatzen da. Ildo horretatik industria-bolumen handiko hondakinen (bestak beste zepak, errautsak edo lohiak) Kudeaketa- eta Balorizazio-Zentroa sortzea proposatzen da, balio-katean berriz sartuz eta ekonomia zirkularra sustatuz.  Era berean hondakinak kudeatzeko azpiegitura bat behar da lehengai baliotsuak, hala nola litioa, kobaltoa edo lur arraroak, lehengoratzeko, berrerabiltzeko edo birziklatzeko.

Euskera

Euskara doan C1 titulura arte. (15.000.000 €)

Euskaltegietako ikastaroen prezioa euskara ikasteko gainditu beharreko oztopoetako bat da. Neurrietako bat Euskaltegietako matrikulen prezioa (gaur egun 800 euro inguru eta erdia, 400 euro inguru, euskaltegi publikoetan ikasten duten ikasleen % 24rentzat) hizkuntza-eskola ofizialetakoekin (80 euro) parekatzea da, eta, ondoren, gutxieneko bertaratze-baldintzak beteta, munta hori  itzultzea. Prezioaren betekizun hau HABEren bidez euskara-ikastaroak homologatzeko baldintzen artean sartuko da.

Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoko erakundeetan euskararen erabilera normalizatzeko prozesua arautzen duen Dekretua onartzea. (Konpromiso politikoa).

Honako elementu hauek sartuko direla bermatuko da:

    a) A1 eta A2 mailak merezimendu moduan baloratzea.

    b) Maila guztietan ahozko eta idatzizko ulermenaren trebetasunak aintzatestea eta era bereizian  eta proportzionalean baloratzea.

    a) Idazketa-mailarik eskatzen ez duen hizkuntza-eskakizuna esleitzeko aukera, lanpostuaren ezaugarriak eta bete beharreko eginkizunak kontuan hartuta idatzizko adierazpenik exijitzen ez duten lanpostuetan.


Berdintasuna

Emakunde Lehendakaritzara berratxikitzea. (Konpromiso politikoa)

Emakunde Lehendakaritzara lotuta egon zen 1988tik 2020ra bitartean. 2/1988 Legearen 1. artikuluan honako hau adierazten da: “Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundea Lehendakaritzari atxikitako Ihardutze-Erakunde Burujabe gisa sortarazten da”. Gure ustez, berdintasun-politikek zeharkakoak eta lehentasunezkoak izan behar dute, eta hori horrela izan dadin, Emakundek erdigunean egon behar du Gobernuan, politika publiko guztietan eragin ahal izateko.

EAEko aurrekontu orokorren % 1 Berdintasuneko gastura bideratzen dela bermatzea. (Konpromiso politikoa)

2022ko Berdintasunaren Euskal Legearen erreforman jasota geratu zen bezala, aurrekontuaren % 1 Berdintasunera bideratzen dela bermatzea. 

Zaintzagatiko lanaldi murrizketen eta eszedentzien finantzaketa, gehienez 100.000 euroko errenta dutenentzat. (konpromiso politikoa)

3 urtera arteko seme-alabak dituzten familiei hilean 200 euro ordaintzeko dekretu berria onartzeko erabilitako logika berari jarraikiz, neurri askoz ere estrukturalagoa eta beharrezkoagoa proposatzen dugu emakumeen eta gizonen arteko desparekotasun-egoera aldatzeko, arreta berezia jarrita soldata-arrakalan eta emakumeen ekonomia-, lan- eta erretiro-baldintza okerragoetan. Proposatutako neurri hori honako hau da: Eusko Jaurlaritzak funts publikoekin finantza ditzala 14 urtera arteko seme-alabak edo mendetasun handiagoa duten seme-alabak zaintzeko eskatzen diren lanaldi-murrizketak. Edo, bestela, Gizarte Segurantzari murrizketa egin aurreko kotizazio-oinarriaren % 100aren ekarpena egitea.

Adingabeen zaintzagatiko 8 asteko lan-baimenaren finantzaketa. (konpromiso politikoa)

Onartu ezin izan zen Familien Legeak adingabea zaintzeko lan-baimena sartu zuen dekretu bidez, baina ezin izan zuen ordaindutzat eman. Finantzaketa hori Eusko Jaurlaritzak bere gain har dezala proposatzen dugu. 

Ekonomia, enplegua eta fiskalitatea

Ekonomia-eredu berriak. (4.000.000€)

Egungo eredu ekonomikoak agerian utzi ditu bere ahultasunak eta desparekotasunari eta ingurumenean eragindako kalteari dagokienez sortzen dituen kostuak. Ekonomia eredu berriak bultzatuko ditugu, alternatiboak, humanoak, hurbilak, kolaboratiboak eta iraunkorrak; Ekonomia Soziala eta Solidarioa adibidez.

Ondasun estrategikoen (hala nola sendagaiak, osasun-materiala eta elikagaiak) ekoizpena birlokalizatzea. (10.000.000 €)

Hornidura-kateen gehiegizko globalizazioaren ondoriozko zaurgarritasuna saihestu nahi dugu. Autohornikuntza-plan bat diseinatuko dugu funtsezko sektoreetan, etorkizunera begira erresilientea izango den Euskadi bat eraikitzeko.

Euskadiko Funts Publikoa industria-garapenerako eta enpresak errotzeko.  (30.000.000 €)

Apurka-apurka, 500 milioi euroko funts bat sortuko da, Finantzen Euskal Institutuan integratua, euskal sektore industriala eta ekonomikoa kapitalizatzeko eta langabezia-maila handiko eskualdeak berrindustrializatzeko. Funts Publikoaren bidez Gobernuak enpresei egiten dizkien itzuli beharrik gabeko transferentzien egungo eredua aldatu nahi da, ez baitu saihesten nazioarteko funts edo enpresek (adibidez, Gamesa, Euskaltel, Masmóvil...) eros ditzatela. Funts Publikoak inbertsio-eredu baten eta enpresa eta industrien akziodunen artean sartzearen alde egitea proposatzen du, industriaren eta enpleguaren errotzea errazteko, inbertsioaren etekinak edo dibidenduak lortzeko eta horiek Euskadiko aurrekontuetan sartzeko, edo Administrazio Kontseiluak presioa egiteko euskal industria-sarea arriskuan jartzen duten erabakietan.

Fortuna handien elkartasun-zerga lurralde erkidearekin parekatzea eta iraunkor bihurtzea. (konpromiso politikoa)

Euskadi Estatuan zergarik baxuenak dituen eskualdeetako bat da. Euskadin nahi ditugun kalitatezko zerbitzu publikoei eusteko, zerga-harmonizaziorantz aurrera egin behar dugu Estatuarekin, lehenik, eta Europarekin, gero. Beharrezko urrats bat da fortuna handien elkartasun-zergaren jatorrizko ezaugarriei eustea eta zerga hori iraunkor bihurtzea. 

Pentsio baxuen osatzea (12.000.000€)

Pentsio baxuak jasotzen dituzten pertsonentzako laguntza-lerro bat sortzea, 14 ordainsaritan, 1080€-ra arte osatzeko.

Gizarte-politika

Politikak lerrokatzeko eta herritarrei prestazio publikoen berri emateko bulegoa (9.000.000 €)

Politika publikoak eraginkorragoak izan daitezen, eta koherentzia- eta erantzukizun-irizpide politikoen arabera, politikak bateratzeko bulego bat proposatzen dugu, Eusko Jaurlaritzaren politiken koherentzia eta harmonizazioa zainduko duena, sail guztientzat nahitaezkoak diren gomendio eta eginbideekin eta herritarrei eta gizarte antolatuari irekitako kanal batekin, loturarik gabeko politiken diagnostikoan ekarpenak egin ahal izateko. Gainera, bulego honek dauden gizarte-prestazioei (DSBEa, bizitzeko gutxieneko errenta, bonu soziala, bonu termikoa, emantzipaziorako laguntza eta abar) buruzko informazioa eman diezaieke euskal herritarrei, modu pertsonalizatuan, eta horiek eskuratzeko erraztasunak eman diezaieke, egoera pertsonalaren arabera eta prestazio horiek eskuratzeko baldintzen arabera. 

Elkartasunaren aldeko Herri-ituna (4.000.000 €)

GGKEen Koordinakundeak —nazioarteko lankidetzan diharduten 84 erakunde biltzen dituena— legebiltzar-taldeoi eskatzen digu elkartasun iraunkorraren aldeko herri-itun bat bultzatu dezagula. 2024an gure errenta nazional gordinaren % 0,7 garapenerako lankidetzara bideratzeko Nazio Batuen 1970eko konpromisoarekin bat egiten dugu —konpromiso hori Lankidetzarako eta Elkartasunerako Euskal Legearen proiektuan jaso zen—, eta, horrela, euskal gizartea munduko elkartasunaren erreferente bihurtzeko. 

Egoitzen publifikazioa (konpromiso politikoa)

Gizarte-zerbitzuetako Zuzendarien Elkartearen txostenen arabera, Euskal Autonomia Erkidegoko egoitza-plazen % 72,9 publikoak ziren 2021ean (14.014 pertsona) eta % 27,1 pribatuak (5.209 erabiltzaile). Egoera hori hazten ari da azken urteotan, pribatizazioa modu esponentzialean handitu baita. Esku pribatuetan dauden plazen kopurua eta egoitza pribatuen kopurua publikoekin alderatuta dezeleratzeko eta lehengoratzeko prozesu bat eskatzen dugu. Era berean, Euskadiko adinekoen egoitzetako plaza-kopurua 19.223ra iritsi zen 2021ean (aurreko urtean baino bost plaza gehiago soilik), eta, beraz, 6.402 plaza behar dira oraindik Osasunaren Mundu Erakundeak (OME) ezarritako 65 urtetik gorako 100 pertsonako 5 plazara iristeko. Beharrezkoa da Euskadiko egoitzen aurrekontua eta kudeaketa publikoa handitzea, eta zerbitzua kontratatzeko prestazio ekonomikoak itzultzea.


Gazteria

Gazteen emantzipaziorako sarea eta Gazteen emantzipaziorako estrategia martxan jartzea. (2.000.000€)

Gazteriaren Legean erabaki genuen hori. Hala ere, sare hori ez da martxan jarri. Gazteen emantzipaziorako Euskal Sarea, gazte guztiei emantzipaziorako prozesua errazteko bitarteko gisa. Sare hori 7. artikuluko i letrako 1. tartekian aipatzen diren jarduerek eta zerbitzuek osatzen dute —Eusko Jaurlaritzaren eskumenekoak—, bai eta EAEko gainerako administrazio publikoek gazteen emantzipazioa bultzatzera bideratutako jarduerek eta zerbitzuek ere, biztanleria-sektore horretan espezializatutako politika baten esparruan.  


Garraioa eta turismoa

Tasa turistikoa ezartzea. (Konpromiso politikoa).

Ostatu-gau turistikoen gaineko zerga ezartzea egokitzat jotzen duten udalentzat. Tasa turistiko horrek eragin positiboa izango luke udal-kutxa publikoetan, eta horrek diru-sarrera handiak bildu ahal izango lituzke turismoak sortzen dituen gastuei aurre egiteko; besteak beste, bide-garbiketagatik, hondakinen bilketagatik edo trafikoagatik sortutakoak.

Garraio publiko elektrifikatua. (4.000.000 €)

Pertsonen garraio kolektiborako ibilgailu elektrikoak batera erosteko programa, tokiko garraio-zerbitzua duten udalentzat; larrialdi klimatikoari erantzute aldera eta autoaren erabilera, hirietako kutsadura eta inflazioaren aurkako mugikortasuna murrizteko.


Gobernu ona

Ate birakariekin amaitzea. (Konpromiso politikoa)

Eusko Jaurlaritzako goi-kargudun asko Etika Publikorako Batzordeak ebaluatu ditu —batzorde hori osatzen duten kide gehienak Jaurlaritzaren kideko kargudun edo pertsonak dira—, enpresa publikotik pribatura igarotzean legeari edo etikari dagokienez interes-gatazkarik edo bateraezintasunik dagoen aztertzeko. Organo horrek inpartzialtasunik ez duenez —ontzat eman baitira ageriko "ate birakarien" kasuak—, Etika Publikorako Batzorde independente bat sortzea proposatzen da, Eusko Jaurlaritzan ugariak diren balizko ate birakarien kasu guztiak modu inpartzialean izapidetzeko.

Ustelkeriaren aurkako Fiskaltza. (Konpromiso politikoa)

Estatuko Fiskaltza Nagusiari ustelkeriaren aurkako euskal fiskaltza bat sortzeko eskatzea proposatzen da, euskal fiskalek askotan eskatu duten bezala. Gainera, Eusko Jaurlaritzak handitu egin behar ditu Ertzaintzak ustelkeria-delituen aurka erabiltzen dituen baliabide materialak, bereziki kargu politikoek egiten dituztenak, eta handitu egin behar du delitu horiek ikertzen diharduten agenteen kopurua, beharrezko prestakuntza eta kualifikazioarekin. Azkenik, Eusko Jaurlaritzak agente kualifikatuak hornitu behar dizkio Ertzaintzari polizia judizialaren jardueretarako, betiere instrukzioko epaitegien, auzitegien eta Fiskaltzaren mendekotasun funtzional eta organiko iraunkorrarekin.

 PODEMOS Ahal Dugu

10 Azaroa 2023

Articulos relacionados

Recibe nuestros newsletters

Invalid Input
Invalid Input