Skip to main content

Podemos konpromisoa hartu du Repsol nazionalizatzeko eta argiaren, gasaren eta erregaien prezioei gehieneko mugak ezartzeko

Hauteskunde-kanpaina Petronorren instalazioen kanpoaldera eraman du, Muskizera, oligopolioaren espekulazioa geldiarazteko eta energia gehiengo sozialaren zerbitzura jartzeko energiaren sektorea nazionalizatzeko proposamenaren berri emateko

Podemos Euskadik hauteskunde-kanpaina Muskizera eraman du gaur, Petronorren instalazioen ondora, Repsol nazionalizatzeko eta energia-enpresa publiko bat sortzeko proposamenaren berri emateko. Enpresa horrek zentral hidroelektrikoen emakidak berreskuratuko lituzke. Neurri horren helburua eredu demokratiko, jasangarri eta hurbilekoa ezartzea da, energia-oligopolioaren espekulazioa geldiarazteko eta energia gehiengo sozialaren zerbitzura jartzeko.

“Energiaren oligopolioa eta Josu Jon Imaz bezalako zuzendaritzako kideak dirutza pilatzen ari dira, langile-familiei bizitzeko behar dugun guztia garestitzen diguten bitartean”, salatu du Jose Manuel de Pablosek, Kongresurako Podemosen Bizkaiko zerrendaburuak. Sektore energetikoa pribatizatu zenetik “gure fakturak gora eta gora ari dira, haiek etekinen errekorrak hausten dituzten bitartean”, kritikatu du.

De Pablosek gogorarazi duenez, 2022an, PSOEren erresistentzia gogorrak gorabehera, Podemosek lortu zuen koalizio-gobernuaren barruan gasaren prezioari gehieneko muga ezartzea eta energia-enpresei zerga bat ezartzea, zerbitzu publikoak finantzatzeko. “Gaur egun, Repsol-ek ez du euro bakar bat ere ordaintzen aparteko irabaziengatik”, deitoratu du.

Egoera horri amaiera emateko eta energiaren kudeaketa demokratizatzeko, Podemosek proposamen argiak jasotzen ditu bere hauteskunde-programan. Besteak beste, prezioetan berriro esku hartzea, argiaren, gasaren eta erregaien prezioei gehieneko mugak ezarriz. Horrela, etxeko tarifak ezin izango dira aurreko batez besteko prezioaren % 5etik gora garestitu, eta gasaren prezioari megawatt-orduko 40 euroko gehieneko muga berreskuratuko zaio. 

Gainera, De Pablosek azaldu duenez, “merkatu elektrikoa erreformatuko dugu, sistema marjinalistarekin amaitzeko: megawatt-ordu bakoitza bere benetako kostuaren arabera ordainduko da, ezerezetik sortutako irabaziak ezabatuko ditugu eta energia berriztagarri merkeen alde egingo dugu. Horretarako, faktura progresibo bat ezarriko dugu, aurreztea sarituko duena, xahutzea zigortuko duena eta faktura txikienetan termino finkoa % 25era mugatuko duena”.

Ildo horretan, Podemosek energia-enpresa publiko bat sortzeko konpromisoa berretsi du De Pablosek. Horretarako, Estatuak Repsolen gehiengo absolutua eskuratuko du, fakturak merkatzeko eta gure subiranotasun energetikoa berreskuratzeko. Gobernuak 12.000 milioi euro gastatu zituen 2023an gerra-industrian, eta 36.000 milioi euro gastatuko ditu 2026an. “Milaka milioi euro horiek gerrarako materialean gastatu beharrean, PSOEren eta Fronte Zabalaren Gobernuak enpresa estrategikoen kontrola bereganatzeko eta energia gehiengo sozialaren zerbitzura jartzeko inbertitu behar zituen”, salatu du. Amaitzeko, honako hau adierazi du: “Guk egingo dugu. Boto erabilgarria Podemos delako”.

Ekitaldian Yolanda Martín ere izan da, Senaturako Gipuzkoako zerrendaburua. Euskadiko “herri eta txoko askotan” ugaritzen ari diren energia-megaproiektuak kritikatu ditu, eta adierazi du proiektu horiek ez dutela jasangarritasunaren, trantsizio ekologikoaren edo ingurumenaren interesen alde egiten, gutxi batzuen etekin ekonomikoaren mesedetan baizik.

Horren guztiaren atzean, EAJk, EH Bilduk eta PSEk adostutako Trantsizio Energetikoaren Euskal Legeak jarritako alfonbra gorria dago. Podemosek lege horren aurka bozkatu zuen Eusko Legebiltzarrean, Petronorren, Iberdrolaren eta sektoreko gainerako lobbyen helburu eta interesei erantzuten zielakoan. “Energiarekiko mendekotasun handiegia dugula esaten digute, gure subiranotasun energetikoa handitu behar dugula, trantsizio ekologiko jasangarria egin behar dugula; baina, aldi berean, megaproiektu horiek gure mendiak, ibaiak eta ingurune naturalak arriskuan jartzen dituzte. Hiru alderdi horiek greenwashing delakoa saldu nahi digute, oligopolioaren interesak babesteko. Eta hori ez dugu onartuko”, adierazi du irmo.

Haien gezur guztien aurrean, Martinek energiaren kontsumoa murriztearen alde egin du, benetako trantsizio energetikoa bultzatzearen alde, estrategia jasangarriagoen eta helburu publikoetarako inbertsioen bidez; klima-aldaketari aurre egitearen alde, gure sistemak planetaren mugetara egokituz; eta oligopolioaren estrategian ez erortzearen alde. Izan ere, oligopolioak gero eta energia gehiago sortu nahi du, adimen artifizialaren atzean dauden datu-zentroen eskariari erantzuteko besterik ez.

Bestalde, Rubén Ricok, Kongresurako Arabako zerrendako bigarren hautagaiak, Solariak lurralde horretan dituen proiektuak salatu ditu. Haren hitzetan, proiektu horiek “multinazional handien interes ekonomikoak gure herrien eta gure ondare naturalaren gainetik nola inposatzen diren erakusten dute. Horretarako, oligopolioaren irabaziak lurraldearen babesaren gainetik jartzen dituen Trantsizio Energetikoaren Euskal Legearen babesa dute”.

“Gure mendiak, paisaiak eta baliabide naturalak sakrifikatu behar ditugula sinetsarazi nahi digute, negozio pribatu bati eusteko. Hori ez da trantsizio ekologikoa, espekulazio energetikoa baizik. Eredu horren aurrean, Podemosek energiaren sektorea nazionalizatzea defendatzen du, baliabide estrategiko baten gaineko kontrol demokratikoa berreskuratzeko eta trantsizio energetiko bidezkoa, planifikatua eta gehiengo sozialaren zerbitzura egongo dena bermatzeko”, amaitu du.

 PODEMOS Ahal Dugu

Recibe nuestros newsletters

Invalid Input
Invalid Input