Skip to main content

Gorrotxategik Durangoko ospitaleari buruzko azalpenak eskatu dizkio Sagardui sailburuari

Elkarrekin Podemos-IUko bozeramaileak eskualdeko osasun egoeraren gainbeheraz aritu izan da kontroleko osoko bilkuran

Koalizioko bozeramaileak, Miren Gorrotxategik, Durangaldeko osasun egoeraz galdetu dio Gotzone Sagardui osasun sailburuari gaurko kontroleko osoko bilkuran.

Gorrotxategik gogora ekarri du, orain dela urtebete, eskualdeko biztanleei zerbitzua emateko ospitale bat eraikitzearen beharra aldarrikatu zuela eta legebiltzarreko taldeak akordio zabal bat lortu zuela osasun egoerari buruzko ikerlan bat egiteko eta ikerlan hura izango zela osasun zentroa sortzeko lehenengo pausua.

Baina, urtebete geroago, taldeak ez du azterlan horren berri eta, nahiz eta emaitzarik ezagutu ez, Eusko Jaurlaritzak dagoeneko jakinarazi dio Durangoko Udalari ez dela ospitalerik eraikiko udalerrian. Erantzunean hitzez hitz adierazi da Eusko Legebiltzarreko taldeek ez dutela Durangon ospitalearen eraikitzea premia gisa planteatu. “Hori ez da egia, gure taldeak hainbat eta hainbat ekimen ekarri baititu Legebiltzarrera Durangaldeko herritarrok ospitalea behar dugula aldarrikatzeko”, aurpegiratu dio Gorrotxategik sailburuari.

Aurkeztutako ekimenak

Ondoren, Elkarrekin Podemos-IUko bozeramaileak zerrendatu ditu bere taldeak azken legegintzaldi honetan aurkeztu dituen ekimenak. “2021eko irailean Batzordean galdera bat planteatu zitzaion sailburuari eskualdeko lehen mailako osasun arretak bizi duen narriaduraren inguruan”, adierazi du.

“2021eko urrian erregistratua, legez besteko proposamen bat egin zen, zeinetan Jaurlaritzari eskatzen baikenion ikerlan bat egin zezala Durangon ospitalea eraikitze aldera. Hortik dator ikerlana egiteko lortu genuen adostasun zabala”, azaldu du legebiltzarkide durangarrak.

Ondoren, 2022ko azaroan, beste bi ekimen erregistratu zituen taldeak: batetik, ordurako bukatuta egon behar zukeen ikerlana eskatu zion Osasun Sailari; eta, bestalde, ikerlan hura osatzeko zein erakunde eta eragilerekin elkartu ote zen galdetu zion. “Erantzun zigun Durangaldeko Mankomunitatearekin baino ez zela elkartu. Harritzekoa benetan, kontutan hartuta gainera mankomunitateko presidentea EAJko Durangoko alkategaia dela”, adierazi du Gorrotxategik.

Azkenik, 2023ko aurrekontuen negoziazioen esparruan, Durangoko ospital eraikitzea eskatu zuen legebiltzar taldeak. Baina, Jaurlaritzak, beste behin ere entzungor egin zion eskariari.

Bere esku-hartzean, Sagarduik hau onartu du: “Elkarrekin Podemos-IU ospitaleari buruz hitz egiten jarraitzen duen talde bakarra da”. Aldi berean, Sailburuak Durangaldeko “osasun zerbitzua kalitatezkoa” dela baieztatu du. Sagarduik adierazi du larrialdi bat izanez gero, Durangaldeko biztanleak inguruko ospitaleetatik hurbil daudela, “Galdakaoko ospitalera 15 minutu” besterik ez daudela eta “20 minutu Gurutzetako ospitalera”.

Zerbitzuaren gainbehera

“Elorriotik Gurutzetara joan behar izanez gero, ez dago ospitalera iristeko modu zuzenik, beraz, garraiobide publikoa hartu behar izanez gero, ordu eta erdi behar da. Zaldibarretik Gurutzetara, autopista ordainduta, 40 minutuko bidea dago. Ez dira 15-20 minutu, askoz gehiago dira zuk aitortzen dituzunak baino”, leporatu dio Gorrotxategik sailburuari.

Legebiltzarkideak zerbitzuaren gainbeheraz hitz egin du eta eskualdeko beste aldarrikapen ugari jarri ditu mahai gainean: “lehen pediatria larrialdiak artatzeko zerbitzua zena arratsaldeko bostetan ixten den zerbitzua da orain, Etengabeko Arreta Gunea gainezka dago, Durangalde osoan ez dago anbulantzia medikalizaturik, eta, gainera, ez dago Gernikako ospitalera zuzenean daraman garraiobide publikorik”.

 PODEMOS Ahal Dugu

Recibe nuestros newsletters

Invalid Input
Invalid Input