Podemos Euskadik salatu du Loiuko aireportuan izandako “justifikaziorik gabeko polizia basakeria” eta Segurtasuneko sailburu Bingen Zupiriaren dimisioa eskatu du
Alderdiak erantzukizun politikoak eskatu ditu Loiuko aireportuan Global Sumud Flotillako kideei egindako harreran gertatutako istiluen ondoren
Podemos Euskadik Segurtasuneko sailburu Bingen Zupiriaren dimisioa eskatu du gaur Eusko Legebiltzarrean egin duen agerraldiaren ostean. “Lotsagarria iruditzen zaigu sailburuak, erantzukizunak argitu eta gertakari hauek argi eta garbi gaitzetsi beharrean, euskal biztanleria eta irudiak ikusi dituen nazioarteko komunitatea gutxiesteko hautua egin izana”, adierazi dute.
Alderdiak salatu du, halaber, Zupiriak poliziaren jarduna justifikatu izana aireportuko segurtasun arrazoietan edo kanpoko testuinguruetan oinarrituta, hala nola Ertzaintzaren aurkako aurretiazko seinalamenduetan, “han modu baketsu eta solidarioan bildutako pertsonen aurka erabilitako indarkeria legitimatzeko balioko balu bezala”. “Irudiek argi erakusten dute ez zegoela pertsonen edo instalazioen segurtasunerako benetako arriskurik”, adierazi dute.
Podemos Euskadik gogorarazi du antzeko beste harrera batzuk, bai Loiun bai beste hiri batzuetan, modu baketsuan egin direla poliziaren esku-hartzerik gabe. Ildo horretan, galdetzen dute zergatik aktibatu zen oraingoan Aenak eskatutako 25 agenteko dispositiboa, arrisku egoera objektiborik ez bazegoen, edo zergatik hartu zen aireportua puntu kritikokotzat irudiek hori justifikatzen duen pertsona fluxurik erakusten ez dutenean.
Alderdiak kritikatu du, era berean, sailburuak erantzukizunak barne ikerketa baten esku utzi izana; haien ustez, hori “erabaki politikoak denboran luzatzeko modu bat da”. “Irudiek berez hitz egiten dute eta arduradunak argi egon behar dira”, azpimarratu dute.
Podemos Euskadik gaur berriz ere “inolako anbiguotasunik gabe” gaitzetsi du Ertzaintzaren jarduna Loiuko aireportuan gertatutakoan, Global Sumud Flotillako kideei egindako harreran, ekintza humanitario batean parte hartu ondoren eta Israelgo Estatuaren aldetik bahiketa eta tratu txarrak jasan ostean iritsi zirenean.
Alderdiak deitoratu du “korridore humanitario bat irekitzen saiatzeko gorputza jarri zuten” aktibistekiko harrotasun eta eskertza ekitaldi izan behar zuena indarraren erabilera “erabat neurrigabe eta inolako justifikaziorik gabearekin” markatutako polizia esku-hartze batean amaitu izana. “Solidaritate ekitaldi bat porrazoka amaitzea onartezina da”, azpimarratu dute.
Podemos Euskadik ohartarazi du gertatutakoa ez dela isolatutako gertaera bat, eta salatu du erakundeen eta poliziaren jardunetan “neurri bikoitza” dagoela, protesta sozialaren eta giza eskubideen defentsaren kriminalizaziorako joerarekin. Polizia osoa orokortu gabe, segurtasun sistemaren barruan dinamika kezkagarriak daudela ohartarazi dute.Era berean, Podemos Euskadik salatu du Palestinako herriari babesa adierazten dioten diskurtso instituzionalen eta Israelekin lotutako enpresekin egiten diren kontratazio publikoen arteko inkoherentzia, armagintza, prestakuntza, softwarea eta segurtasun materialaren arloetan. “Ezin da genozidio bat gaitzetsi eta, aldi berean, hura sostengatzen dutenak finantzatu”, adierazi dute, boikot, desinbertsio eta zigor neurri eraginkorrak eskatuz.
Alderdiak Ertzaintzan barne ikerketak irekitzea eskatzen du, ondorio argiekin eta erantzukizun politikoekin, baita polizia ereduaren, haren protokoloen eta prestakuntzaren berrikuspen sakona ere, “herritarren zerbitzura egon daitezen eta ez interes politiko edo ekonomikoen zerbitzura”.
PODEMOS Ahal Dugu