Eibarko San Juan jaietako sokamuturrak bertan behera uzteko exijitu dugu
Salatu du alkateak, alde bakarreko erabaki baten bidez, hamar urte baino gehiagoko etenaldiaren ondoren animalien aurkako tratu txarreko ikuskizunak berriz antolatzea -hiru ekitaldi programatuta- herritarrenganako iraina dela
Podemosek ostegun honetako ezohiko osoko bilkuran ekitaldi horien ordez aisialdiko edo musika-jarduerak antolatzea eskatuko du, eta Udalak etorkizunean animalien aurkako tratu txarrak dakartzaten ekitaldiak ez antolatzeko, ez finantzatzeko, ez diruz laguntzeko eta ez horietan laguntzeko konpromisoa har dezala
Alderdia bihar animalien babeserako gizarte-erakunde ugarik sokamuturren aurka deitutako elkarretaratzean izango da, eta herritarrak bertaratzera animatzen ditu
Podemos Euskadik Eibarko Udalak datozen San Juan jaietarako antolatutako hiru sokamuturrak bertan behera uzteko exijitzen du, animalien aurkako krudelkeriazko ekintzak direlako eta gizarteak gehiengoz eskatzen duen animalien sufrimendurik gabeko jai-eredu modernoaren aurka doazelako.
Hamar urte baino gehiagoz udalerrian zezen-ikuskizunik egin gabe egon ondoren ekitaldi horiek berriz antolatzea herritarrenganako iraina da. Horregatik, Podemos Euskadi bihar 19:00etan Unzaga plazan animalien babeserako eta gizarte-erakunde ugarik deitutako elkarretaratzean izango da, ekitaldi horiek bertan behera uztea eskatzeko, eta herritarrak bertan parte hartzera animatzen ditu.
Podemos Euskadik salatu du Jon Iraola alkate sozialistak ekainaren 21ean, 24an eta 25ean hiru sokamutur antolatzeko alde bakarrez hartu duen erabakiak atzerapauso larria dakarrela animalien ongizatearen arloan, eta urte luzez udalerrian animalien eskubideen alde egindako aurrerapen sozialarekin amaitzen duela. Eibarrek erakutsi du jai inklusiboak, parte-hartzaileak eta animalien aurkako tratu txarrik gabekoak posible direla.
Gainera, sokamuturren itzulera urtebete eskasera dator Udalak Pedrucho Eibarresa zezenzaleen elkarteari udal lokal bat doan laga zionetik, nahiz eta herriko zezen-plaza 2009an itxi zen. Erabaki hori zezen-jarduerak berriz martxan jartzeko estrategia antolatu baten barruan kokatzen da. Eibarko herritarrek argi eta garbi esan dute ez dituztela zezen-ikuskizunak nahi, baina udal gobernuak ahal duen guztia egiten du udalerria animalien sufrimenduarekin lotzeko.
Podemos Euskadik sokamuturren etenaldia kalean ez ezik erakundeetan ere eskatuko du, ostegun honetan egingo den ezohiko osoko bilkuran. Bilkura hori gure ekimenez eta EH Bilduren zein EAJren babesarekin eskatu da. Osoko bilkuran Elkarrekin Podemosek eta EH Bilduk aurkeztutako proposamena eztabaidatuko da, “Sokamuturra ez” plataformaren eskaerak jasotzen dituena, Eibar animalien aurkako tratu txarrik gabeko hiria izaten jarrai dezan. Plataformak dagoeneko sinadura ugari bildu ditu udalerrian ekitaldi horien aurka.
Zehazki, proposamenak lau puntu jasotzen ditu: antolatutako hiru sokamuturrak bertan behera uztea; horien ordez aisialdiko, musika arloko edo bestelako jarduerak antolatzea; etorkizunean animalien aurkako tratu txarrak dakartzaten ekitaldiak ez antolatzeko, ez finantzatzeko, ez diruz laguntzeko eta ez horietan laguntzeko konpromisoa hartzea; eta programazio-irizpideak horretarako sortutako Aholku Batzordean adostea, herritarren parte-hartzerako bideak ere irekiz.
Jaiek animalien sufrimendurik gabeko ereduetara eboluzionatzen jarraitu behar dute, eta hori euskal gizartearen gehiengoak partekatzen duen ikuspegia da. Horregatik, Podemos Euskadik Euskal Herriko udal guztiei eskatzen die animalien aurkako tratu txarra dakarten jai-praktikei amaiera eman diezaietela. Izan ere, oraindik ere badira Euskal Herriko hainbat udalerritan txahal-probak, sokamuturrak edo idi probak, zaldi probak o asto probak bezalako ekitaldiak, animalien aurkako krudelkeria direnak eta izaki bizidunekiko sentiberatasunean, etikan eta errespetuan aurrera egin duen gizarte baten balioen aurka doazenak.
Tortura ez da kultura, ez jaietan eta ez beste inolako testuingurutan. Kultura ezin da izan indarkeriaren aitzakia, eta tradizioa ezin da izan torturaren babesleku. Ez dugu onartuko atzerapausorik arlo honetan, eta horregatik Podemos Euskadik indarkeriarik gabeko jai-eredua aldarrikatzen du, non poza ez den besteen minaren gainean eraikitzen.
PODEMOS Ahal Dugu