Skip to main content

Elkarrekin Podemosek Mutrikuko hirigintza-pelotazo baten deuseztasuna eskatu du, etxebizitza libreen eraikuntza baino aurreikusten ez duelako

Gipuzkoako Batzar Nagusietako bozeramaile Miren Etxebestek alegazioak aurkeztu ditu Azkiagako birpartzelazio-proiektuaren aurka, lurzoruari eta etxebizitzari buruzko euskal legeria urratzen duelako: 42 etxebizitza inguru aurreikusten dira, eta bakar bat ere ez dago babes publikoko araubideren bati lotuta

Halaber, izapidetzean izandako administrazio-irregulartasunak ere salatu ditu, prozedura etetea eta egindako jarduketa guztiak deusezak deklaratzea eskatzeko
 
Elkarrekin Podemosek Mutrikuko Azkiaga eremuko birpartzelazio-prozedura etetea eta deuseza deklaratzea eskatu du, izapidetzean izandako administrazio-irregulartasunengatik eta lurzoruari zein etxebizitzari buruzko euskal legeria urratzeagatik; izan ere, proiektuak etxebizitza libreak soilik eraikitzea aurreikusten du.

Elkarrekin Podemosek Gipuzkoako Batzar Nagusietan duen bozeramaile Miren Etxebestek alegazioak aurkeztu ditu Mutrikuko Udalean, hirigintza-pelotazo hori geldiarazteko. Izan ere, aurreikusitako 42 etxebizitza inguru guzti-guztiak etxebizitza libreak dira. Babes publikoko araubideren bati lotutako etxebizitzak eraikitzeko lurzoru-erreserbarik ez egoteak zuzenean urratzen du Euskal Autonomia Erkidegoko Lurzoruari buruzko Legea, eta, horrenbestez, prozedura hori deuseza deklaratzea eskatu du.

Azkiaga B1 Egikaritze Unitateko birpartzelazio-proiektuak ez ditu aurreikusten babes publikoko etxebizitzetarako nahitaezko gutxieneko erreserbak, eta, ondorioz, lurzoruari eta etxebizitzari buruzko euskal legeria urratzen du. “Euskal Autonomia Erkidegoko Lurzoruari buruzko Legeak eta premiazko neurriei buruzko azken araudiek nahitaez bete beharreko gutxieneko portzentajeak ezartzen dituzte hirigintza-garapen berrietan babes publikoko etxebizitzetara bideratzeko. Birpartzelazioan sailkapen hori ez jasotzeak herritarrei etxebizitza duina eskuratzeko eskubidea bermatzeko lege-agindua urratzen du, baita administrazioak nahitaez bete beharreko hirigintza-estandarrak ere”, adierazi du Etxebestek aurkeztutako alegazio-idazkian.

Etxebestek gogorarazi duenez, plangintza Lurzoruaren Legea indarrean zegoela sortu zenez, nahitaez bete behar zituen legeak hirigintza-garapen edo erreforma berrietarako ezarritako babes ofizialeko etxebizitzen gutxieneko portzentajeak. Kasu honetan, ordea, hori ez da bete, eta ezin da aurreko araubide iragankorrean babestu. Udalak ez du inolako araubide iragankorren babesik babes ofizialeko etxebizitzen nahitaezko lege-erreserba saihesteko.

“Ezin dugu hirigintza-pelotazo gehiagorik onartu; are gehiago, Mutrikuko bihotz berdean kalte handia eragingo du. Herritarrek ez dute etxebizitza librerik behar; alokairuko etxebizitza publikoak behar dituzte”, salatu du Etxebestek. Bozeramailea Mutriku Natur Taldea plataformako ordezkariekin bildu da, eta EH Bilduko alkate Ainhize Azpiazuk bultzatutako hirigintza-pelotazo honen inguruan plataformak egindako salaketak bere egin ditu.


Lurzoruari eta etxebizitzari buruzko euskal legeria urratzeaz gain, Etxebestek proiektuaren izapidetzean izandako administrazio-irregulartasunak ere nabarmendu ditu, prozedura etetea beharrezkoa egiten dutelako. Zehazki, arkitekto funtzionario batek egindako sinadurarik eta txosten teknikorik ez dagoela adierazi du.

“Toki-araubideari buruzko legeriaren eta Auzitegi Gorenaren jurisprudentziaren arabera, botere publikoen erabilera dakarten eginkizunak —hala nola hirigintza-antolamendua— funtzionario publikoek bakarrik bete ditzakete, eta ezin dituzte ordezkatu lan-kontratudun langileek, kanpoko aholkulariek edo kontratatutako enpresa pribatuek. Nahitaezko kontrol funtzionario hori ez egoteak jatorrizko plangintza zuzenbide osoz deuseza izatea dakar, eta, ondorioz, hasiera batean onartutako birpartzelazioaren baliogabetasuna ere eragiten du”, adierazi du.

Bestalde, gaitutako estatuko funtzionarioen legezko gaitasunik eza ere salatu du; zehazki, Idazkaritza Nagusirik ez egotea, baita Kontu-hartzailetza eta Diruzaintzarik ere.

"Hirigintza-eremu berri honen antolamendua funtsezko akatsekin izapidetu da, Udalaren beraren osaeran eta aholkularitzan. Alde batetik, legeak eskatzen duen kategoriako Idazkaritza Nagusirik ez dago. Udalak ez zuen udal-idazkari egokirik, udalaren sailkapenari dagokion titulazio eta kategoriakoa, eta horrek hartutako erabakien fede publikoa ukitzen du. Bestetik, ez dago Kontu-hartzailetzarik eta Diruzaintzarik. Estatuko gaitutako funtzionarioek egin beharreko fiskalizazio ekonomikoa eta urbanizazio berriak eragindako finantza-konpromisoen kontrola ez egiteak prozedura bere oinarritik bertatik akastun bihurtzen du", azaldu du Etxebestek alegazio-idazkian. Horiek guztiak konponezinak diren akatsen artean kokatu ditu, birpartzelazio-prozedura etetea eta egindako jarduketa guztiak deusezak deklaratzea eskatzeko.

Azkenik, Etxebestek adierazi du aipatutako hirigintza-prozedurak ez duela inolako etikaren oinarririk, etxebizitza-larrialdi betean eta Euskadiko etxebizitzen prezioak inoizko mailarik altuenetan dauden honetan. Bere esanetan, etxebizitza libreak eta jauregi batean kokatutako luxuzko hotel bat baino ez dira aurreikusten; gainera, izapidetzean Udalak nahitaezko udal-zuzkiduraren %15 saltzea erabaki du, eta, aldi berean, herrigunearen bihotzean dagoen klima-babesleku bat suntsitzea ekarriko du.

 PODEMOS Ahal Dugu

Recibe nuestros newsletters

Invalid Input
Invalid Input