Skip to main content

Podemos Euskadik boluntarioen kanpaina abiatu du udal eta foru hauteskundeei begira

Gaur hasi du izena emanda dauden pertsonentzat eta militanteentzat, baita herritar guztiei zabalik ere, lankidetza-taldean parte hartzeko kanpaina

“Bat egin ezker ausart eta eraldatzailearen proiektuarekin; kaletik eta auzoetatik eraikitako proiektuarekin, Euskadin gauzak behetik aldatzeko gogoa duen jendeak egindako proiektuarekin”, adierazi du Richar Vaquerok kanpainari hasiera emateko sare sozialetan zabaldutako bideo batean

Podemos Euskadik boluntarioak mobilizatzeko kanpaina abiatu du 2027ko maiatzeko udal eta foru hauteskundeei begira. Alderdi moreak gaur jarri du martxan izena emanda dauden pertsonak, militanteak eta parte hartu nahi duen herritar oro Podemos Euskadiren boluntario-taldearekin bat egitera gonbidatzen dituen ekimena, datozen hauteskundeei begira egingo diren hainbat lanetan laguntzeko.

“Bat egin ezker ausart eta eraldatzailearen proiektuarekin; kaletik eta auzoetatik eraikitako proiektuarekin; zu bezalako eta ni bezalako jendeak, Euskadin gauzak behetik aldatzeko gogoz, eraikitako proiektuarekin”, adierazi du Podemos Euskadiko koordinatzaile nagusi Richar Vaquerok alderdiak ostegun honetatik aurrera sare sozialetan zabaldu duen bideoan. Bideo horrek herritar guztiei irekitako boluntarioak erakartzeko kanpainari hasiera ematen dio.

Podemos Euskadik boluntario gisa izena emateko webgune bat prestatu du (unete.podemos.eus). Bertan, interesa duten pertsonek parte hartzeko modua ere aukeratu ahal izango dute: jarraitzaileekin eta herritarrekin harreman zuzena izatea, kanpainako materiala banatzea, ekintza digitalean laguntzea edo ekitaldiak eta jarduerak antolatzen parte hartzea.

“Elkarrizketa bakoitzak, kartel bakoitzak, dei bakoitzak eta argitalpen bakoitzak badu bere garrantzia. Milaka pertsonaren konpromisoari esker lortu dira aurrerapen sozialak. Orain berriro ere hori egitea dagokigu. Bat egin Podemos Euskadiren boluntario-taldearekin eta parte hartu zure egoerara ondoen egokitzen den moduan. Berdin dio astean ordu batzuk eskain ditzakezun edo noizean behin lagundu besterik ez baduzu: laguntza oro da baliotsua”, irakur daiteke webgunean.

“Bat egin taldearekin” kanpainak isla izango du Podemos Euskadiren sare sozialetan ere. “Euskadik ezker ausarta behar du”, adierazi du Vaquerok kanpainaren hasierako bideoan. Bere esanetan, Euskadi “botere ekonomikoaren mesedetan dagoen eredu zaharkitu eta pribatizatzaile batean harrapatuta dago; herritarrek dituzten arazo nagusiei irtenbiderik ematen ez dien ereduan, milaka familiari zuzenean eragiten dien ereduan”.

Vaqueroren hitzetan, herritarrek ondo ezagutzen dituzte erantzunik gabe jarraitzen duten arazo horiek: “Lehenik, etxebizitza. Etxebizitza duina izatea ezin da gutxi batzuen pribilegioa izan. Hori gertatzen da espekulatzaileen mesedetan gobernatzen denean. Bigarrenik, osasun publikoa. Ikusten eta pairatzen ari gara: zoritxarrez, Osakidetzaren egoerak okerrera egiten jarraitzen du. Horren atzean gure osasun sistemaren ezkutuko pribatizazioa dago, eskuineko gobernuen ezaugarrietako bat. Hirugarrenik, lan-prekarietatea. Historiako belaunaldirik prestatuena dugu, baina ziurgabetasunera eta prekarietatera kondenatua; bizi-kostuari erantzuten ez dioten soldatekin”.

“Eskuinak arazo horiek betikotzen ditu. Hori da patronalen menpe dauden eta langile-klasearen zerbitzura ez dauden gobernuengandik espero daitekeena”, adierazi du Vaquerok. Eta honako dei honekin amaitu du: “Osasun publikoaren eta zerbitzu publikoen alde. Lan-eskubideen alde. Etxebizitza duina eskuratzeko eskubidearen alde. Bat egin”.

 PODEMOS Ahal Dugu

Recibe nuestros newsletters

Invalid Input
Invalid Input