Bizkaiko Foru Aldundiak hiru hilabeteko epean etxebizitza-jabe handiak identifikatu beharko ditu lurraldean, Elkarrekin Podemosen eta EAJ-PNVren eta PSEren arteko akordioaren ondoren
Osoko bilkurak hiru indar politikoek adostutako proposamena onartu du. Proposamen horren bidez, Foru Gobernuari eskatzen zaio Bizkaian etxebizitza-jabe handien kopurua, haien titulartasuneko etxebizitzen kopurua eta horien lurralde-banaketaren identifikaziorako beharrezko irizpideak gara ditzala, etxebizitzaren arloko politika publikoen aplikazio egokia bermatzeko
Eneritz de Madariaga: “Akordio hau positiboa da herritarrentzat: etxebizitza-jabe handien identifikazioa argitzen den neurrian, etxebizitza duin bat prezio eskuragarrian eskuratzeko aukera hobetzeko beste politika publiko batzuk garatzeko aukera emango digu”.
Bizkaiko Foru Aldundiak gehienez ere hiru hilabeteko epean identifikatu beharko ditu etxebizitza-jabe handiak, haien titulartasuneko etxebizitzen kopurua eta etxebizitza horien lurralde-banaketa. Hori da gaur Batzar Nagusietan hartutako konpromisoa, Elkarrekin Podemosen eta Foru Gobernua sostengatzen duten alderdien (EAJ-PNV eta PSE) artean sinatutako akordioaren ondorioz.
Osoko bilkurak gaur onartu du etxebizitza-jabe handiak identifikatzeko Elkarrekin Podemosek hasieran aurkeztutako ekimen batetik abiatuta hiru indar politikoek adostutako transakzio-proposamena. Onartutako proposamenak Bizkaiko Foru Aldundiari eskatzen dio hiru hilabeteko epean etxebizitza-jabe handiak identifikatzeko beharrezko irizpideak garatu ditzala, etxebizitzaren arloko politika publikoak behar bezala aplikatuko direla bermatzeko.
Era berean, prozesua amaitutakoan, Foru Aldundiari eskatzen zaio Batzar Nagusiei honako informazioa helaraz diezaiola: Bizkaian etxebizitza-jabe handiak identifikatzeko erabilitako irizpideak, identifikatutako etxebizitza-jabe handien kopurua, haien titulartasuneko etxebizitzen kopurua eta horien lurralde-banaketa, betiere informazioaren izaera anonimizatua bermatuz.
Elkarrekin Podemoseko bozeramaile Eneritz de Madariagak pozik hartu du lortutako akordioa, Bizkaiko herritar guztientzat oso positiboa dela iritzita; izan ere, informazio hori eskuragarri izateak “politika publiko hobeak diseinatzeko, lehendik dauden neurriak modu egokian aplikatzeko eta Bizkaiko etxebizitza-merkatua benetan nola ari den funtzionatzen hobeto ulertzeko aukera emango digu”. “Etxebizitza-jabe handien identifikazioa argitzen den neurrian, etxebizitza duin bat prezio eskuragarrian eskuratzeko aukera hobetzeko beste politika publiko batzuk garatu ahal izango ditugu. Ez dezagun ahaztu gaur egun herritarrek duten arazo nagusietako bat dela hau”, adierazi du.
De Madariagaren esanetan, Elkarrekin Podemos ziur dago etxebizitzaren merkatuaren tentsioa gehien areagotzen duten faktoreetako bat espekulazioa dela; alegia, etxebizitza bizi-proiektu bat eraikitzeko oinarrizko eskubide gisa ulertu beharrean, inbertsio- eta espekulazio-aktibo bihurtu izana. Horregatik, erakunde publikoek “ezin dute modu berean tratatu bizitzeko etxebizitza bat behar duen pertsona eta etxebizitzak inbertsio edo negozio gisa pilatzen dituena”.
Etxebizitza gutxi batzuen esku kontzentratzeak ondorioak ditu merkatuan: prezioetan eta gehiengo sozialarentzat etxebizitza eskuratzeko benetako aukeretan eragiten du. Ildo horretan, De Madariagak azpimarratu du Etxebizitzaren Legeak etxebizitza-jabe handien figura aitortzen duela eta, horren ondorioz, “politika publikoek ere bereizten hasi direla bizitzeko etxebizitza bat duenaren eta etxebizitza inbertsio-aktibo edo negozio gisa metatzen duenaren artean”.
Eta bereizketa hori -adierazi du- gaur egun hainbat eremutan dago jada indarrean. Lehenik eta behin, tentsio handiko eremuetako alokairuen araudian, non etxebizitza-jabe handiek erreferentzia-indizeei dagokienez betebehar bereziak dituzten. Bigarrenik, bereizketa hori Bizkaiko zerga-araudian ere jasota dago; izan ere, 2025eko zerga-erreforman etxebizitza kopuruaren araberako bereizketa-irizpideak txertatu ziren, bost etxebizitza baino gehiago dituztenek Ondare Eskualdaketen gaineko Zergan tasa murriztua aplikatzeko aukera izan ez dezaten. Horregatik, etxebizitza-jabe handi horiek behar bezala identifikatzeko beste urrats bat egitea oso garrantzitsua da.
Bere hitzaldian, De Madariagak gogorarazi du duela aste gutxi batzuk, Elkarrekin Podemosen ekimenez, Foru Aldundiak adierazi zuela etxebizitza-jabe handiei buruzko informazioa ezin zela eskuratu zailtasun teknikoengatik edo araudi-definizio faltagatik. Horregatik, pozik agertu da lortutako akordioarekin, egoera hori zuzentzen hasteko urrats bat ematen delako. Izan ere, amaitzeko nabarmendu duenez, “ziur gaude informazio hori eskuragarri izateak eragin positiboa izango duela ondoren etxebizitza prezio eskuragarrian eskuratzeko aukera hobetuko duten politika publikoen diseinuan”.
PODEMOS Ahal Dugu