Batzar Nagusiek planteatzen dute Israelekin harremanak haustea eta euskal enpresek Palestinan nazioarteko zuzenbidea urratzen dutenekin dituzten kontratu harremanak ebaluatzea
Giza Eskubideen eta Kultura Demokratikoaren Batzordeak, Elkarrekin Podemosen eskariz, ebazpen bat onartu du. Ebazpen horrek, gainera, gaitzetsi egiten ditu Zisjordaniako palestinarren atxiloketa-sistema eta gizateriaren aurkako balizko krimenak izateagatik heriotza-zigorra aurreikusten duten arau-esparruak aplikatzea
Giza Eskubideen eta Kultura Demokratikoaren Batzordeak aho batez onartu du gaur goizean Israelek atxilotutako palestinarren egoerari eta Giza Eskubideen urraketa sistematikoen aurrean neurri irmoak hartzeko beharrari buruzko ebazpen-proposamena, Elkarrekin Gipuzkoako batzarkide Mariví Eizaguirrek aurkeztua.
Bertan, EAJrekin eta PSErekin negoziatu diren bost puntu jasotzen dira, haien aldeko botoa lortu arte. Bestalde, PPko eta EH Bilduko ordezkariek ez zuten zuzenketarik aurkeztu, eta erdibidetutakoa ere babestu dute.
Akordio horri esker, Gipuzkoako Batzar Nagusiek honako hauek eskatu dizkiete Gipuzkoako Foru Aldundiari eta Eusko Jaurlaritzari:
1. Zisjordaniako palestinarren atxiloketa-sistema eta heriotza-zigorra jasotzen duten arau-esparruak ezartzea gaitzestea, gizateriaren aurkako krimenak izan daitezkeelako eta Nazioarteko Zuzenbide Humanitarioa eta Genevako IV. Hitzarmena urratzen dituztelako.
2. Autonomia, Estatu eta Europako erakundeei eskatzea Israelgo Estatuarekiko harreman politiko, komertzial, ekonomiko, kultural, kirol eta akademikoen haustura berrikus dezatela eta, beharrezkoa bada, susta dezatela, Palestinako herriaren giza eskubideen urraketa larriek irauten duten bitartean, Europar Batasunaren eta Israelen arteko Elkartze Akordioaren berrikuspena barne, 2. artikulua betetzeari dagokionez.
3. Euskal instituzio eta enpresek Palestinako lurraldeetan nazioarteko zuzenbidea urratzen zuzenean edo zeharka lagun dezaketen eta nazioarteko harremanak giza eskubideak eta Nazioarteko Zuzenbidea errespetatuz garatzen dituzten enpresa eta erakundeekin dituzten kontratu-harremanak edo lankidetza-harremanak ebaluatzea, eta printzipio horien aurkako egoeretan zuzenean edo zeharka lagun dezaketen harremanak berrikustea, edozein motatakoak izanik ere.
4. Euskal gizarteko eragileei, instituzioei, enpresei, unibertsitateei, kultura- eta kirol-erakundeei eskatzea nazioarteko zuzenbide humanitarioa erabat errespetatzeko irizpideekin joka dezatela eta nazioarteko zuzenbide humanitarioa urratzen duten edo laguntzen duten erakunde israeldarrekiko lotura guztiak eten ditzatela.
5. Euskal erakundeek Nazioarteko Zuzenbidearekin, giza eskubideekin eta okupazioaren mende dauden edo haien eskubideak sistematikoki urratzen dituzten herrien defentsarekin duten konpromisoa berrestea.
Elkarrekin Gipuzkoan, Eizaguirre, ekimen honen sustatzailea, pozik agertu da emandako pausoarekin, nahiz eta aitortu duen “haratago” joatea gustatuko litzaiokeela. “Gai hau Ganbera honetara ekarri nahi izan genuen, Israelgo Estatuaren jardunak erantzun irmoa eskatzen duelako munduko bazter guztietatik, eta Euskadik ezin duelako besoak gurutzatuta egon. Horregatik, Mundubat eta Addameer Prisioner Support and Human Rights Association giza eskubideen defendatzaileen erakundeen salaketen ondorioz, zuzenean
ikusten ari garen genozidio izugarriaren erantzule zuzenekin dugun harreman instituzional, sozial eta enpresarialaren berrikuspen hau bultzatu dugu”.
“Gure planteamendua anbiziotsuagoa zen, eta apaltasunez uste dugu egokiagoa zela. Harreman politikoak, komertzialak, ekonomikoak, kulturalak, kirolekoak eta akademikoak argi eta garbi haustea eskatzen genuen, isolamendu politiko eta ekonomikorako estrategia askoz ere zabalagoa izateaz gain, baina hobe zen posizionamendu bat aurrera ateratzea maximalismoan geratzea eta ezer ez egitea baino, eta oinarri nahikoak aurkitu ditugu tresna bat argitzeko, Euskadik maila guztietan Israelgo Estatuaren jardunak merezi duen
erantzuna emango duelakoan”, azpimarratu du Eizagirrek.
PODEMOS Ahal Dugu