Skip to main content

“Bizkaiak neurri ausartak behar ditu krisi ekologiko eta sozialari aurre egiteko”

Elkarrekin Podemosek aurrekontuen negoziazioak zabalik ditu Bizkaian, gizarteak aurre egin behar dien erronkei erantzuteko aurrerapausoak lortzeko

Elkarrekin Podemosek eta Bizkaiko Foru Gobernuak aurrekontuen negoziazioak zabalik dituzte. Alderdi aurrerakoiak uste du aldaketa sakonak egin behar direla herritarren beharrei aurre egin ahal izateko. Horregatik, bai Bizkaian, bai gainerako lurralde historikoetan, hainbat proposamen aurkeztu dizkiete foru-aldundiei, gizarte gisa ditugun erronkei erantzuteko.

Aurrekontuen negoziazioari begira, Elkarrekin Podemosek dokumentu bat aurkeztu du, honako arlo hauetan neurriak jasotzen dituena: etxebizitza, politika fiskala, zerbitzu publikoak kudeatzeko eredua, azpiegiturak, zaintzak, haurren eta nerabeen babesa eta arreta, gizarteratzea, ingurumena eta trantsizio energetikoa, enpleguaren kalitatea eta garapen ekonomikoa eta mugikortasun jasangarria.

Bestalde, Bizkaian, Eneritz De Madariagak eta Richar Vaquerok osatzen duten batzarkide-taldeak uste du “munduak gaur egun bizi duen krisi ekonomiko eta sozial sakonari aurre egiteko”, beharrezkoa dela Bizkaiak ere “neurri ausartak eta sakonak abiaraztea, gizarte gisa ditugun eraldaketa garrantzitsuei irmo heltzeko”. Eneritz De Madariaga batzarkide taldeko bozeramaileak adierazi du neurri horiek ez direla jasotzen Foru Gobernuak aurkeztutako aurrekontuetan. Horregatik, bere taldeak 200 zuzenketa baino gehiago aurkeztu dizkio aurrekontuari, funtsezkotzat jotzen dituen gaiak zuzentzeko, hala nola zerbitzu publikoen kudeaketa-eredua edo azpiegitura elektrikoen garapena. Halaber, krisi klimatikoaren eta trantsizio energetikoaren arloko jarduerak garatzea, garraio publikoko sareko inbertsioak indartzea eta haurrak eta nerabeak zaintzeko eta babesteko sistemaren premia larrienei erantzutea proposatzen du.

Negoziazio-proposamenak

Oraindik irekita dagoen negoziazioan, Elkarrekin Podemosek Gobernu taldeari eskatu dio, zuzenketen eztabaida hasi aurretik, eremu tentsionatuetako alokairuaren erreferentziazko prezioen indizea zehazteko behar diren datuak emateko.

Era berean, Urdaibaiko biosfera erreserban Guggenheim museoaren proiektua bertan behera uzteko eskatu dio Aldundiari. “Horrek ez du esan nahi”, De Madariagak adierazi duenez, “bertan behera utzi behar dituenik ingurumena lehengoratzeko eta hobetzeko beharrezkoak diren beste jarduera batzuk”.

Batzarkide-taldeak premiazkotzat jotzen du, halaber, haurren eta nerabeen egoitza-arretako zerbitzuen egungo gainokupazioari heltzea, beharrezko baliabide materialak eta giza baliabideak abian jarriz.

Bestalde, BFAren eskumeneko eremu antropizatu eta degradatuetan energia berriztagarrien instalazioak lehentasunez hedatzeko plan bat proposatu du, baita abandonatutako industrialdeen eta energia berriztagarriak garatzeko lurzoru kutsatuak dituzten eremuen egoeraren azterketa bat egitea ere.

Fiskalitateari begira, sozietateen gaineko zergaren 59. artikuluan jasotako salbuespenak ezabatzea planteatu du. Izan ere, artikulu horrek aukera ematen du zerga-figura horretan enpresa-mota bakoitzerako arauan ezarritako gutxienekoaren azpitik tributatzeko, energetikoen gaineko aparteko zerga berreskuratzeko eta ondare-zergan ezkutu fiskala ezabatzeko.

Mugikortasunari dagokionez, Elkarekin Podemosek beharrezkotzat jotzen du garraio publikoaren maiztasuna hobetzea eta ordutegiak zabaltzea zenbait ibilbidetan 2025erako, Durangaldean, Meatzaldean, Enkarterrin eta Lea Artibain.

 PODEMOS Ahal Dugu

03 Abendua 2024

Articulos relacionados

Recibe nuestros newsletters

Invalid Input
Invalid Input