Podemos Euskadik Lurralde Plan Sektoriala lehenbailehen onartzea eskatu du, energia berriztagarriak sustatzeko lurraldea suntsitu gabe
Salatu duenez, LPSaren sei urteko atzerapen bidegabea ez da arrazoi teknikoengatik, baizik eta interes politikoengatik: Eusko Jaurlaritzak ahalik eta energia berriztagarrien proiektu gehien bideratzeko atea ireki nahi du, arauketa minimoarekin, irabazi pribatuak ahalbidetzeko
Podemos Euskadik Eusko Jaurlaritzari eskatu dio energia berriztagarrien Lurralde Plan Sektoriala (LPS) lehenbailehen onar dezala, energia mota horien ezarpena modu ordenatuan eta ondo planifikatuan bideratzeko. Helburua da lurraldea suntsitu dezaketen eta soilik irabazi pribatuak bilatzen dituzten proiektuak saihestea, eta aldi berean erregai fosilen kontsumoa murrizteko ezinbestekoak diren teknologiak garatzea erraztea.
Podemos Euskadik salatu du planak pilatzen duen beste atzerapen ulertezina; izan ere, Gasteizko gobernuaren azken aurreikuspenen arabera, plana ez da urte honen amaierara arte prest egongo. Alderdiaren arabera, ez dago justifikaziorik LPSak sei urteko atzerapena izateko, are gehiago kontuan hartuta Euskadik premiaz behar duela energia berriztagarrien hedapena ahalbidetuko duen arau-esparru bat.
Podemos Euskadik kritikatu duenez, gaur egun Euskadin gertatzen ari dena energia berriztagarrien hedapen ordenatuaren kontrakoa da. Ekimen pribatuak bultzatutako proiektu ugari aurkezten ari dira, eta horiek gizartearen errefus handia eragiten ari dira ingurune naturalean, ondarean eta paisaian, biodibertsitatean, korridore ekologikoetan edo balio handiko nekazaritza-lurretan izan ditzaketen eraginengatik. Horregatik, LPSa onartu arte proiektu eoliko horiek guztiak gelditzea eskatzen du.
Podemos Euskadiren ustez, atzerapen hori ez da arrazoi teknikoengatik, baizik eta interes politikoengatik. Alderdiaren arabera, Eusko Jaurlaritzak bilatzen duena da Euskadi energia berriztagarrien proiektu ahalik eta gehienetarako irekitzea, arauketa minimoarekin, irabazi pribatuak ahalbidetzeko. Jaurlaritzak eskala handiko makroproiektu berriztagarrien ugaritzean oinarritutako eredua bultzatzen du, ingurune naturalean izan dezaketen eragina gorabehera. Horren ondorioz, 2023an aurkeztutako hasierako LPSari egindako 4.000 alegazio baino gehienen gehiengo zabala baztertu du, tartean Podemosek aurkeztutako guztiak.
Podemos Euskadik eskatzen du lurraldea babestuko duen LPS bat lehenbailehen onartzea, eta, aldi berean, eragin txikiagoko proiektuak sustatzea urbanizatutako lurretan, industrialdeetan, etxebizitzen estalkietan, poligonoetan edo urtegi-guneetan, eta landa-eremuetako proiektuak ahalik eta gehien mugatzea. Euskadik LPS bat izan behar du non bazterketa-eremuak zehaztuko diren, non makroproiektu eoliko eta fotovoltaikoak debekatuko diren ingurumen-, paisaia- edo nekazaritza-eraginengatik; eta, aldi berean, proiektu horietarako lehentasunezko eremu egokiak zehaztuko diren, udalerriekin adostuta.
Ildo horretan, Podemos Euskadik LPS Honi Ez! dinamikarekin erabateko lerrokatzea adierazi du. Ekimen hori abenduan sortu zen 40 kolektibo sozial eta naturalista baino gehiagoren parte-hartzearekin, Eusko Jaurlaritzaren LPS proposamenari aurka egiteko, mendien eta landa-eremuen suntsiketa masiboa ahalbidetzen duelakoan. Salatu dutenez, prozesu honek izaera antidemokratikoa du, ez baititu kontuan hartu gizarte-mugimenduen iritziak, txosten zientifikoak edo aurkeztutako 4.000 alegazio baino gehiago.
PODEMOS Ahal Dugu