Skip to main content

Podemos Euskadik bat egin du Subflubiala gelditzea eskatzeko kanpaldiarekin

Antolakuntza idazkari Leticia Jiménezek, Ekintza Politikoko arduradun Luis Miguel Lapeñak eta alderdiko beste hainbat kargudunek Artaza parkera jo dute kaltetuei babesa adierazteko eta proiektu erraldoi honek inguru osoan izango dituen ondorio larriak bertatik bertara ezagutzeko

“Osasun publikoa, ingurumena, hezkuntza eta mugikortasun jasangarrian nahiz garraio publikoan inbertitzeko aukera sakrifikatzen ari dira. Diru publikoa xahutzen ari dira enpresa handiek proiektu honekin etekin izugarriak lor ditzaten, herritarren benetako beharrei lehentasuna eman beharrean”, salatu du alderdiak.

Podemos Euskadik parte hartu du gaur Subflubiala Ez! plataformak asteburu honetan Artaza parkean antolatutako kanpaldian, itsasadar azpiko tunelaren proiektua bertan behera uztea eskatzeko. Alderdia bertaratu da herri plataformei, erakunde ekologistei eta proiektuak kaltetutako auzotarrei babesa adieraztera. Jai giroa eta aldarrikapena uztartzen dituen protesta honen helburua da ohartaraztea itsasadar azpiko tunelak Artaza parkean, inguruko ikastetxeetan eta Bilbo Metropolitarreko mugikortasun ereduan izango dituen ondorio larriez.

Podemos Euskadiko Antolakuntza idazkari Leticia Jiménez, Ekintza Politikoko arduraduna eta Leioako zinegotzia den Luis Miguel Lapeña, zuzendaritzako kide Alfonso Arroyo eta inguruko beste hainbat zinegotzi plataforma sozial eta auzokideekin bildu dira. Haiek bertatik bertara erakutsi dizkiete proiektuak inguruan izango dituen kalteak: Artaza parkean zulo erraldoi bat egingo da, eta ondoko ikastetxeek ere ondorio zuzenak pairatuko dituzte. Alderdiko militanteek ere bat egin dute kanpaldiarekin; gaur eta bihar jarduera ludiko, kultural eta informatibo ugari izango dira bertan.

“Itsasadar azpiko tunela ez da tunel huts bat; mugikortasun eredu zaharkitu baten aldeko apustua da, zementuaren, automobil pribatuaren eta gutxi batzuen etekinen aldekoa, herri hauetako jendearen benetako beharren gainetik. Gainera, ingurumen-inpaktu handia eragingo du, Artaza parkearen zati handi bat suntsituko baita. Parke hori dentsitate handiko auzo hauetako bizilagunentzat geratzen den aisialdirako eta berdegune bakanetako bat da”, salatu du Lapeñak. Auzoko bizilaguna denez, lehen eskutik ezagutzen ditu Getxo eta Portugalete itsasadarraren azpitik lotu nahi dituen tunelaren proiektuak ekarriko dituen ondorio larriak.

“Inpaktua izugarria izango da auzoetan, bai obrek irauten duten bitartean, bai ondoren ere. Bizilagunen osasunean eragin larriak izango ditu: kutsadura, CO2 isuriak eta esekiduran dauden partikula ugari sortuko ditu. Partikula horiek minbizia eragin dezakete, eta, gainera, hazkunde betean dauden haurren garapenean kalte atzeraezinak eragin ditzakete. Era berean, inguruko ikastetxeak ere egoera larrian daude, ez baitakite datorren ikasturtean eskolak normaltasunez hasi ahal izango dituzten ere”, azpimarratu du.

Mila milioi euro inguruko kostua izan dezakeen obra baten aurrean gaude, aurreikuspenen arabera ibilbidean hamar minutu eskas aurrezteko. Gainera, Lapeñak nabarmendu duenez, ez ditu trafiko arazoak konponduko; izan ere, proiektuaren beraren txostenek aitortzen dute ez duela trafikoa gutxitzea bermatzen eta, aitzitik, autoz egiten diren joan-etorriak areagotu ditzakeela.

Itsasadar azpiko tunelaren proiektuak, gainera, ez du mugikortasun jasangarriaren alde egiten. Hasierako proiektuan aurreikusita zegoen Metroaren lanzadera ere desagertu egin da; hortaz, automobil pribatuaren erabilera sustatzera baino ez dago bideratuta, gaur egungo mugikortasun politikek garraio publiko jasangarria indartzea lehenesten duten arren.

“Galdu egin da beste mugikortasun eredu batean eta ingurumena zaintzeko politiketan inbertitzeko aukera paregabea”, adierazi du Lapeñak. Era berean, salatu du ez dela benetako parte-hartze prozesurik egin plataforma sozialekin eta kaltetutako auzotarrekin, ezta aurreikusitako kalte larriak saihestuko lituzketen alternatibak bilatzeko elkarrizketarik ere. Horren harira, gogorarazi du Bizkaiko Foru Aldundiari eztabaida publiko batean parte hartzeko egindako eskaerak behin eta berriz baztertu direla.

Azken batean, Lapeñaren hitzetan, “osasun publikoa, ingurumena, hezkuntza eta mugikortasun jasangarrian nahiz garraio publikoan inbertitzeko aukera sakrifikatzen ari dira. Diru publikoa xahutzen ari dira elite ekonomikoen interesen mesedetan, enpresa handiek proiektu honekin etekin izugarriak lor ditzaten, herritarren benetako beharrei lehentasuna eman beharrean. Inguru honek dituen premiazko beharrei erantzun ordez, zalantza ugari sortzen dituen eta ingurunean, ikasleengan, irakasleengan nahiz auzotarrengan eragin ikaragarria izango duen proiektu baten alde egin dute”.

 PODEMOS Ahal Dugu

Recibe nuestros newsletters

Invalid Input
Invalid Input