Skip to main content


“Energia-trantsizio hau herritarren onura eta interesetan pentsatuz egin dezagun, eta ez sektore energetikoaren interesetan”



Podemosek mozio bat aurkeztu du Bizkaiko Batzar Nagusietan, bidezkoa, publikoa eta jasangarria izango den energia-trantsizioa bultzatzeko


EAJ, PSE eta PPk ekimena baztertu dute, eta berriztagarrien proiektuak planifikaziorik gabe aurrera jarraitzea ahalbidetu dute LAPa onartu aurretik


Podemoseko bozeramaileak Bizkaiko Batzar Nagusietan, Eneritz De Madariagak, berriz ere aldarrikatu du bidezkoa, publikoa eta jasangarria izango den energia-trantsizioa bultzatzeko beharra. Gaur Gernikan ospatutako osoko bilkuran egin du, eta bertan aurkeztu duen mozioak proposamenak jasotzen zituen, “administrazio publikoaren interesak eta helburuak gizarte-eremutik eta gure alderdiarekin batera eskatzen ari diren interes eta helburuekin bat etortzeko abiapuntu bat ezartzeko helburuz”.

“Energia-trantsizio hau herritarren onura eta interesetan pentsatuz egin dezagun, eta ez sektore energetikoaren interesetan, zeinak norabidea markatzen ari baitzaigu”, adierazi du. Ildo horretan, hiru helburu nabarmendu ditu: energiaren demokratizazioa, ingurumenaren babesa eta herritarren parte-hartzea. “Helburu horiek bidezko, publiko eta jasangarrian oinarritutako energia-trantsizio bat sustatu nahi dute; gure helburuak ez ezik, Euskal Energia Trantsizioaren Legeak berak jasotzen dituen helburuak ere badira: energiaren demokratizazioa, parte-hartzea eta biodibertsitatearen babesa”, azaldu du De Madariagak. “Hala ere, eguneroko jardunari erreparatuta, badirudi ez direla eragile guztiak helburu horiek defendatzen ari irmotasun berarekin. Erabateko kontraesana dago esaten denaren eta egiten ari denaren artean”, gehitu du. Egoera hori irauli nahian, Podemosek klima-aldaketaren aurkako borrokarekin koherenteak diren ekintzak proposatu ditu.

Lehenik eta behin, eskatu dio Bizkaiko Foru Aldundiari “Eusko Jaurlaritzaren baimenak administrazio- eta bide judizialetik inpugnatzeko, kasu horietan Foru Aldundiak irizpen negatiboak eman baditu, kalte kritiko edo oso kritikoak eragiten dituztelako ekosistemetan, espezieetan, eta abar. Horrelakoetan, proiektua aldi baterako etetea eskatu beharko litzateke, neurri kautelar gisa”.

Adibide gisa Larragorriko proiektua aipatu du, zeinak Orozkon (Bizkaia) makro-parke eoliko bat eraikitzea aurreikusten duen. Proiektu honek Eusko Jaurlaritzaren administrazio-baimena jaso du, nahiz eta Bizkaiko Foru Aldundiaren teknikariek txosten negatiboak egin dituzten. “Eskatzen dieguna da beren irizpidea, eskumenak eta Bizkaiko natura-ondarea defendatzea”, nabarmendu du bozeramaileak.

Bigarrenik, eskatu du energia berriztagarrien proiektuen aurretiazko baimen administratiboak eta ingurumen-inpaktuaren azterketak geldiaraztea, Energiaren Berriztagarrien Lurralde Plan Sektoriala (LPS) onartu arte, planifikazio ordenatua eta lasaitasunez garatzeko oinarriak ezarri ahal izateko.

“Teorian, Energiaren Berriztagarrien LPSa lurraldearen antolamendurako oinarrizko tresna da. Gaur egun ez dago onartuta, eta hala ere hainbat proiektu tramitatzen ari dira. Garapen desordenatu horrek askotan babes bereziko guneetan eragiten du”, adierazi du De Madariagak. Horregatik, azpimarratu du ezin dela “pausorik eman tresna hori behar bezala eta gizartearen adostasunarekin onartu arte”.

Testuinguru horretan, mozioak Eusko Jaurlaritzari eskatzen dio Energia Berriztagarrien LPSa behin betiko onartu dezala, eta Bizkaiko Foru Aldundiak aurkeztutako alegazio, txosten eta proposamenak modu loteslean sar daitezela, batez ere biodibertsitatearen kontserbazioa, ekosistemen osotasuna eta foru-eskumenak (lurralde-antolaketa, ingurumen-kudeaketa eta natura-ondarearen babesa) bermatzera bideratutakoak.

“Energia Berriztagarrien LPS bat izatea funtsezkoa da, gaur egungo kaosa eta espekulazioa saihesteko. Premiazkoa da landa eta natura ondarea babesteko. Nahitaezkoa da LPSak indarrean dagoen legedia errespetatzea eta jasotzea”, eskatu du De Madariagak.
Hala ere, bidezko, publikoa eta jasangarria izango den energia-trantsizioa bultzatzeko neurri horiek ez dira gauzatuko, mozioa atzera bota baitute EAJ, PSE eta PP alderdien kontrako botoek, eta EH Bilduk abstentziora jo du.

 PODEMOS Ahal Dugu

Recibe nuestros newsletters

Invalid Input
Invalid Input