Skip to main content

Richar Vaquero Podemos Euskadiko koordinatzaile nagusiaren adierazpena, PSOEren azken ustelkeria kasuen aurrean

Gürtel. Barcenas. Kitchen. EREen kasua. Koldo. Ábalos, Cerdan... Eta hemen, Euskadin, ‘De Miguel kasua ', EAJren ustelkeria eskandalurik handiena. 26 pertsona auzipetuak, kargu publikoak, pantaila-enpresak, legez kanpoko komisioak. Gogoratzen duzue? Eta Alonsotegiko kasua? Eta Bidegi kasua 14 milioiko gainkostuekin? Eta Epsilon kasua, euskal herritarroi 50 milioi kostatu zitzaiguna? Non zeuden orduan PSOE, PP eta EAJ? Isilean, beste aldera begira edo, are larriagoa dena, zuzenean parte hartuz.

Aski da hipokrisiaz. PSOEk, PPk eta EAJk sare klientelar bihurtu dituzte erakundeak, kortijo bat, txoko bat, lagunak jartzeko, aberasteko eta euren boterea betikotzeko. Eta hemen, Eusko Legebiltzarrean, ustelkeriaren aurkako bulego bat sortzea proposatu denean, EAJk eta PSEk, eskutik, kontra bozkatu dute. Zergatik? Zeren beldur dira? Nor babesten dute?

Eta orain, eskandalua geldiezina da, PSOE kasua bere gordintasun guztiarekin lehertu da. Izan ere, hau ez da Abalos kasua, ezta Cerdan kasua ere: PSOE kasua da. Alderdiko azken bi antolakuntza idazkarien inplikazioa ez da kasualitatea, ustelkeria alderdiaren bihotzean bertan dagoela frogatzen baitu.

PSOEk lapurtutako azken zentimoa ere itzuli behar du. Ez da kaltea konpontzen lehenengo lapurreta eginez eta gero barkamena eskatuz.

Eta oso gauza argia esan nahi dut, ñabardurarik gabe:

Podemosek, 11 urteko historian, ez du ustelkeria kasu bakar bat ere izan. Zero. Bat ere ez.

Eta zer egin du bipartidismoak horren aurrean? Estatuaren estoldak muntatu dizkigute, bulo-kanpainak, jazarpen mediatikoa eta judiziala, ez dutelako jasaten saltzen ez den, lapurtzen ez duen eta isiltzen ez den indar politiko bat egotea.

Hau da errealitatea: dena artxibatu da. Dena. Alderdirik gardenena garelako. Izan ere, beste batzuek gutun-azalak betetzen dituzten bitartean, guk herri honetako gehiengoarentzat egiten dugu lan. Lapurtzen ez duen gehiengo hori, engainatzen ez duena, zergak hemen ordaintzen dituena, zuk eta nik egiten dugun bezala.

Eta horrek min ematen die. Min ematen die oraindik hemen egoteak, beren lotsa eta ustelak seinalatuz. Eta hemen jarraituko dugu, guztiona dena defendatzen, eskuak garbi, burua gora eta egia beti aurretik.

Bideoa: https://we.tl/t-OfTeNXyd4f

 PODEMOS Ahal Dugu

Recibe nuestros newsletters

Invalid Input
Invalid Input