Skip to main content

Podemosen primarioek foru hauteskundeetarako eta hiru hiriburuetako udal hauteskundeetarako hautagaiak aukeratu dituzte

Aukeratutako sei hautagaietatik hiruk berriro izango dute zerrendaburu kargua: Miren Echeveste (Gipuzkoako Foru Aldundia), David Rodríguez (Arabako Foru Aldundia) eta Garbiñe Ruiz (Gasteizko Udala)

Podemos Euskadiko koordinatzaile nagusi eta Bizkaiko batzarkide Richar Vaquerok gidatuko du Podemosen hautagaitza Bizkaiko Foru Aldundirako. Rakel Asensio eta Xabier Marrero, berriz, Bilboko eta Donostiako alkatetzarako hautagai izango dira, hurrenez hurren

Podemos Euskadik foru-hauteskundeetarako eta Euskal Autonomia Erkidegoko hiru hiriburuetako udal-hauteskundeetarako hautagaiak aukeratzeko abian jarritako primario-prozesua gaur amaitu da, emaitzak argitaratuta. Foru-aldundietarako zerrendaburuak Miren Echeveste (Gipuzkoa), David Rodríguez (Araba) eta Richar Vaquero (Bizkaia) izango dira; hiru hiriburuetako alkatetzarako hautagaiak, berriz, Garbiñe Ruiz (Gasteiz), Rakel Asensio (Bilbo) eta Xabier Marrero (Donostia).

Hautagaitza horiek Podemosen primario-prozesuaren emaitza dira. Prozesua irailaren 7an hasi zen, datorren maiatzaren 23ko udal- eta foru-hauteskundeetan aurkeztuko diren hauteskunde-zerrendak osatuko dituzten pertsonak aukeratzeko.

Lehen fase telematiko honetan foru-primarioak eta hiru hiriburuetako udal-primarioak baino ez dira egin. Euskal udalerrietako gainerako primarioak ez dira egutegi horretan sartu. Prozesu horiek aurrez aurre egingo dira, egutegi berezi bati jarraituz, eta data laster jakinaraziko da.

Primarioetan aukeratutako sei hautagaietatik hiruk berriro izango dute zerrendaburu kargua. Zehazki, Gasteizko Udaleko (Garbiñe Ruiz) eta Arabako (David Rodríguez) zein Gipuzkoako (Miren Echeveste) Batzar Nagusietako egungo bozeramaileek berriro gidatuko dituzte beren hautagaitzak. Bestalde, aurpegi berriek gidatuko dituzte Podemosen hauteskunde-zerrendak Bizkaiko Foru Aldundirako eta Bilboko zein Donostiako udaletarako: Bizkaian, Richar Vaquero Podemos Euskadiko koordinatzaile nagusi eta Batzar Nagusietako batzarkidea; Bilbon, Rakel Asensio; eta Donostian, Xabi Marrero.

Richar Vaquero

Richar Vaquero (Bilbo, 53 urte) Podemos Euskadiko koordinatzaile nagusia da, eta Bizkaiko Batzar Nagusietako ahalduna eta Mahaiko kidea da legegintzaldi honetan. 2024ko abenduan hartu zuen Euskadiko alderdi morearen gidaritza, Sestaoko Zirkulutik, Zirkuluen Saretik eta Podemos Euskadiko Lurralde Kontseilutik igaro ondoren. Maisua eta psikopedagogoa da, eta psikologia klinikoko masterra du, gatazken bitartekaritzan espezializatua.

Bere ibilbide profesionalaren zati handi bat hezkuntzari eta pertsonekin lan egiteari lotuta egon da, bereziki erraz izan ez duten gazteekin. Honela definitzen du bere burua: “Maisua eta psikopedagogoa naiz, eta bizitzako zati handi batean pertsonekin lan egin dut, bereziki beti erraza izan ez duten gazteekin”. Etapa horretan, adierazi duenez, “erabaki bakoitzaren atzean laguntza eta aukera berberak ez dituzten pertsonak daudela ikasi nuen”. 

Hala ere, “justizia sozialean, berdintasunean eta zerbitzu publikoetan sinesten jarraitzen dut”, dio. Vaquerok Bizkaiko ahaldun nagusi izateko hautagaitza aurkeztea erabaki zuen, “Podemos bizirik dagoelako eta oraindik lan handia duelako egiteko”. Bizkaiko Batzar Nagusietan emandako urteek “erakutsi didate oposiziotik ere gauza handiak lor daitezkeela”, gizarte zibilaren eskutik, azaldu du. “Batzuetan, gobernatzen dutenen aurka egin behar da. Beste batzuetan, negoziatu eta aurrerapausoak lortu. Urte hauetan horixe egin dugu: Guggenheim Urdaibai proiektua geldiaraztea, herritarren eta proiektu horren aurkako gizarte-eragileen ondoan egonda; edo zerga-berrikuspenaren proiektua bultzatzea, gehien dutenek gehiago ordain dezaten eta gehien behar dutenei zama arintzeko”, nabarmendu du.

“Zerbitzu publiko sendoak, berdintasun handiagoa, etxebizitza eskuragarriak, gazteentzako aukerak eta gutxi batzuen interesen aurretik pertsonak jarriko dituen politika dituen Bizkaia” nahi duela dio. Azken batean, berak adierazi bezala, “espazioa berreskuratu, urrundu direnekin berriro konektatu eta gure unerik onena iristear dagoela erakutsi nahi dut”.

Miren Echeveste

44 urteko irundarra da Miren Echeveste, eta Euskal Herriko Unibertsitatean (UPV/EHU) itzulpengintza eta interpretazioko lizentziatura egin zuen, euskaraz, gaztelaniaz eta ingelesez. Administrazioko, dibulgazioko eta hezkuntzako testuen itzultzaile eta zuzentzaile aritu da, baita hizkuntza-irakasle ere. 2015etik aurrera, 15M mugimenduaren bultzadarekin, Podemosen aktiboki parte hartzen hasi zen Irungo Zirkuluan; hiru urte geroago, herri horretako idazkari nagusi izendatu zuten. 2020an, Podemos Euskadiko Herritarren Kontseilu Autonomikoan (HKA) sartu zen, hizkuntza-politikako arduradun gisa.

Echeveste Irungo zinegotzia izan zen 2019tik 2023ra. Hasieran oposizioan jardun zuen, eta 2020ko abenduan, PSErekin udal-gobernuan koalizioan sartzeko akordioa negoziatu eta sinatu ondoren, Berdintasun eta Euskara arloak hartu zituen bere gain. Euskadin alderdi morearen eta sozialisten arteko lehen koalizio-gobernua izan zen hura. Kargu horretatik lorpen esanguratsuak erdietsi zituen, bereziki berdintasunaren arloan, hala nola Irungo Emakumeen Etxea; baita hiriaren eraldaketa helburu duten hiri-berroneratze planak ere, pertsonen eta ingurumenaren beharrekin bateragarria den trantsizio ekologiko baten barruan.

Irungo Udala utzi zuen Gipuzkoako ahaldun nagusirako hautagai izateko, eta gaur egun alderdi morearen bozeramailea da lurraldeko Batzar Nagusietan. Urte hauetan, besteak beste, Foru Aldundiarekin zerga-berrikuspeneko akordioa lortu du, fiskalitate progresiboagoa izaten lagundu duena. Echevestek norabide horretan lanean jarraitu nahi du. Bere jardunak erakusten du uste sendo bati eusten diola: “Podemos da oraindik besteek ezinezkoa dela dioten hori benetan posible egin dezakeen indarra. Aukera izan denean hala erakutsi dugu, eta etorkizunean ere hala egingo dugu”.

Echeveste Gipuzkoako ahaldun nagusigai izango da, Irene Monterok Espainiako Gobernuko presidentetzarako hautagaitzatik zabaltzen dituen “guztiontzako bakea, etxea eta lana” balioekin bat eginez. Urte hauetan tokiko politikan pilatutako esperientzia izango du bidelagun, baita Gipuzkoa eredu bidezkoago eta jasangarriago baterantz eramateko motibazioa eta erabaki irmoa ere.

David Rodríguez

Arabako landa-eremuan bizi den David Rodríguez Llinares arkitektoa da, eta hirigintzako masterra du, hiri eta lurralde jasangarrietan espezializatua. Aurretik, bere bizitza pertsonala eta profesionala Sevillan, Bartzelonan, Londresen, San Salvadorren eta Habanan garatu ditu. Gaztetatik konpromisoa sentitu du inguruko munduarekin, pertsonekin, haien bizilekuekin, justizia sozialarekin eta biodibertsitatearen zein ekologiaren defentsarekin.

Podemosen sorreratik bertatik egin zen alderdiko kide, 2014an, “beti ordezkatu nauen alderdi bakarra delakoan”. Arabako militantea da, Elkarrekin Podemos talde batzarkidearen bozeramailea Arabako Batzar Nagusietan, eta Podemosen Estatuko Herritarren Kontseiluko (EHK) kidea.

Gaur egungo krisi humanitario eta klimatikoaren testuinguruan, honela adierazi du: “Ziur nago mundu hobea eta Araba hobea posible ez ezik beharrezkoak ere badirela. Lurralde eredugarri bihur gaitezke, Estatuan eta Europan erreferente, politika egokiak ezartzen baditugu. Gaur politika arduratsuak egiten ez baditugu, bihar beranduegi izango da”.

Kalitatezko zerbitzu publikoak mantentzeko behar den guztia bilduko duen zerga-sistema defendatzen du. Horrez gain, zaintza-sistema publikoa indartu behar dela dio, eta ingurumenaren zein energiaren ikuspegitik jasangarriagoa izango den lurralde-eredu berri baterantz egin behar dela aurrera, Arabako biodibertsitatea, mendiak, ur-masak eta ekosistemak babestuz. Era berean, lurralde-oreka eta Arabako landa-eremua biziberritzeko apustu irmoa egin behar dela uste du; beharrezko oinarrizko zerbitzuak sustatu behar direla, eta herriak biziberritu, landa-bizimodua bultzatuz, etxebizitzak birgaitzea erraztuz eta familia gazte berriak bertan finkatzeko aukerak sortuz.

Garbiñe Ruiz

Gabiñe Ruiz Euskal Herriko Unibertsitatean Arte Ederretan lizentziatu zen, eta arte garaikidearen kontserbazioan eta zaharberritzean espezializatu zen. Euskadiko kultura- eta museo-eremuko erakunde ezagunekin urte luzez lankidetzan aritu ondoren, osasun-arlora aldatu zuen lanbide-ibilbidea, eta Erradiodiagnostikoko eta Medikuntza Nuklearreko teknikari titulua eskuratu zuen.

Duela hamaika urte Podemos Vitoria-Gasteizen sartu zen, bere hirian parte hartu eta hura eraldatzen laguntzeko asmoz. Arabako hiriburuan, haren hitzetan, “beste proiektu politiko bat aurkitu nuen: zintzoa eta ausarta, besteek esan nahi ez dutena esateko eta gaizki dagoena salatzeko beldurrik ez duena”. Ordutik, Podemos Euskadiko hiru kontseilu autonomikotan parte hartu du, besteak beste Feminismoen eta LGTBI+ arloko idazkaritzako ardurak eta Kulturako arduradun-lanak betez. Duela zazpi urtetik Gasteizko Udaleko zinegotzia da, eta azken hiru urteotan udal-taldeko bozeramailea izan da.

Orain, Podemosen eskutik, Gasteizko alkatetzarako hautagaitza aurkeztuko du berriro, herritarrek behar dituzten aldaketak bultzatzeko asmoz. “Gero eta jende gehiagok politikan ilusioa eta konfiantza galtzen dituen honetan, errealitatea eraldatzea posible dela berretsi behar dugu”. “Hilabete amaierara iristea, etxebizitza eskuratzea edo duintasunez bizitzea gero eta zailagoa den bitartean, ezin dugu onartu okerreko etsaiari begiraraz diezaguten”, adierazi du.

Ziur dago Podemosek besteak esatera ausartzen ez direnak esaten jarraituko duela: “Gure konpromisoa jendearekin eta kalearekin dago, ez eliteekin. Ez Iberdrolak ezta Florentino batek ere ez gaituzte gehiengoaren beharretatik aldenduko. Gehiengoarentzako Gasteiz baten alde lan egin nahi dut, ez gutxi batzuen mesedetan”.

Rakel Asensio

Rakel Asensiok 24 urte ditu, eta gizarte-langilea da. Gaztetatik hasi zen konpromiso politikoa hartzen, bere buruari galdetuz zergatik onartzen ziren zenbait bidegabekeria normaltzat eta zergatik baztertzen zituzten hainbestetan desberdinak ziren pertsonak. Urteen poderioz, galdera horiek kontzientzia politiko bihurtu ziren.

Bere burua klase-kontzientzia duen feministatzat eta kontzientzia feminista duen langiletzat du. Podemosen militantea da 18 urte zituenetik. Podemosen gazte-erakundea den Rebeldíako kidea da, eta gaur egun Euskadin erakunde horren erreferentea da. Politika desberdintasuna, prekaritatea eta bidegabekeria eragiten dituzten baldintzak eraldatzeko tresnatzat ulertzen du.

Gizarte-langile gisa duen lanbideak are gehiago sendotu du uste hori, estatistiken atzean ezkutatuta geratzen diren errealitateetara hurbildu baita. Horregatik, zerbitzu publiko sendoak eta bizitza duina bermatuko duten eskubide sozialak defendatzen ditu.

“Gaztea naiz, eta krisien, prekaritatearen eta emantzipatzeko zailtasun handien artean hazi den belaunaldi batekoa. Entzuna izatea ez ezik, espazioak hartzea eta erantzukizunak bere gain hartzea ere behar duen belaunaldia”, adierazi du Rakel Asensiok. Konpromiso pertsonal, profesional eta militante hori Bilboren zerbitzura jarri nahi du. “Gora borroka feminista, antifaxista eta antirrazista!”, amaitu du.

Xabi Marrero

Xabi Marrerok Ingurumen Zientzietan eta Ingeles Filologian lizentziaturak ditu. Prestakuntza horri esker, Euskadin bigarren hezkuntzako irakasle eta Kalifornian lehen hezkuntzako irakasle aritu zen. Ondoren, ingurumen-teknikari gisa 20 urte baino gehiagoko ibilbidea egin du. Enpresa pribatuan, Gasteizko Udalean
-Green Capital saria koordinatu zuen bertan-, Eusko Jaurlaritzan eta Uraren Euskal Agentzian (URA) lan egin du; azken horretan lanpostu finkoa du gaur egun.

51 urte ditu, euskalduna da jaiotzez, eta PL4 hizkuntza-profila du bai euskaraz bai ingelesez. Ikasketak eta lana direla medio, Ondarroa, Londres, Los Angeles, Madril eta Gasteiz artean bizi izan da; gaur egun, Gasteiz eta Donostia artean banatzen du bere bizitza. 15M mugimenduan sortu zitzaion konpromiso politikoa, Democracia Real Ya ekimenarekin. Etapa horren ondoren, ekologiaren arloko militantzian hasi zen, eta handik Podemosera iritsi zen. Hautatutako kargu publikorik inoiz bete ez badu ere, 2020tik 2024ra Podemosen aholkulari politikoa izan zen Eusko Legebiltzarrean, ingurumenaren eta industriaren arloetan. Gaur egun, Podemos Euskadiko Herritarren Kontseilu Autonomikoko (HKA) kidea eta Ingurumeneko idazkaria da, URAn egiten duen lanarekin uztartuz.

Podemosen hautagaitza gidatuko du Donostiako alkatetzarako, uste argi batetik abiatuta: “Euskadin asko gara banderen aurretik eskubideak lehenesten ditugunak, identitatearen aurretik justizia soziala eta korporazio-eliteen aurretik langile-klasea jartzen ditugunak”. Helburu nagusia “Donostia herritarrentzat berreskuratzea da, espekulazioaren eta jasanezina den turismoaren esku utzi gabe”. Haren hitzetan, “bertan biziko direnentzat soilik diren etxebizitzak behar ditugu, kaleetako prezioak bertakoentzat izatea, ez turistentzat, eta postal bateko hiri izateari utzi eta bizitzeko hiri bihurtzea. Horretarako, hiria klima-aldaketara egokitu behar dugu, mugikortasun jasangarriaren alde egin, hiri garbi, seguru eta osasungarria sustatu, eta industria- eta teknologia-guneak zein kalitatezko enplegua bultzatu”, adierazi du.

“Donostia ez da planetatik isolatutako uharte bat. Gure proiektuaren nazioarteko bokaziotik abiatuta, ez gara isilduko gure garaiko krisi handien aurrean: larrialdi klimatikoa, adimen artifizialaren eragina, korporazioen boterea, familien erosteko ahalmenaren galera, ustelkeria, faxismoa eta eskuin muturra, eta Palestinako genozidioa”, adierazi du.

 PODEMOS Ahal Dugu

14 Urria 2026

Articulos relacionados

Recibe nuestros newsletters

Invalid Input
Invalid Input