Skip to main content

Podemos Euskadik Eusko Jaurlaritzari eskatu dio eskola publikoaren murrizketekin amaitzeko eta hezkuntza-sistemaren ardatz nagusi bihurtzeko

Podemos Euskadik herritarrak animatu ditu igande honetan Santurtzin egingo den Euskal Eskola Publikoaren 33. Jaian parte hartzera. “Ehunetan” lelopean ospatuko da jaia, sareak ehunduz eta komunitatea sortuz hezkuntza publikoaren indarra aldarrikatzeko

Alderdiak salatu du Hezkuntza Saila ikastetxe publikoak ixten edo bateratzen ari dela, eta hori irakaskuntza publikoaren sarea desegiteko prozesuaren eta Eusko Jaurlaritzak publikoarekiko duen ikuspegi pribatizatzailearen ondorio dela

Podemos Euskadi aurten ere Euskal Eskola Publikoaren Jaiarekin bat egiten du, Eusko Jaurlaritzari irakaskuntza publikoaren sarea desegiteko prozesuarekin amaitzeko eta eskola publikoa Euskal Hezkuntza Sistemaren ardatz nagusi bihurtzeko eskatuz.

Podemos Euskadiren ustez, eskola publikoa da aukera-berdintasuna bermatzen duena, euskalduntzean ekarpen handiena egiten duena eta euskal kultura hobekien sustatzen duena. Horregatik, beharrezkoa da hura babestea eta hezkuntza-politiken erdigunean kokatzea.

Eskola publikoarekiko duen konpromiso sendoari eutsiz, Podemos Euskadi datorren igandean, ekainaren 7an, Santurtzin izango da, alderdiaren eta erakundeen ordezkarien presentziarekin. Militanteekin batera, Euskal Eskola Publikoaren Jaiaren 33. edizioko “Ehunetan” leloa bere egingo du, sareak ehunduz eta komunitatea sortuz eskola publikoaren indarra aldarrikatzeko. Izan ere, eskola publikoan inbertitzeak gure komunitatean, gure auzoetan eta gure herrietan inbertitzea esan nahi du.

Horregatik, Podemos Euskadik herritarrak animatzen ditu ospakizun eta aldarrikapen egun honetan parte hartzera. Jardunaldi honek hezkuntza-komunitate publiko osoa biltzen du —ikasleak, irakasleak, familiak eta Euskadiko ikastetxe publikoetako langileak—, inor baztertu gabe. Elkartzeko, hezkuntza-komunitatea ehuntzeko, lortutako aurrerapenak ospatzeko eta gure eskola publikoa indartzen jarraitzeko aurrean ditugun erronkei buruz hausnartzeko eguna da.

Izan ere, Podemos Euskadik ohartarazi duenez, eskola publikoa mehatxupean dago Eusko Jaurlaritzaren oztopoen eta murrizketen ondorioz. Jaurlaritzak ez du eskola publikoa lehentasunezko tokian jartzen, eta baliabide ekonomiko handiak bideratzen ditu itunpeko hezkuntzara. Ildo horretan, Hezkuntza Sailak egiten ari den ikastetxe publikoen itxiera edo bateratzea irakaskuntza publikoaren sarea desegiteko prozesuaren ondorio da, baita EAJren eta PSEren gobernuek urte luzez erakutsi duten ikuspegi pribatizatzailearen emaitza ere, EH Bilduren oniritziarekin.

Horren aurrean, Podemos Euskadik harrotasunez berresten du euskal eskola publikoarekiko duen konpromisoa. Eskola publikoa guztiona da, eta guztiontzat da. Hezkuntza publikoaren alde egitea herri-proiektu baten alde egitea da; hezkuntza eskubide kolektibo gisa eta txikitatik gizarte-kohesiorako tresna gisa ulertzen duen proiektu baten alde egitea, hain zuzen ere. Jatorri sozial eta kultural desberdinetako ikasleen arteko bizikidetzak benetako ikaskuntza demokratikoak sustatzen ditu, komunitatea eraikitzen laguntzen du eta gizarte-arrakalak oinarritik murrizten ditu.

Horregatik, Podemos Euskadik berriro ere eskatu du Euskal Hezkuntza Legean aldaketa legegileak egitea. Alderdiaren iritziz, lege horrek ez du behar bezala babesten eskola publikoa, eta ez du neurri edo konpromiso zehatzik eskaintzen gure hezkuntza-sistemak pairatzen dituen segregazio sozial eta jatorrizkoaren tasak murrizteko. Bereizketa sustatzen duten eredu pribatu edo itunpekoen aurrean, eskola publikoa inklusioa da, eta sozializazio partekaturako gunea.

 PODEMOS Ahal Dugu

Recibe nuestros newsletters

Invalid Input
Invalid Input