Podemos Euskadi igande honetan Bilbon izango da katu-koloniak kudeatzen dituztenen mobilizazioan, udalerriek komunitateko katuen zaintzan duten utzikeria salatzeko
Podemos Euskadik Bilbon eguerdian egingo den manifestazioan parte hartuko du, ‘Katuek legea dute’ lelopean, Estatuko eta Euskadiko animalien babesari buruzko araudia betetzea eskatzeko
Podemos Euskadi Bilbon igande honetan deitutako mobilizazioarekin bat egingo du. Katu-koloniak kudeatzen dituztenen kolektiboak deitu du mobilizazioa, komunitateko katuen eskubideak eta ongizatea defendatzeko eta Estatuko zein Euskadiko animalien ongizateari buruzko legeak betetzea eskatzeko.
Bizkaiko hiriburuan egingo den manifestazioa -12:00etan, Udaletxearen aurrean- igande honetarako Estatuko hainbat hiritan katu-koloniak kudeatzen dituztenek deitutako mobilizazioetako bat da. ‘Katuek legea dute’ lelopean, udalen jarduerarik eza salatu nahi dute komunitateko katuen babesari dagokionez; izan ere, legearen arabera, udalei dagokie katu-koloniak kudeatzea. Era berean, Animalien babesari eta ongizateari buruzko Legea betetzea eskatzen dute. Erakundeen pasibotasunaren aurrean, zeregin hori boluntarioek eta elkarteek hartzen dute neurri handi batean beren gain, udalei dagozkien kostuak eta erantzukizunak ere bere gain hartuz.
Ildo horretan, Podemos Euskadik euskal udalei eskatu die utzikeria alde batera utz dezatela, beren erantzukizunak beren gain har ditzatela eta ekainaren 30eko 9/2022 Legea, etxeko animaliak babesteari buruzkoa, modu eraginkor eta gardenean aplika dezatela. “Euskadi ezin da animalien lurralde lagun izan, praktikan animaliak mespretxatu eta beren kasa uzten baditu. Ezin dugu ahaztu animaliak tratatzeko dugun moduak gure izaera islatzen duela, baita gizarte gisa ere, eta animalien eskubideak errespetatzea funtsezkoa da benetan zaintzaile eta bidezko gizarte bat eraiki nahi badugu”, adierazi du Ana Viñalsek, Bilboko Udaleko bozeramaileak.
Igande honetako manifestazioa Bilbon egingo da. Bertako Animalia Lagunen Babesari, Ongizateari eta Edukitze Arduratsuari buruzko Udal Ordenantza Arautzailea 2025eko martxoan jarri zen indarrean, eta Euskadiko animalien babeserako elkarteek errekurritu egin dute Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusian (EAEJAN). Hain zuzen ere, Elkarrekin Podemos udal-taldeak araudi horren aurka bozkatu zuen, besteak beste, hiriko komunitateko katu gehienak babesik gabe uzten dituelako. Izan ere, testua nahasia da, eta ez du argitzen udalak hirian dauden katu-kolonia guztiak -aitortuta egon ala ez- kudeatuko dituen. “Ikuspuntu etikotik, ezin da hiriko kolonia batzuen eta besteen artean bereizketarik egin. Horrela jokatzeak ez du inolako zentzurik. Denek dakite katu batzuk esterilizatu eta beste batzuei ugaltzen uzten bazaie populazioak ez direla kontrolatzen eta kaleko katuen kopurua kontrolik gabe handitzen laguntzen dela”, kritikatu du.
Horri dagokionez, Viñalsek deitoratu du EAJk eta PSEk osatutako udal-gobernuak aukera politikoa galdu izana Bilbori animalien ongizatearen arloan araudi eguneratu bat emateko. Haren ustez, udal-gobernuak ez ditu baliatu 2022an Euskadiko Animalien Babesari buruzko Legea onartzearekin eta, urtebete geroago, Podemosek bultzatutako Animalien Ongizateari eta Eskubideei buruzko Estatuko Legea onartzearekin animalien eskubideen arloan lortutako aurrerapenak.
PODEMOS Ahal Dugu