Skip to main content

Pertsona ahulak etsai bihurtzea ez da patriotismoa, xenofobia baizik

Podemos Euskadik salatu du bihar ‘Salvemos Ceuta’ lelopean deitutako elkarretaratzeen helburua migratzaileen aurkako gorrotoa sustatzea dela, eta Euskadin deitutako mobilizazio eta ekitaldi baketsu antirrazistak eta giza eskubideen aldekoak babesten ditu, Ceutako migrazio-krisiaren aurrean erantzun humanitarioa eskatzeko

Eusko Jaurlaritzari exijitu dio modu proaktiboan jardun dezala eta, bere ekimenez, Espainiako Gobernuaren zain egon beharrik gabe, krisi humanitario honek kaltetutako adingabeak Euskadin hartzeko beharrezkoak diren izapideak abiaraz ditzala

Podemos Euskadik salatu du bihar ‘Salvemos Ceuta’ lelopean deitutako elkarretaratzeen helburua gorrotoa sustatzea eta migratzaileak seinalatzea dela. Pertsona zaurgarriak etsai bihurtzea ez da patriotismoa, ezta Ceuta edo Espainia defendatzea ere. Xenofobia da.

‘Salvemos Ceuta’ leloaren atzean diskurtso xenofoboak ezkutatzen dira, eta migratzaileei egozten diete hiri honek bizi duen krisi humanitario eta sozialaren erantzukizuna. Manifestatzeko eskubidea oinarrizko eskubidea da, baina inoiz ezin da giza eskubideak zapaltzeko aitzakia bihurtu.

“Ez da arazoa bizitza hobe baten bila iristen dena; arazoa da norbaitek pertsona hori etsai bihurtu behar izatea etekin politikoa ateratzeko”, nabarmendu du Richar Vaquero koordinatzaile nagusiak, Podemos Euskadik sare sozialetan zabaldutako bideo batean.

“Gorroto hori sustatzeko manifestazioak deitzen dituztenek jakin behar dute aurrez aurre izango gaituztela”, adierazi du Vaquerok. Horregatik, Podemos Euskadik babesa eta sostengua adierazten die Euskadin Ceutako migrazio-krisiaren aurrean erantzun humanitarioa eskatzeko deitzen ari diren mobilizazio eta ekitaldi baketsu antirrazistei eta giza eskubideen aldekoei.

“Podemos Euskadin argi dugu: xenofobiaren, arrazakeriaren eta faxismoaren aurrean, ez dago isiltasunerako ezta ekidistantziarako lekurik ere. Horregatik, aurrez aurre izango gaituzte. Ceutak ez du behar beldurra, arrazakeria eta gezurra boterera iristeko erabiltzen dituztenek ‘salbatzea’. Ez gaitzatela engaina”, azpimarratu du Vaquerok.

Ildo horretan, Podemos Euskadik exijitu du Nazioarteko Zuzenbidea aplika dadila eta adingabeak babestu daitezela. Halaber, Eusko Jaurlaritzari eskatu dio modu proaktiboan jardun dezala eta, bere ekimenez, Espainiako Gobernuaren zain egon beharrik gabe, krisi humanitario honek kaltetutako adingabeak Euskadin hartzeko beharrezkoak diren izapideak abiaraz ditzala.

 PODEMOS Ahal Dugu

Recibe nuestros newsletters

Invalid Input
Invalid Input