Gipuzkoako Batzar Nagusiek euskal erakundeei eskatu diete, Elkarrekin Podemosen ekimenez, pertsona migratzaileen aparteko erregularizazio-prozesua bultza dezatela
Osoko bilkurak Elkarrekin Podemos taldeak sustatutako ebazpen-proposamena onartu du; proposamen horrek Foru Aldundiari, Eusko Jaurlaritzari eta gainerako erakundeei eskatzen die beharrezko neurriak har ditzatela prozesua azkartasunez, eraginkortasunez, irisgarritasunez eta segurtasun juridiko osoz gara dadin
“Akordio honek gure sistema demokratikoaren kalitatea indartzen du, gizarteak eskatzen dituen tratu-berdintasunaren eta diskriminazioaren aurkako aldarrikapenak egitate zehatz bihurtzea ahalbidetzen du, eta urrats sendo eta ausarta ematen du muturreko eskuinaren gorrotoaren eta gezurren aurka borrokatzeko”, nabarmendu du Mariví Eizaguirrek
Gaur, Gipuzkoako Batzar Nagusiek, Elkarrekin Podemosen ekimenez aurkeztutako proposamen bati jarraituz, ebazpen bat onartu dute, Estatuan Podemos eta PSOE alderdien artean adostutako pertsona migratzaileen aparteko erregularizazio-prozesuari berariazko babesa adierazten diona, eta euskal erakunde guztiei eskatzen diena beharrezko neurriak har ditzatela prozesu hori ahalik eta azkarren eta eraginkortasun handienarekin gauzatu dadin, izapide irisgarriak, gardenak eta segurtasun juridiko osoa bermatuz.
Ildo horretan, testuak Gipuzkoako Foru Aldundiari eta Eusko Jaurlaritzari eskatzen die, beren eskumenen esparruan, eta migrazioen eta asiloaren arloan diharduten gizarte-erakundeekin batera -arazoaren ezagutza zabala dutenez-, lankidetza aktiboa izan dezatela, eskuragarri dauden administrazio-tresnen bidez errotzea egiaztatzen eta ziurtatzen lagunduz, erregularizazio-prozesurako sarbide eraginkorra errazte aldera.
Eskari horiek zazpi puntuko ebazpen-proposamen batean jasota daude; proposamena gaur onartu da osoko bilkuran, Ganberako talde guztien babesarekin, PP taldea izan ezik, Elkarrekin Podemosen ekimenetik abiatuta.
Proposamena sustatu duen batzarkideak, Mariví Eizaguirrek, pozik agertu da Batzar Nagusietan lortutako akordioagatik; haren hitzetan, “gure sistema demokratikoaren kalitatea indartzen du, gure gizartearen parte diren baina administrazio-ikuspegitik ikusezin diren milaka pertsonaren erregularizazioa babesten duelako”.
“Akordio honek gizarte gipuzkoarrak eta erakundeok jada eskatzen genituen tratu-berdintasunaren eta diskriminazioaren aurkako aldarrikapenak egitate zehatz bihurtzea ahalbidetzen du. Forma politiko eta juridikoa ematen ari gatzaizkio. Indartze demokratiko hori, nazioartean zenbait lorpen modu ikusgarrian erortzen ari direla ikusten dugun une historiko honetan ezinbestekoa dena, aparteko erregularizazio honek, gainera, gizarte gipuzkoarraren bizi-baldintza materialak hobetzea ahalbidetuko du”, adierazi du bere hitzaldian.
Era berean, gaur Batzar Nagusietan sinatutako akordioa “urrats sendo eta ausarta da muturreko eskuinaren gorrotoaren eta gezurren aurka borrokatzeko, komunikabideetan eta sare sozialetan egunero hedatzen den desinformazioak markatutako une honetan. Hori da demokrazian bizikidetza osasuntsu baten oinarria”, azpimarratu du.
Eizaguirrek adierazi du pertsona migratzaileen aparteko erregularizazio-prozesua funtsezkoa dela bizikidetza sustatzeko eta hobetzen jarraitzeko; izan ere, bizikidetza eskubide eta betebehar partekatuetan eta elkarrekiko errespetuan eta elkartasunean oinarritutako elkarbizitza da. “Gure gizarteko esparru politiko eta ekonomikoan pertsona guztiak, beren eskubide guztiekin, txertatzeak bakarrik ahalbidetuko du gizartea babestea eta osasuntsu izatea”, azpimarratu du.
Bere hitzaldian, adierazi du aparteko erregularizazio honek “aniztasunaren kudeaketa-esparru batean kokatzen gaituela, paternalismotik eta asistentzialismotik ihes egiten duena”, pertsonei dagozkien eskubideak eta duintasuna aitortzeko. “Beste leku batzuetatik etorritako gure auzokideei eskubideak eta betebeharrak aitortuko dizkiegu gure gizartearen bizi-baldintza materialak hobetzeko eta, azken batean, Gipuzkoa gizarte libre, inklusibo eta solidario bihurtzeko”, azpimarratu du.
Aitzitik, PPren ekimenaren aurkako botoa kritikatu du, akordioari eta pertsona migratzaileen erregularizazioaren aldeko elkarteek nahiz euskal erakundeek jada egindako bideari balioa kendu diola iritzita. “Akordio honek ez du pribilegiorik handitzen; aitzitik, eskubideen eta betebeharren bermeak indartzen ditu oreka arduratsu batean, komunitate politiko batean eskubideak eta betebeharrak eskutik doazelako. Berdintasunak eskubideetarako sarbidea dakar, baina baita zerga-betebeharrak eta bizikidetza-arauak betetzea ere. Horixe da gure gizarte-kohesioa posible egiten duena”, azpimarratu du.
Onartutako ebazpen-proposamenaren puntuen artean, Gipuzkoako Batzar Nagusiek erakunde guztiei eskatzen diete pertsona migratuei arreta emateko zerbitzuak indartu ditzatela eta haien gizarte-, ekonomia- eta kultura-integrazioa sustatuko duten neurriak bultzatu ditzatela, gizarte-kohesioari lagunduz. Era berean, Espainiako eta Eusko Jaurlaritzari eskatzen die beharrezko adostasunak bila ditzatela indarrean dagoen Atzerritarren Legea indargabetzea edo aldatzea aztertzeko.
Ekimenak, halaber, arrazismoa, xenofobia, gorroto-diskurtsoak eta migrazioaren edozein kriminalizazio mota berariaz gaitzesten ditu, eta Ganberaren konpromisoa berresten du giza eskubideen, berdintasunaren, kulturarteko bizikidetzaren eta haurren babesaren alde.
PODEMOS Ahal Dugu