Elkarrekin Podemosentzat, premiazkoa da gizarte larrialdietarako laguntzak indartzea, ikusirik nola eragingo duen etxe zaurgarrietan energiaren garestitzeak
Elkarrekin Podemosk babes handiagoa eskatu du baliabide gutxiago duten etxeentzat; izan ere, gehiago pairatuko dute Ekialde Hurbileko gatazkak ekarriko duen energiaren gainkostua. Adituek diotenez, 500-700 euro handituko da urtean etxe bakoitzeko, edo, are, 1.000 euro ere
Garbiñe Ruiz: "Ezin gara kontua zenbat okertzen den begira egon erreakzionatzeko. Administrazio publikoek aurreratu egin behar dute, eta herritarrak babestu; batez ere, behartsuenak. Energiaren kostua handitzean, ez dira goratuko bakarrik argiaren eta gasaren fakturak, oinarrizko ondasunak ere goratuko baitira, hala nola janaria eta garraioa. Hori ikusirik, jende horrentzako laguntzak sendotu behar dira, familia bakar bat bera ere atzean geldi ez dadin krisi berri honetan"
Elkarrekin Podemosek mozio bat erregistratu du, ostiraleko udalbatzarrean (hilak 27) eztabaidatzeko. Helburua da udala eta gainerako administrazioak aurreratzea energiaren garestitzeari, eta babes soziala indartzea; batez ere, behartsuenen alde. Koalizioak lastertasunez jokatzea planteatzen du, nazioarteko energia krisi honek ez ditzan gogor jo baliabide gutxi duten etxeak, 2022an eta 2023an gertatu zen bezala, Errusiak Ukraina inbaditu zuenean inoiz ez bezalako energia krisia eragin baitzuen.
Alde horretatik, gizarte larrialdietarako laguntzak daude indartu beharrak, Elkarrekin Podemosen irudiz, udalak horren bitartez laguntzen baitie zailtasunak dituzten familiei oinarrizko hornigaiak ordaintzen, hala nola elektrizitatea, gasa eta berogailua. Eszenario moderatu batean, ohiko familia baten urteko energia-gastuak 500-700 euroko gehikuntza izan dezake, eta, eszenario larriagoetan, 1.000 eurotik gorakoa izan daiteke eragina, adituek diotenez.
Elkarrekin Podemosek uste du ezinbestekoa dela laguntza ekonomikoak diru gehiagoz hornitzea, eta prezio igoeraren testuingurura egokitzea, familien ekonomiak are gehiago tenkatu baitaitezke. Gizarte larrialdietarako laguntzez gain, informatzeko eta lagun egiteko kanpainak areagotu behar direla uste du: dauden laguntza guztiak familiek eskura izateko erraztasunak jartzea, eta berdin energiaren arloko aholku zerbitzuak indartzea.
Elkarrekin Podemosek ohartarazi du nazioarteko eszenarioa eta Ekialde Hurbileko gatazka direla medio dagoeneko garestitzen ari direla erregaiak eta energia mota guztiak oro har. Igoera horrek ez ditu ondorioak etxeko fakturetan bakarrik, baizik eta baita oro har bizimoduan ere. Horregatik, mozioan planteatzen du energiaren arloko bonu soziala eskurago jartzea, nola eta gobernu zentralak irizpideetan ohiz kanpoko berrikuspen bat eginda, familia gehiago estaltzeko modua eman dezan. Era berean, proposatzen du energia krisietan automatikoki erantzuteko mekanismoak ezartzea, laguntzak arinago aktiba daitezen prezioetan gorabeherak daudenean.
Autonomiaren arloan, Elkarrekin Podemosek Eusko Jaurlaritzari eskatzen dio energia pobreziaren aurkako borrokarako programak indartzeko; zehazki, handitu ditzala etxe zaurgarriei zuzenean ematen zaizkien laguntzak.
Proposamenak orobat dakartza epe erdira hartu beharreko neurriak, etxeek nazioarteko energia merkatuekiko duten mendetasuna apaldu dezaten; besteak beste: tokian tokiko energia komunitateak eta autokontsumoa bultzatzea eta energia efizientziarako programak sustatzea.
Elkarrekin Podemosek errepikatzen du berriki gertatu denak aurretiaz jokatu beharra erakusten duela. "Ezin gara begira egon zenbat okertzen den kontua erreakzionatzeko. Administrazio publikoek aurreratu egin behar dute, eta herritarrak babestu; batez ere, behartsuenak. Energiaren kostua handitzean, ez dira goratuko bakarrik argiaren eta gasaren fakturak, oinarrizko ondasunak ere goratuko dira, hala nola janaria eta garraioa. Hori ikusirik, jende horrentzako laguntzak sendotu behar dira, familia bakar bat bera ere atzean geldi ez dadin krisi berri honetan", azaldu du taldeko bozeramaileak, Garbiñe Ruizek.
PODEMOS Ahal Dugu