Skip to main content

Elkarrekin Podemosen mozioak politika orokorreko osoko bilkuraren ondoren: zerga-neurri bidezkoak, zaintzetarako laguntza gehiago, egoitzetako ratio hobeak edo landa-udalerrietan alokairuko etxebizitza publikoak

Elkarrekin Podemosek hamar proposamen erregistratu ditu, datorren asteartean Gipuzkoako Batzar Nagusietan egingo den osoko bilkuran eztabaidatzeko

Mozioek, halaber, Irun eta Errenteria arteko AP-8ko bidesaria kentzea, adinekoen egoitzak bero-boladei egokitzea edo Emakumeen Etxeen sarea sustatzea eskatzen dute
 
Elkarrekin Podemosek hamar mozio erregistratu ditu atzo, ostegunean, Gipuzkoako Batzar Nagusietan egindako politika orokorreko osoko bilkuraren ondoren. Proposamenek, besteak beste, zerga-neurri bidezkoak ezartzea eskatzen dute, diru-bilketa handitzeko eta egoera zaurgarrienean dauden errentei laguntzeko; Laguntza Pertsonalerako Prestazio Ekonomikoa (LPPE) handitzea; adinekoen egoitzak bero-boladei egokitzea; egoitzen eta eguneko zentroen sektoreko hitzarmenaren negoziazioa desblokeatzea; edo AP-8ko Irun eta Errenteria arteko bidesari-tartea kentzea.

Taldeek aurkeztutako mozioak datorren asteartean, irailaren 29an, egingo den osoko bilkuran eztabaidatuko dira. Hauek dira Gipuzkoako Foru Aldundiari eskatzen dioten hamar mozioen edukiak:

1) Gipuzkoako udalekin lankidetzan aritzea Gipuzkoako Emakumeen Etxeen sarea sustatzeko, udalerrientzako dirulaguntza-ildo finalisten bidez.

2) Giza baliabide eta baliabide material gehiago ematea Euskal Kostaldeko Geoparkeari, bisitarien harrera jasangarria, orekatua eta antolatua bermatzeko, inguruko kostaldeko ekosistemetan eragin txikiagoa izateko eta urtero bisitatzen duten ikasleei arreta benetan pedagogikoa eskaintzeko.

3) Duela gutxi landutako ‘Natura-ondarearen eta mendien babeserako eta baso-suteen prebentzio eta itzalketarako Plan Integrala’ argitaratzea, eta basozainen zerbitzuei zein suteen prebentzio, itzalketa eta salbamendu zerbitzuei giza baliabide eta baliabide material gehiago ematea, plana behar bezala eta azkar gauzatzeko.

4) Benetan bidezkoa izango den zerga-proposamena egitea, lurraldean sortutako aberastasuna birbanatzeko. Horretarako, langile batzuen eta besteen arteko pribilegio-neurriak baztertuko dira, kapitalaren errenten tributazioa lan-errenten tributaziora hurbilduko da, eta Sozietateen gaineko Zergaren bidez diru-bilketa handituko da ekoizpen-jarduerarik egiten ez duten sozietateen kasuan. Era berean, zerga-proposamen horrek errenta txikienen zerga-zama murriztu beharko du, PFEZaren taula berri baten bidez. Taula horrek soilik tarte baxu eta ertainetan konpentsatuko du azken urteko inflazioa eta zeharkako zergen eragin erregresiboa.

5) Laguntza Pertsonalerako Prestazio Ekonomikoa (LPPE) hobetzea eta aldaketa garrantzitsu bi egitea laguntzaile pertsonal gisa jarduten duten pertsonek bete beharreko baldintzetan. Batetik, hirugarren mailara arteko odolkidetasun, ezkontza-ahaidetasun edo adopzio bidezko ahaidea ez izateko baldintza kentzea, prestazioaren hartzaileen konfiantza-eremu handienaren barruan kontratazioak egiteko aukera emateko. Bestetik, mendekotasuna duen pertsonaren etxean ez bizitzeko baldintza gehitzea, administrazio publikoek diruz lagundutako lan-esplotaziorako edozein aukera saihesteko.

6) Inbertsio-plan bat egitea Gipuzkoako adinekoen, desgaitasuna duten pertsonen, eguneko zentroen, adingabeen eta gizarteratze-zentroen egoitza-zentroak klima-aldaketara egokitzeko, klimatizazio-sistema egoki eta jasangarriak instalatuz.

7) Egoitzetako eta eguneko zentroetako ratioak aldatzea, erabiltzaileen arreta pertsonalizatuan aurrera egitea, zentroetako lanaren antolaketa hobetzea, kontratuen partzializazioa murriztea eta, batez ere, eskura dauden tresna guztiak erabiliz, egoitzen eta eguneko zentroen sektoreko hitzarmenaren negoziazioa desblokeatzea.

8) AP-8ko Irun eta Errenteria arteko bidesari-tartea kentzea, Iruneko Ventasen dagoen bidesaria Behobiara eramanez.

9) Beharrezko kudeaketak egitea Donostiatik Loiuko Aireportura doan anezka-zerbitzuak asteko eskari handieneko uneetan maiztasun gehiago izan ditzan, eta Bidasoa eskualdetik abiatuko den anezka-zerbitzu bat ezartzeko.

10) Landa-udalerrietan etxebizitza babestuak sustatzeko beste urrats bat egitea Etorlurren bidez, eta udalekin batera alokairu babestuko etxebizitzak eskaintzea, landa-udalerrien hustea iraultzeko eta bertako gazteen bizilekua finkatzeko, bai eta inguruko udalerrietako gazteak erakartzeko ere.

 PODEMOS Ahal Dugu

Recibe nuestros newsletters

Invalid Input
Invalid Input