Skip to main content

Elkarrekin Podemosek Bizirun Elkarteak Batzar Nagusietan agerraldia egitea eskatu du, Atzerritartasun Araudi berriak familia askoren oinarrizko eskubideetan dituen ondorio negatiboak azaltzeko  

Irungo eta eskualdeko pertsona zaurgarriei etengabeko laguntza ematen dien elkarte horrek Erregelamendua maiatzaren 20an indarrean jartzearen ondorioez ohartarazi du

Elkarrekin Podemosek Eskubide Sozialen aldeko Bizirun Elkartearen presazko agerraldia eskatu du Gipuzkoako Batzar Nagusietan, Atzerritarrei buruzko Araudi berria aplikatzeak lurraldeko pertsona eta familia askoren oinarrizko eskubide sozialetan izango dituen ondorio negatiboen berri eman dezan.

Atzerritarrei buruzko araudi berria maiatzaren 20an sartuko da indarrean, eta horrek eragin du presazko agerraldi hori egitea. Horregatik, garrantzitsua da Irungo eta eskualdeko pertsona eta familia zaurgarriei etengabe laguntzen dien elkarte horrek data hori baino lehen erregelamenduaren ondorio negatiboak azaltzea.

Horri dagokionez, Bizirun Elkarteak dagoeneko ohartarazi du Gipuzkoako ehunka familia prekarietate eta eskubide sozialen gabezia egoeretara itzuliko direla. Atzerritarrei buruzko Erregelamendu berriak ondorio positiboak izango ditu etorkin askoren bizileku eta lan-baimenetarako sarbidean, baina elkarteak ohartarazi du beste pertsona askorentzat ondorioak oso negatiboak izango direla, haien eskubide sozialak murriztu edo desagertu egingo baitira.

Errealitate horren aurrean, Elkarrekin Podemosek eskatu du kolektibo horrek presazko agerraldia egin dezala Zainketen eta Gizarte Politiken Batzordean, Atzerritarren Araudi berria indarrean jartzeak ekarriko dituen ondorio guztien berri emateko.

Eskubide sozialen aldeko Bizirun Elkartea 2024ko ekainean eratu zen formalki, eta 2020ko maiatzetik ari da Irungo eta eskualdeko pertsona eta familia zaurgarriei laguntzen, oinarrizko eskubide sozialak (laguntza sozialak, BGD, DSBE, paperik gabeko etorkinen erregularizazioa, osasun publikorako sarbidea, pentsioak, nazionalitatea, etab.) eskuratu ahal izateko informazioa eta erraztasunak emateko.

Elkarrekin Podemosek nabarmentzen du elkarte horren lanaren funtsezko ezaugarria familia horiekiko konpromiso jarraitua dela; izan ere, haien ahultasunak, legeen eta dekretuen konplexutasuna eta administrazioen funtzionamendu eskasa nekez gaindi daitezkeen oztopoak dira, eta, ondorioz, gizarte-eskubide teoriko horiek eskuraezinak dira batzuetan gehien behar dituzten pertsonentzat eta familientzat.

Elkarte horrek, gogorarazi du Elkarrekin Podemosek, ez du diru-laguntzarik jasotzen, ez publikorik ez pribaturik, eta elkartea osatzen duten boluntarioen lanean soilik oinarritzen da.

 PODEMOS Ahal Dugu

Recibe nuestros newsletters

Invalid Input
Invalid Input