Elkarrekin Podemos-IUk azalpenak eskatu dizkio Eusko Jaurlaritzari errefuxiatuak hartzeko zentro bat sortzearen inguruan sortutako polemika dela eta
Miren Gorrotxategik kritikatu egin du gobernukideen “liskar politikoa”, eta honako hau adierazi du: "Lehen mailako gai humanitarioa da hau, eta behar adinako garrantzia du ez egiteko ez politikarik ezta akusaziorik ere. Kezkagarria iruditzen zaigu horrelako gai bat eztabaidarako elementua izatea, prentsako titularren bitartez”
Koalizioak jakin nahi du noiztik jakin zituen Urkulluren Kabineteak Ministerioaren asmoak, ea kabineteak uste duen Euskadik eskaintzen dituen harrera-baliabideak nahikoak direla eta zabaltzea aurreikusten ote duen, eta EAJk eta PSEk harrera-arloan estrategia komun bat partekatzen duten ala ez
Elkarrekin Podemos-IUk galdera sorta bat erregistratu du Eusko Legebiltzarrean, Eusko Jaurlaritzak Gasteizen errefuxiatuen zentro bat ezartzeko aukeraren inguruan sortu den eztabaidari buruzko informazioa eman dezan.
Galdera sorta honekin batera doan justifikazioan, Elkarrekin Podemos-IUk adierazpenen kronologia bat errepasatu du, eta, bere ustez, beharrezkoa da Eusko Jaurlaritzak azalpenak ematea horrelako gai sensible baten egoerari buruz.
Joan den asteartean, Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak errefusatu egin zuen Gizarteratze, Gizarte Segurantza eta Migrazio Ministerioak Gasteizen proiektatutako harrera-zentroa, baina aitortu zuen bere Gobernuak proiektuari buruzko informazioa jaso zuela Ministerioaren aldetik, obraren lizitazioa egin aurretik.
Eneko Andueza PSEko idazkari nagusiak gaur Radio Euskadin adierazi duenez, Iñigo Urkullu lehendakariak eta Artolazabalek berak duela hilabete dezente bazuten proiektuaren berri, eta EAJ “herrialde honetako eskuin zaharkitutik gertu” kokatu du.
Espainiako Gobernuak Euskadin duen ordezkariak, Denis Itxasok, EAJri eskatu dio ez dezala erabili “hain sutsua den gai bat”, eta adierazi du duela lau urte Lehendakaritzak berak eskatu zuela higiezin hori gaitzea. Gainera, Gobernu zentralak euskal erakundeekin etengabeko harreman politikoa izan duela adierazi du, eta zentro hori martxan jartzeko asmoa aspalditik jakina zela.
Miren Gorrotxategi Elkarrekin Podemos-IUk Eusko Legebiltzarrean duen bozeramailearen hitzetan, “errefuxiatuen zentroaren kontura PSEren eta EAJren arteko liskarraren lekuko izan gara, eta uste dugu gai humanitarioa dela, lehen mailakoa, eta nahikoa garrantzi duela politikarik ez egiteko ezta akusazioak gurutzatzeko ere. Kezka handia sortzen digu horrelako gai bat prentsako titularren arteko eztabaida-elementua izateak.Hori ez da serioa”.
Horregatik, ekimen honen bidez eta gurutzatutako adierazpen horiek sortutako nahasmenaren aurrean, Elkarrekin Podemos-IUk honako hauek jakin nahi ditu:
- Eusko Jaurlaritzak noiztik zekien Gizarteratze, Gizarte Segurantza eta Migrazio Ministerioak Gasteizen errefuxiatuak hartzeko zentro bat sortzeko asmoa zuela;
- Eusko Jaurlaritzak zentro horri buruz zuen informazio zehatza;
- Eusko Jaurlaritzak uste ote duen gaur egun Euskadin erabilgarri dauden baliabideak nahikoak direla Migrazioari eta Asiloari buruzko EBko Itunean jasotako erantzukizunaren eta elkartasunaren bidezko banaketa lortzeko;
- Ea gaur egun harrerarako erabiltzen dituen baliabideak handitzeko asmoa duen;
- Eta Eusko Jaurlaritzako bazkide diren EAJk eta PSEk harrera-arloko estrategia bera duten ala ez.
PODEMOS Ahal Dugu