2022ko Aberri Eguna: Aberria ez da ikurrina astintzea zerbitzu publikoak pribatizatzen diren bitartean

Gaur, Podemos Ahal Dugu-n, hainbat eta hainbat euskal herritar bezala, Aberri Eguna ospatzen ari gara, eta jakitun gara herria ez dela egun bakar batean defendatzen, baizik eta egunero. Podemos Ahal Dugu-n gure erakundeak eta zerbitzu publikoak sendotzeko egiten dugu lan, hori baita gure herria ulertzeko dugun modua ondoen definitzen duena. Euskal herritarren papera erabakigarria da gure etorkizuna zehazteko orduan. Hemengo herritarrak dira Euskadiren eraikuntzaren protagonistak, eta betidanik izan da horrela.

Izan ere, aberria bertako jendea da batez ere; Euskaditik kanpo etorritako meatzariak dira, 1890ean Zugaztietatik Ezkerralde osorako grebak zabaldu zituztenak; frankismo garaian gure ikurrak debekatuta zeudenean, geure berezko nortasuna aintzat hartzen hasi zirenak dira; Euskalduna ixtearen aurkako mobilizazioak dira; martxoaren 8an gure kaleak gainezka dituzten emakumeak dira; pandemiaren hasieratik gu zaintzen gaituzten Osakidetzako profesionalak dira, munduko beste bazter batzuetatik datozen errefuxiatuak eta immigranteak dira, eta gure herrialdean bizi direnak eta bertan lan egiten dutenak dira, bidezkoa, solidarioa eta anitza den Euskadi bat eraikitzen dutenak; Izan ere, aberria ez da dimentsio bakarreko sentimendu bat, denok barne hartzen gaituen kontzeptu zabal bat da, komuna dena defendatzen duen sentimendu anitza eta askotarikoa.

Kulturak eta historia espezifikoak eta bere hizkuntza komunak (euskara) determinatutako nazioa da Euskadi. Baina aberria hori baino gehiago da, eta sentimendu eta sinbolo mota desberdinak hartzen ditu barne. Aberria inklusiboa da, multzoa zaintzen duten erakundeak eraikitzen dituelako. Eta Euskadi printzipio demokratikoetatik eraiki behar dugu, bere heterogeneotasuna eta aniztasuna onartuz, hor baitago bere  aberastasuna. Horregatik defendatzen dugu erabakitzeko eskubidea; bertako jendearen bizitzan eragina duen edozein gairi buruz erabakitzeko eskubidea. Eta esan digutena ez bazala, asko dago erabakitzeko.
Subiranotasuna herrikoia da, herriarengan datza, eta horrekin eraikitzen ditugu gure eskubideak eta erakundeak.

Subiranotasuna ez da lurralde baten legezko kokapenera mugatzen; aitzitik, gure harremanak, baita ekonomikoak ere, nola gobernatzen ditugun erabakitzeko ere balio baitu. Subiranotasuna saltzen dutenak gure kutxak pribatizatu zituztenak edo Euskaltelek oparitu zituztenak dira, gure zerbitzu publikoak husten dituztenak dira, etxebizitza bat edukitzeko dugun eskubidearekin putre funtsek negozioa egin dezaten defendatzen dutenak dira, oligopolio energetikoa jendearen kontura aberasten uzten dutenak dira, erantzukizun publikoa izanik euskal herritarrei lapurtu dietenak edo eskubide sozialen sinboloak gainetik jartzea nahiago duten horiexek dira. Aberria ez da ikurrina astintzea zerbitzu publikoak pribatizatzen diren bitartean.

Euskal eskumenak parte-hartze politikoko prozesuen emaitza dira, baina ez dugu hor geratu behar. Autogobernua gehiengo sozialen zerbitzura dagoen tresna bihurtzeko dugun gaitasuna da euskal espezifikotasunaren alderdi garrantzitsuena. Kontua ez da hainbeste daukaguna, baizik eta zertarako erabiltzen dugun. Fiskalitateak administrazioek aberastasuna birbanatzeko balio behar du, Osakidetzan gertatzen ari diren kaleratzeak saihesteko balio behar du osasungintzak; hezkuntzak balio behar du Euskadira iritsitako edozein haurrek gainerako haurren aukera berberak izan ditzan; eta euskal ekonomiak ziurtatu behar du gizarte gisa behar ditugun oinarrizko zerbitzuak, hala nola energia, euskal herritarren eta arlo publikoaren kontrolpean egongo direla. Autogobernuak gizarte justuago bat eraikitzeko balio behar du, justizia sozialetik abiatuta ulertzen baitugu Euskadi.

Aurtengo Aberri Egunak Euskadiren etorkizunaz hausnartzeko balio digu. Euskal gizarte osoa gonbidatu nahi dugu, sinbolo desberdinekin identifikatzen bagara ere, aberriaren kontzeptua birpentsatzera, oraingo bake- eta bizikidetza-giroaren barruan Euskadiren definizioa bila dezagun, gure gizartearen heterogeneotasun guztia, esentzialismorik gabe, barne hartuko duena.

 PODEMOS Ahal Dugu

Recibe nuestros newsletters

Invalid Input
Invalid Input