“Biharko greba orokorrak mugarri izan behar du, botere guztiak etxebizitza-politika eraginkorrak behingoz hartzera behartzeko”
Hauteskunde orokorretarako Podemosen Euskadiko Kongresurako zerrendaburuek azaroaren 11n parte hartzeko eta herrialdea geldiarazteko deia egin diete herritarrei sare sozialetan zabaldutako bideoetan
Podemos Euskadik bat egiteko deia egin die euskal herritarrei biharko etxebizitza-eskubidearen aldeko greba orokorrarekin. Greba hori euskal gehiengo sindikalak deitu du, Maizterren Sindikatuaren eskaerari erantzunez. Greba orokorrak mugarri izan behar du, botere guztiek behingoz gai honetan neurriak har ditzaten. Horretarako, alderdi morearen iritziz, herrialdea geldiarazi egin behar da, etxebizitza duin bat eskuratzeko aukera benetan bermatuko duten politikak eskatzeko.
Kaleek aldarrikapenez bete behar dute, eta, ildo horretan, Podemos Euskadik bat egingo du Euskadiko hainbat tokitan deitutako mobilizazioekin. Bertan izango dira alderdiaren arduradun organiko eta instituzional nagusiak, azaroaren 29ko hauteskunde orokarietarako hautagaiak eta alderdiko militanteak.
Podemos Euskadik herritarrekin batera ozen aldarrikatuko du ez ditugula putre-funtsak nahi gure auzoetan, ez ditugula onartzen errentatzaileentzako pribilegioak giza bizitzen kontura, eta etxebizitzak bizitzeko direla, ez espekulatzeko. Etxebizitzaren arazoak gizatasunaren mugak gainditu ditu, inolako eskrupulurik gabeko negozio asegaitz baten ondorioz. Negozio horrek pertsona askoren duintasuna eta etorkizuna ez ezik, giza bizitzak ere suntsitzen ditu. Sistema honek bizitzak kentzen ditu: gizatasuna berreskuratu eta neurri errealak hartu behar ditugu etxebizitza-larrialdi larriari berehala aurre egiteko.
Jose Manuel de Pablos: “Lan egin eta etxebizitza ordaindu ezina ezin dugu normaltzat jo: gutxi batzuek dirutza irabazten duten bitartean, pertsona gehiegik ezin dute bizi-proiektu bat gauzatu”
Ildo horretan, Podemosek are irmoago aldarrikatuko du biharko jardunaldian etxebizitzaren arazo konplexua konpontzeko proposamen ausartak ezartzeko beharra. Arazo horrek eredu-aldaketa estrukturala eskatzen du. Horri dagokionez, azaroaren 29ko hauteskunde orokorretarako Bizkaiko Kongresurako zerrendaburu Jose Manuel de Pablosek adierazi du premiazkoa dela etxebizitza-sindikatuek eskatzen dituzten neurriak hartzea: alokairuak lege bidez % 50 jaistea; etxebizitzak saltzea eragoztea, bertan bizitzeko ez bada; putre-funtsei etxebizitzen erabilera desjabetzea; alokairu-kontratuak mugagabeak izatea bermatzea, kontratuak ez berritzeko arrazoiak mugatuz; eta etxegabetzeak eragoztea, baldin eta etxebizitza-alternatiba duin bat eskaintzen ez bada.
“Podemosen azaroaren 11ko grebarekin bat egiten dugu, etxebizitza-eskubidearen alde. Eta zuei ere mobilizatzera animatu nahi zaituztegu. Lan egin eta etxebizitza ordaindu ezina ezin dugulako normaltzat jo. Inork ez luke beldurrez bizi behar, alokairua hainbeste igoko dioten beldurrez, bere etxetik alde egin behar izateraino. Gutxi batzuek dirutza irabazten duten bitartean, pertsona gehiegik ezin dute bizi-proiektu bat gauzatu”, adierazi du De Pabl os-ek sare sozialetan argitaratutako bideo batean.
Maite Gartzia: “Azaroaren 11n kalera ateratzera animatzen zaituztegu, etxebizitza bat izatea kezka izateari utzi eta bermatutako eskubide bihur dadin”
Ildo beretik, Gipuzkoako Kongresurako zerrendaburu Maite Gartziak ere salatu du milaka familia hilabete amaierara iristeko larritasunean bizi direla. “Irabazten dugunarekin, nola ordainduko dugu alokairua?”, galdetu du, sare sozialetan zabaldutako bideo batean. “Galdera horren atzean bizitza asko daude geldirik. Emantzipatu nahi duen baina ezin duen jendea. Bere auzotik alde egin behar duen jendea. Hilero kontuak egin behar dituena, etxean jarraitu ahal izango duen jakiteko. Ezin gara horrela bizitzera ohitu. Etxebizitza bat izateak atseden hartzeko, planak egiteko eta larritasunik gabe bizitzeko aukera ematen du”, adierazi du.
Horregatik eta beste hainbat arrazoirengatik, azpimarratu duenez, “Podemosetik azaroaren 11ko greba babesten dugu, etxebizitza duin baten alde”. “Ordaindu daitezkeen alokairuak nahi ditugu, eta gure lanaren bidez bizitzeak etxebizitza bat izateko aukera ere ematea nahi dugu. Azaroaren 11n kalera ateratzera animatzen zaituztegu, etxebizitza bat izatea kezka izateari utzi eta bermatutako eskubide bihur dadin”.
Garbiñe Ruiz: “Erakundeek jardun egin behar dute. Ezin diegu hilabete amaierara iristen ez direnei pazientzia eskatu. Azaroaren 11ko greba entzunarazteko eta gure bizitzak lehentasuna izan daitezen eskatzeko modu bat da”
Bestalde, Araba Kongresurako zerrendaburu Garbiñe Ruizek ere ohartarazi du, sare sozialetan zabaldutako bideo baten bidez, “lan duina defendatzeak etxebizitza izateko eskubidea defendatzea ere eskatzen duela”. “Soldata-hobekuntza orok indarra galtzen du etxebizitzarekin negozioa egiten dutenen poltsikoetara iristen bada”, adierazi du.
Asteazken honetan, Euskadiko Podemos konponbideak eskatzeko antolatzen ari direnen alboan izango da, eta, Ruizek azpimarratu duenez, “konponbide horiek erabaki politikoak behar dituzte: alokairuak jaistea, espekulazioa geldiaraztea eta etxebizitza publikoaren eskaintza handitzea”. “Erakundeek jardun egin behar dute. Ezin diegu hilabete amaierara iristen ez direnei pazientzia eskatu. Greba hau entzunarazteko eta gure bizitzak lehentasuna izan daitezen eskatzeko modu bat da. Azaroaren 11n, mobilizatu egingo gara. Gure ahaleginak bizitzeko balio dezala”, amaitu du.
PODEMOS Ahal Dugu