"Jaurlaritzara iristean egingo dugun lehenengo gauza klima-aldaketaren euskal legea iraultzea izango da, askoz ere anbizio handiagokoa egitea eta Petronorren eragin osoa ezabatzea"
Juantxo Lopez de Uralde Eusko Legebiltzarrerako Arabako zerrendaburuak eta Leticia Jimenez hautagaiak Elkarrekin Podemosen ekologismoaren inguruko politikak azaldu dituzte gaur arratsaldean Gasteizen egingo den ekitaldi nagusian
🗣 Juantxo López de Uralde: "Repsolen presioa aski ongi pairatu genuen klima aldaketari buruzko estatuko legean, baina ez zuten ezer lortu. Euskal legean, aldiz, argi eta garbi islatzen dira petrolio-industriaren interesak. EAJk, PSEk eta EH Bilduk Repsol, Petronor eta Josu Jon Imazen eskaerak jasotzen dituen legea onartu dute, eta ez da behar dugun erantzuna. Klima-aldaketaren euskal legeak alfonbra gorria jartzen die klima-aldaketaren aurkako irtenbide faltsuei, eta Jaurlaritzara iristean egingo dugun lehenengo gauza izango da hura aldatzea, askoz ere anbiziotsuago bihurtzea eta Petronorren eragin osoa ezabatzea.
Orain arte oposizioa egiten egon gara, balio ekologiko handia duten eremuak ez suntsitzeko, baina jada ez da nahikoa oposizioan aritzea. Urrats bat eman behar dugu eraso egiteko, gure naturguneak eta galtzeko arriskuan dauden espezieak berreskuratzeko. Desagertzear dagoen espezie bakoitza berreskuratzeko plan propioa garatuko dugu.
Euskal naturaren harribitxia den Urdaibaiko biosferaren eremuan Guggenheim instalatzeko proiektua eragotziko dugu. Eremu hori nortasun juridiko propioaz hornituko dugu, naturgunea defendatzeko tresna gehiago izateko. Ingurumen politikak funtsezko ardatza izango dira Elkarrekin Podemosen jarduera osoan. Etorkizuneko ezkerreko gobernua osatzeko erabakigarriak bagara, ingurumen-politika guztiak aldatzeko aukera izango dugu"
🗣Leticia Jiménez: "Euskadin Natura Lehengoratzeko Lege bat behar dugu egoera txarrean dauden euskal habitaten % 80 konpontzeko. Hala ere, argi daukagu tirita ez dela gaixotasunaren irtenbidea; beraz, prebenitu egin behar da, eta ez sendatu. Horregatik, Gasteizko mendiak Parke Natural izendatu nahi ditugu. EAJk eta PSEk dagoeneko Parke Eoliko bat proiektatu dute Azazetako Korridore Ekologikoaren ondoan, Arabako Foru Aldundiak berak kontrako txostenak egin dituen arren.
Eta, horregatik, lurreko eta aireko korridore ekologikoak aitortu eta babestuko dituen legeria espezifikoa bultzatuko dugu. Nekazaritza-lurrak babesteko lege bat garatuko dugu, lur emankorrak industrial edo urbanizagarri egiteari muga jartzeko, hemendik urte batzuetara zer jan izan dezagun, ahal dela kalitatearekin.
Neurri horiek Euskadin gure biodibertsitatea eta ingurumena babesteko konpromiso irmo eta etengabearen hasiera baino ez dira".
PODEMOS Ahal Dugu