Skip to main content

Artzentales-Sopuerta zentral eolikoa ez dator bat legediarekin

Hegazti Nekrofagoak Kudeatzeko Baterako Planaren, indarrean dagoen energia eolikoaren LPSaren eta inguruko LPParen aurkakoa da Proiektua / Eneritz de Madariaga:  “EAJ arduragabe jokatzen ari da energia berriztagarrien hedapenaren kudeaketan”

Joan den urtarrilaren 11n, Elkarrekin Podemos-IU batzarkide taldeak Artzentales-Sopuerta zentral eolikoaren proiektuari buruz Bizkaiko Foru Aldundiak egindako dokumentazio guztia eskatu zuen. Dokumentu horien artean dago BFAko Iraunkortasuna eta Ingurune Naturala Zaintzeko Departamentuko Ingurumen Zuzendaritza Nagusiak egindako txosten teknikoa.

Txostenak ondorioztatzen du proiektua ez datorrela bat ingurumenari, biodibertsitatea babesteari eta lurralde-antolamenduari buruzko legeriarekin. Arrazoi nagusietako bat da proiektu hori Euskadiko Hegazti Nekrofagoak Kudeatzeko Baterako Planaren aurkakoa izango litzatekeela. Testuak hau adierazten du: “eskuragarri dagoen informazioarekin, eta aurretiazko balorazio bat egin ondoren, baiezta daiteke Hegazti Nekrofagoak Kudeatzeko Baterako Planaren aurreikuspenek eragotzi egiten dutela planteatutako Artzentales-Sopuerta instalazio eolikoa”. Ondorio hori “sai zuriari kalte larria eragingo” liokeela aztertu ondoren egin da, eta “litekeena da haren kontserbazio-egoerak okerrera egitea.” Espezie hori kaltebera gisa katalogatuta dago EAEko eta estatuko legeriaren arabera, eta desagertzeko arriskuan dago nazioarteko mailan.

Errota guztiak sai zuriarentzako eremu kritikoetatik 10 km baino gutxiagora daude, baita 1. eta 2. erroten kasuan ere, habiak egiteko 1.000 metro baino gutxiagora. Gainera, Muskizeraino sortutako energia husteko goi-tentsioko lineak proposatutako bi aukerak habiak egiteko hainbat lekutatik 1000 metro baino gutxiagora doaz, 5km-tan zehar.
Enkarterri Iberiar penintsulan sai zuria ugaltzeko garrantzi handiena duen eremuetako bat da, eta, txostenaren arabera, hegaztiek errotekin istripuak izateko aukera argia da, eta ale helduak hil daitezke habiak egiten diren bitartean. Beraz, informazio honekin baiezta daiteke sai zuriaren egoerak eta kontserbazio-helburuek eragotzi egiten dutela proiektuaren hasierako dokumentuan planteatutako Artzentales-Sopuerta instalazio eolikoa.

Txostenak gaineratzen du proiektatu zen lurraldearen zati bat Hegazti-faunaren Babes Eremua dela, goi-tentsioko lineetan izandako talka eta elektrokuzioaren aurka, eta erroten lerrokadura guztia IBA (Important Bird Area) delako eremuan dagoela, 422 Kostaldearen Ekialdeko Mendian.

Legeriaren arabera, hegazti horiei eragiten dieten proiektu guztiek Foru Aldundiaren nahitaezko txosten loteslea behar dute.

Interes bereziko paisaia

Izapidetzen ari den Energia Berriztagarrien Lurraldeko Plana Sektoriala LPSari dagokionez, oraindik onartu ez bada ere, ingurumen-ebaluazioaren esparruan nahitaezko Irismen Dokumentua du. Dokumentu horren arabera, txostenean zehazten den bezala, gutxienez, debekatuta egongo litzateke proiektatutako errotetako 3 eraikitzea (1, 2 eta 4).

Bestalde, Balmaseda-Zallako (Enkarterri) LPP Lurralde Plan Partzialak zonaren balio naturala eta kulturala jasotzen du interes bereziko paisaiatzat, eta, beraz, lurraldearen jatorrizko morfologia zaintzeko beharra jasotzen du.

Indarrean dagoen energia eolikoaren LPSari ere egiten dio erreferentzia. Bizkaiko Foru Aldundiak adierazi du proiekturako aukeratutako kokapena ez dagoela indarreko LPSak parke eolikoak ezartzeko aukeratutakoen artean, eta, beraz, proiektuak lurraldearen eta ingurumenaren gaineko eraginaren diagnostikoa beharko lukeela, Plan Berezi bat eginez.

Bestalde, muinoan bertan, Alengo Estazio Megalitikoa dago, Kultur Ondasun izendatua. Beraz, Foru Aldundiak gogorarazi du IEAk ondasun kualifikatu horien gaineko eraginak aztertu beharko dituela.

Argitasunik eza

Eneritz de Madariaga Elkarrekin Podemos-IUko bozeramaileak azaldu duenez, “oraingoz Foru Aldundiak egiten dituen oharrak baino ez dira, baina eraginak hain handiak direnez, proiektua bere osotasunean bideraezina da”. Era berean, gizarte, auzo eta ekologisten erakundeen lana goraipatu du. “Herritarren presioak emaitza onak dakartza”, adierazi du.

Koalizioa kezkatuta dago beste gai batzuengatik, hala nola prozesuen gardentasun faltagatik. “Azken hilabeteetan osoko bilkurak egin dira eragindako udaletan, eta horietako inork ez zuen txosten horren berri. Bizkaiko Foru Aldundiak edo Eusko Jaurlaritzak zergatik ez diete informazio hori udalei helarazten?”, galdetu du taldeko bozeramaileak. Gainera, ondokoa adierazi du de Madariagak.: “Etxanoberen saila arduratzen da udalerrien eta Foru Aldundiaren arteko harremanez. Hori dela eta, ez al da gai garrantzitsu bat Diputatu Nagusi izateko aurkeztuko dena Udalekin koordinatzeko, denak alderdi berekoak baitira?”,

Elkarrekin Podemos-IU ere kezkatuta dago alderdi berak “erakunde ezberdinetan duen konsistentzia eta koherentzia faltagatik”. “Hau da, hainbat mozio onartu dira udaletan, adibidez Sopuertan eta Artzentalesen, proiektu horren aurka, edo Foru Aldundiak, baita EAJk ere, bideragarria ez dela esateak ez du esan nahi EAJk Eusko Jaurlaritzan argi berdea emango ez dionik”, azaldu du batzarkide-taldeko bozeramaileak, Gatika eta Bordeleren arteko itsaspeko interkonexioa edo Arabako Azazeta proiektua adibidetzat jarrita.

De Madariagak ondorioztatu du “argitasun falta nabarmena” dagoela “Euskadiko proiektu eoliko guztien inguruan, eta informazio hori udalei ere ez helaraztea horren erakusle” dela. Adierazi du ez dagoela interesik herritarrek eta udalek parte har dezaten, “ez dagoelako bide-orririk markatuta, ez dagoelako plangintzarik”, eta EAJri leporatu dio “arduragabea izatea energia berriztagarrien hedapenaren kudeaketan, bere interes partikularrak eta energia-interes handienak interes orokorraren gainetik jartzen dituelako”.

 PODEMOS Ahal Dugu

Recibe nuestros newsletters

Invalid Input
Invalid Input