Skip to main content

Semaforoak optimizatzea proposatu dugu, oinezkoak eta txirrindulariak lehenesteko.

Itxaronaldiak murriztea eta bide-segurtasuna hobetzea du helburu ekimenak, hiriko trafikoaren kudeaketa eraginkorragoa eta iraunkorragoa eginez.

Elkarrekin Podemos Bilbao udal taldeak proposamen bat aurkeztu dio Udaleko hurrengo Osoko Bilkurari, hiriko semaforoen minutajea optimizatzeko helburuarekin, oinezkoen eta txirrindularien segurtasuna eta arintasuna lehenetsiz motordun trafikoaren aurrean.

Ekimenak proposatzen du Mugikortasun eta Jasangarritasun Arloari eskatzea semaforo-gurutzaketetan dauden itxaronaldiak berrikusteko, mugikortasun eredu iraunkorrago, irisgarriago eta orekatuago baterantz aurrera egiteko. Proposamenak bat egiten du 2015-2030 aldirako Hiri Mugikortasun Iraunkorreko Planean jasotako konpromisoekin. Plan horrek semaforo-zikloak murrizteko eta oinezkoentzako igarotze-denborak luzatzeko beharra jasotzen du.

Elkarrekin Podemos Bilbaoren ustez, berrikuspen horrek bizikleta bidezko mugikortasunaren beharrak ere barne hartu behar ditu, hiri-politika modernoetan funtsezko ardatz gisa duen eginkizuna indartuz. Alde horretatik, proposamenak hainbat neurri jasotzen ditu, hala nola itxaronaldiak murriztea, oinezkoentzat eta bizikletentzat soilik diren faseak ezartzea, eta teknologia adimendunak erabiltzea semaforo-zikloak denbora errealean egokitzeko.

Ana Viñals udal taldeko bozeramaileak ekimenaren garrantzia azpimarratu du: "Bilbok beste pauso bat eman behar du benetan iraunkorra den mugikortasun baterantz. Ez du zentzurik oinez edo bizikletaz mugitzen direnek itxaronaldi neurrigabeak jasaten jarraitzea motordun trafikoaren aurrean".

Viñalsek hiriko hainbat auzotan atzemandako bizilagunen kexak ere aipatu ditu: "Herritarren eskaera ugari jaso ditugu, semaforo askotan desoreka nabarmena dagoela agerian uzten dutenak. Egoera horiek zuzendu behar dira, hiri atseginagoa, seguruagoa eta pertsonentzat pentsatuagoa bermatzeko".

Era berean, bozeramaileak nabarmendu du semaforo-sistemaren optimizazioak dinamikoa izan behar duela eta hiriaren behar aldakorretara egokitu behar dela: "Teknologiak aukera ematen digu trafikoaren kudeaketa adimentsuago baterantz aurrera egiteko. Horren alde egitea bizi-kalitatearen eta hiri-eredu modernoago eta iraunkorrago baten alde egitea da".

 PODEMOS Ahal Dugu

Recibe nuestros newsletters

Invalid Input
Invalid Input