Elkarrekin Podemosek udal gobernuari eskatu dio premiaz buka dezala ordenantza, atzerapenik gabe ezartzeko itzulkin soziala ekarriko duen tasa turistikoa
Elkarrekin Podemosek mozio bat defendatuko du bermatzeko egonaldi turistikoen gaineko zerga ezartzen dela Gasteizen eta ziurtatzeko hirian egoteagatik turistek ordaindu beharreko tributuaren bitartez lorturiko baliabideek hobekuntzak ekarriko dituztela udal zerbitzuetan, azpiegituretan eta herritarren bizi kalitatean
Elkarrekin Podemosen ustez, udalerriak aukera du aurrea hartzeko turismoaren hazkundeak dakartzan erronkei, nola eta baliabide batekin, zeinak modua emango baitu, saturazio arazoak agertu aurretik ere, eredu iraunkor, garden eta mesedegarri bat planifikatzeko hiri osorako
"Turismo arloko politikarik onena da arazoei aurrea hartzen diena. Turismoaren hazkundeari aurrea hartzeko aukera dugu, bai eta etorkizun hori orekaz eta denon interesaren izenean antolatzeko ere, zain egon gabe gerora kudeatzen zailak izango diren egoerei": Garbiñe Ruiz
Elkarrekin Podemos erabat ziur da turismoak hobekuntzak ekarri behar dituela bidaiariak hartzen dituzten eskualdeetan. Hala, datorren Udalbatzarrean, mozio bat defendatuko du bermatzeko iragarritako epean (2027ko urtarrila) ezartzen dela Vitoria-Gasteizko egonaldi turistikoen gaineko zerga, eta ziurtatzeko, hala, formula horren bitartez herritarrentzako itzulkin sozial bat sortzen dela zerga berri horrek ekarriko dituen baliabideekin.
Zerga arautzen duen foru arau onartu berriak tresna bat jarriko die eskura Arabako udalerriei ez bakarrik dirua biltzeko gaitasuna duena, zeren eta modua emango baitu, halaber, turismo eredua herriz herri bideratzeko ere. Alde horretatik, Vitoria-Gasteizko Udalaren ustez, lehen bai lehen bukatu behar dira abiaturiko alderdi tekniko, juridiko eta ekonomikoak eta onartu tributua erregulatuko duen udal ordenantza. "Arlo batzuetan, gobernu honek gauzak gerora uzteko joera izan du; horregatik, geure burua beharturik ikusi dugu, hala komeni delakoan, jarraipen zorrotz bat egitera, kronograma bete dadin eta ordenantza atzerapenik gabe martxan jar dadin eta, horrekin batera, tasaren kobrantza", adierazi du Elkarrekin Podemoseko bozeramaileak, Garbiñe Ruizek.
Elkarrekin Podemosek gogorarazi du gaur egun Gasteiz ez dela pairatzen ari turismoaren masifikazioa beste hiri helmuga batzuk bezala. Horrexegatik, haren ustez, oraintxe da une egokia aurretiaz jokatu eta turismo eredu iraunkor bat definitzeko, modua emango duena turismoak dakarren jarduera ekonomikoa bateratzeko udalerrian bizi direnen bizi kalitatearekin.
"Turismo arloko politikarik onena da arazoei aurrea hartzen diena. Gasteizen etorkizuna orekaz eta denon intereserako planifikatzeko aukera dugu, zain egon gabe kudeatzen zailak diren gorabeherak noiz etorriko", azaldu du Elkarrekin Podemoseko bozeramaileak, Garbiñe Ruizek.
Mozioak planteatzen du zerga ezartzearekin batera aurrekontuetan konpromiso bat hartzeko non baliabideak bideratuko baitira udal zerbitzuak indartzera, azpiegiturak hobetzera eta jarduera turistikoak dakartzan ondorioak behar bezala kudeatzen laguntzera. "Tasa horrek aukera emango dio udalari baliabide gehigarriak sorrarazteko eta, hala, Gasteiz atseginagoa eta kohesionatuagoa egiten duten politika publikoak eta zerbitzuak indartzeko", azpimarratu du Ruizek.
Elkarrekin Podemosen ustez, hiria bisitatzera eta bertako espazio publikoez, ekipamenduez eta zerbitzuez gozatzera etortzen direnek ekarpen txiki bat egin behar dute baliabide kolektibo horiek zaintzeko eta hobetzeko. Ekarpen horrek, gainera, herritar guztien mesederako izan behar du. Elkarrekin taldearen ekimena osatzeko, gardentasun konpromisoa eskatu dute eta kontuak garbi emateko; alde horretatik, proposatu dute udal gobernuak urtero jakinaraz dezan zenbat diru bildu den zergarekin eta zertara bideratu den.
Proposamen horrekin, Elkarrekin Podemosen asmoa da hiriak berak erabaki dezan, bere erakunde demokratikoen bitartez, nola aplikatu tresna fiskal hori eta zein helburutarako, turismo eredua iraunkorra, orekatsua eta sozialki baliagarria izan dadin.
PODEMOS Ahal Dugu