Gazteleku bat sortzea proposatu dugu, erreferentziazko aisialeku bat 12-20 urteko nerabeak sozializatzeko
Gazteen etxabeen erabilera %5 jaitsi denez, udal taldeak uste du ez dagoela gaur egun alternatibarik gazteak elkartu eta erlazionatzeko eta adiskidetasunaz gozatzeko
Eskatu dute era parte hartzailean diseinatzeko espazio horien funtzionamendua, genero ikuspegia aintzat hartuz
"Topagune horrek balio behar du espazioko eta taldeko kide izatearen sentimendua berresteko, eta erreferentziazko gune ere izango litzateke gazteentzat, esklusiboki haiek erabiltzeko, Bizan gune soziokulturalak adinekoek erabiltzeko diren bezala", esan du Garbiñe Ruiz bozeramaileak
Elkarrekin koalizioak, Podemos Euskadi, Berdeak Equo, Ezker Anitza-IU eta Alianza Verde taldeek osatuak, mozio bat defendatuko du datorren Udalbatzarrean abenduaren 15ean, Gasteizen erreferentziazko aisiagune bat sortzeko 12-20 urtekoen sozializaziorako balioko duena.
Gasteizen 20.715 pertsona daude adin tarte horretan eta gazteen etxabeen erabilera %5 erori denetik —bete-betean egon zen formula hori orain urte batzuk—, Gazteen Euskal Behatokiaren Euskadiko gazteak 2020/2021 txostenak dakarrenez, bere kidekoekin elkartzeko, erlazionatzeko eta sozializatzeko alternatiba faltan dago kolektibo hori.
Gauzak horrela, III. HANUP plana elaboratzeko aurretik egindako diagnostikoaren datuak ikusita, zeinek erakusten baitute gazteak adiskideekin denbora aurrez aurre pasatzeak gogobetetzen dituela —%61,5— beste jardueren gainetik. Elkarrekin taldearen ustez, udalak pauso bat eman behar du eta gazteriak seinalatutako behar horri erantzun. Udal taldearen ustez, udalak kolektibo horrentzako eskaintza handitu behar du, eta udal topagune erakargarri bat sortu, haien behar eta desiretara egokitua. Zerbitzuak balioko du harreman pertsonalak sustatzeko, eta orobat informazioa eta aholkularitza emateko beren adin tartean interesatzen zaizkien gaien inguruan.
Elkarrekin taldeak, gainera, proposatzen du gazteriak aktiboki parte hartzea zerbitzu horren diseinuan eta funtzionamenduan, betiere genero ikuspegia aintzat hartuz.
"Etxabeak aisiarako, jolaserako eta elkarrekin egoteko tokiak ziren gazteentzat, eta modua ematen zieten aisialdi ekonomikoago batez gozatu eta elkartzeko; gainera, autonomia eta intimitatea ematen zieten familienganako. Baina formula hori goraldian egon bazen, erori egin da motibo bategatik baino gehiagogatik. Baliabide hori gabe gelditu dira, eta, esklusiboki haientzat litzatekeen udal lokal bat irekiz gero, gaur egun alboratuak dauden haien beharren parte on bat estalita lukete", azpimarratu du Garbiñe Ruizek. Elkarrekin taldeko bozeramaileak azaldu du "erreferentziazko toki bat" izango litzatekeela gazteentzat, "esklusiboki haientzat, Bizan Zentro Soziokulturalak adinekoentzat diren bezala".
Hura sortuta, gainera, Haur eta Gazteen Sailak dituen helburuetako bati erantzungo litzaioke, haurren eta nerabeen aisialdirako baliabideak handitzearena, alegia.
Alde horretatik, abenduaren 15eko udalbatzarrean defendatuko duen mozioan proiektu pilotu bat martxan jartzea defendatuko du, eta eskatuko du behar adinako diru sail bat jartzeko gazte topagune horren sorkuntza eta diseinu fasean, orobat behar den langileria 2024ko aurrekontuetan hura garatzeko; horretaz gain, aldi berean, proiektua diseinatu ondoren hura garatzeko konpromiso-kredituaren saila sortzea.
PODEMOS Ahal Dugu