Elkarrekin Podemosek eskatzen du ijito herriaren eta Gao Lacho Dromen memoria ohoratzeko elementu sinboliko bat jar dadila antzina zegoen kokalekuan, Galeoi parkean
Elkarrekin Podemosek udal politikak indartzeko neurriekin osatu du bere eskaera; horretarako, berdintasunean, etxebizitzan, enpleguan eta hezkuntzan arrazismoaren aurkako eta aitortza historikoaren aldeko ikuspegia txertatu beharra dela dio
"Ijito herriaren aitortza ezin da gelditu apirilaren 8ko ekitaldi hutsetan eta adierazpen puntualetan. Aldarrikapen iraunkorra izan behar du, eta memoria, pedagogia eta ikusgarritasuna eman behar zaizkio espazio publikoan. Aitortza horretaz gainera, gaur egun dagoen antitziganismoa borrokatzeko tresna politikoa litzateke", Garbiñe Ruizek esan du
Elkarrekin udal taldeak mozio bat erregistratu du Vitoria-Gasteizko Udalean, Gao Lacho Dromeko ijito herrixka aitortzeko eta antitziganismoaren aurkako konpromiso instituzionala areagotzeko, izan ere, gizartean presente baitago arrazismo mota jakin hori gaur egun oraindik.
Orain dela 600 urte iritsi zen ijito herria Iberiar penintsulara. Sei mendez partekatu du ijito herriak herrialdearen eraikuntza sozial, kultural eta ekonomikoa bai eta Gasteizko udalerriarena ere. Alabaina, bazterkeria gehien pairatu duten komunitateetako bat da, estigma eta egiturazko diskriminazioa jasan izan baititu urtez urte.
Datuek erakusten dute egoera hori: pobrezia tasa %80tik gorakoa da, langabezia maila estatukoaren batezbestekoa baino hiru aldiz handiagoa, eta, etxebizitza eskuratzeko orduan, bazterketa egoerak jasaten ditu. Horretaz gainera, gizartean hor diraute aurreiritziek, Immigrazioaren Euskal Behatokiak erakusten duen moduan: ijito herria da gizartean arbuiorik handiena jasaten duen kolektiboetako bat EAEn.
Testuinguru horretan, Elkarrekin taldeak bere mozioan planteatzen du beste pauso bat eman behar dela, eta ez dela gelditu behar aitortza sinboliko puntualetan, baizik eta memoria aktibo baten aldeko politika egin behar dela. Zehazki, zera proposatzen du: informazio elementu iraunkor bat jartzea Galeoi parkean, non azalduko baita espazio horretan Gao Lacho Drom herrixka izan zela, ijito komunitatearen hurbileko historian esperientzia giltzarria, txabolismotik baldintza duinagoetara aldatzeko saioa eta Vitoria-Gasteizko hiri memoriaren parte, gaur egun oharkabekoa herritar gehienentzat.
"Ijito herriaren aitortza ezin da gelditu apirilaren 8aren bueltan antolatzen diren ekitaldi hutsetan eta adierazpen puntualetan. Aldarrikapen iraunkorra izan behar du, eta memoria, pedagogia eta ikusgarritasuna eman behar zaizkio espazio publikoan", azaldu du Garbiñe Ruizek. Elkarrekin taldeko bozeramailearen ustez, Gao Lacho Dromen aitortza ez da bakarrik memoria historikoaren arloko kontu bat, gaur egun dagoen antitziganismoa borrokatzeko tresna politikoa da", esan du.
"Ezin gara izan hiri erreferente bat geure historiaren zatiei ezikusiarena eginez. Iragan hori ikusaraztea funtsezkoa da aurreiritziak desmuntatzeko eta herritartasun berdinzaleago bat eratzeko". Horretaz gainera, mozioak badakar memoria ekintza hori garatzea ere ijito komunitatearekin eta hura ordezkatzen duten elkarteekin partaidetzan, orobat ijitoen aldeko ikuspegia indartzea berdintasun, etxebizitza, enplegu eta hezkuntza politiketan.
PODEMOS Ahal Dugu