Elkarrekin Podemosek Bilboko airearen kalitatea neurtzeko irizpideak eguneratzea eskatu du
Helburua da informazioa “bermez, zorroztasunez eta herrirrak babestuz” eskaintzea
Astearte honetan zehar, informazio-pantailek berriz huts egin dute
Gaur, airearen kalitatea neurtzeko panel informatiboek berriz ere huts egin dute Bilbon. “Airearen kalitatea: daturik gabe” mezua irakur daiteke pantailotan, hain zuzen ere, Udalak herritarrak Saharako hautsa heltzekoa dela eta airearen kalitate txarraren inguruan ohartarazi duen egun berean.
Duela 15 urte instalatu ziren pantaila hauek, eta Eusko Jaurlaritzak emandako neurketak hedatzen dituzte. Hala ere, Elkarrekin Podemoseko bozeramaileak Bilboko Udalean, Ana Viñalsek, salatu du neurketok ez daudela eguneratuta Trantsizio Ekologikorako Ministerioaren eta Europako Ingurumen Agentziaren araudira. “Ez dituzte Osasunaren Mundu Erakundearen gomendioak ere aintzat hartzen; erakunde horren arauak eta jarraibideak askoz zorrotzagoak baitira osasun publikoko parametroetan”, azaldu du.
OMEren arabera, hirietako aire-kutsadurak milaka pertsonaren heriotza eragiten du urtero. “Horregatik, airearen kalitatea osasun publikoaren kontu bat da, eta, ondorioz, lehentasun politiko izan behar du”, nabarmendu du Viñalsek.
Elkarrekin Podemoseko bozeramailearen hitzetan, Udalak “komunikazio eta jarduteko protokoloak ezarri behar ditu, kutsadura-egoeren aurrean biztanleriari informazio egokia eta babesa bermatzeko; are gehiago Bilbo bezalako udalerri batean, non kutsadura industrialaren jarduerek eta ibilgailuen trafikoaren etengabeko isuriek eragin handia duten”.
Hori dela eta, hurrengo osoko bilkuran, Elkarrekin Podemosek Udal Gobernuari eskatuko dio airearen kalitatea neurtzeko irizpideak eguneratzeko, herritarrei arnasten duten airearen inguruko informazioa “bermez, zorroztasunez eta herritarrak babestuz” eskaintzeko.
PODEMOS Ahal Dugu