Justizia feministaren eta tratu-berdintasunean oinarritutako gizarte-, lan- eta ekonomia-eskubideen esparru baten alde
Aurrerapen antifeminista baten aurrean gaude, indarkeria matxisten existentzia ukatzen duena eta feminismoa gizartearentzako mehatxu gisa aurkezten duena; horregatik, Justizia Feministaren alde egin behar dugu, erantzukizun kolektibo batez hitz egiten duena, berdintasun, sexu-hezkuntza goiztiarreko politikak eta tratu-berdintasunean oinarritutako eskubide sozial, laboral eta ekonomikoen esparru bat ezartzeko.
AZAROAREN 25A DELA-ETA PODEMOSEN KOMUNIKATUA
Podemos Euskadin badakigu azaroaren 25a ez dela oroitzapenezko data bat gehiago, hil eta zapaltzen gaituen egiturazko indarkeriaren aurkako borroka eta salaketa eguna da. Indarkeria matxistak ez dira fenomeno isolatu bat, ezta gaitz bat ere, desberdintasun material, sinboliko eta ekonomikoetan oinarritzen diren konbentzio sozialen multzo bat dira. Terrorismo matxista gure gizartean egiten diren Giza Eskubideen urraketa larrienetako eta ohikoenetako bat da.
Gaur egungo testuinguruan, indarkeria matxisten existentzia ukatzen duen aurrerapen antifeminista bat ikusten dugu, erreakzio patriarkal bat, gure eskubideak eztabaidagarriak direla ezarri nahi duena eta feminismoa gizartearentzat mehatxu gisa aurkeztu nahi duena, baita emakumeentzat ere, mehatxua matxismoa eta erasotzaileak direnean.
Emakumeen aurkako indarkeriaren epaitegietan urteko bigarren hiruhilekoan aurkeztutako salaketak egunean 20 izan dira batez beste, genero-indarkeriari buruzko hiruhilekoko txostenean jasotako datuen arabera. Eta indarkeria matxistaren agerpenik muturrekoenean, bost emakume hil dituzte aurten gure lurraldean.
Salaketa kopurua gero eta handiagoa da, biktimak babesteko politika publikoen eta biktimei sinesteko eta laguntzeko joera duen aldaketa sozialaren ondorioz.
Eta, horregatik, Podemos Euskadin argi daukagu ez dugula atzerapausorik emango indarkeria matxisten aurkako borrokan, bere forma guztietan, eta hori ez onartzeko, Justizia Feministaren aldeko apustua egiten dugu, berdintasun politikak ezartzeko erantzukizun kolektiboaz, sexu hezkuntza goiztiarraz, emakumeen aurkako diskriminazio estrukturala desagerrarazteaz eta tratu berdintasunean oinarritutako eskubide sozial, laboral eta ekonomikoez hitz egiten duena.
Erakundeetan eta gune guztietan borroka egingo dugu ‘SOILIK BAI DA BAI’ Legea betetzeko, emakume bat ere atzean utziko ez duten udal-politika integralak garatzeko, eta indarkeria instituzionalaren eta birbiktimizazioaren aurka borrokatuko dugu.
Azaroaren 25 honetan, bereziki gerra eta okupazio testuinguruetan eraildako, erasotako edo diskriminatutako emakume guztiak gogoratu nahi ditugu. Palestinan, Ukrainan, Sudanen, Kongoko Errepublika Demokratikoan, Somalian, Sirian eta beste hainbat herrialdetan sexu-indarkeria, jazarpena eta bortxazko desplazamendua gerra-arma gisa erabiltzen dira, komunitate osoak suntsitzen dituztenak eta emakumeengan eragin ikaragarria dutenak.
Podemos Euskadin berretsi egiten dugu haiekin dugun konpromiso internazionalista eta feminista, suntsipenaren erdian aurre egiten dioten emakume guztiekin, eta nazioarteko komunitateak haien segurtasuna, askatasuna eta duintasuna bermatzeko jardun dezala exijitzen dugu. Indarkeria matxisten aurkako borroka guztion eguneroko borroka delako.
FEMINISMOAK BABESTUKO GAITU
PODEMOS Ahal Dugu