Skip to main content

Elkarrekin Podemosek Gipuzkoako Foru Aldundiari eskatu dio emakume eta neskatoen aurkako indarkeria digitalaren aurrean neurri zehatzak har ditzala

Gipuzkoako Batzar Nagusietan ebazpen-proposamen bat erregistratu du, lurraldean genero-indarkeria digitalaren aurkako borroka sendotzeko, NBEk ohartarazi baitu delitu mota hau azkar ari dela ugaritzen

Ekimenak Foru Gobernuari eskatzen dio genero-indarkeria digitalari heltzen dion legedia sustatzeko, baliabide juridikoak eta salaketa-mekanismoak eskuragarri jartzeko, eta justiziarako eta laguntza-zerbitzuetarako sarbidea errazteko formula gehigarriak bultzatzeko

Elkarrekin Podemosek Gipuzkoako Foru Aldundiari eskatu dio emakume eta neskatoek jasaten duten genero-indarkeria digitalaren aurrean neurri zehatzak har ditzala. Hala jasotzen da Batzar Nagusietan aurkeztutako ebazpen-proposamenean, indarkeria mota hau emakumeen aurkako indarkeria-formarik ikusezinetako bat delako.

Ekimenak hamaika puntu ditu, eta neurri ezberdinen artean, Aldundiari eskatzen dio lankidetza duten teknologia-enpresei euren plataformen segurtasuna bermatzeko, eduki kaltegarriak ezabatzeko, jokabide-kodeak betearazteko eta genero-indarkeria digitalaren eraginari buruzko urteko txosten gardenak argitaratzeko.

Era berean, Foru Gobernuari eskatzen dio Itun Digital Globalari eta Ziberkrimenaren Aurkako Hitzarmenari atxikitzeko, indarkeria digitala zigortzea babesten duen esparru loteslea sortzen baitute. Halaber, bere eskumenen barruan, genero-indarkeria digitalari heltzen dion legedia sustatzeko, baliabide juridikoak eta salaketa-mekanismoak eskuragarri jartzeko, eta justiziarako zein laguntza-zerbitzuetarako sarbide osagarriak bultzatzeko eskatu dio.

Elkarrekin Podemoseko batzarkide Mariví Eizaguirrek ohartarazi du ziberdelituak direla Estatuko delitu ugarienak, askatasun sexualaren aurkako delituen atzetik. Zentzu horretan, gogorarazi du NBEk ohartarazi duela emakume eta neskatoen aurkako indarkeria digitala dela azkarren hazten ari den indarkeria-motetako bat, eta kontrol-, jazarpen- eta eraso-mekanismo berak erreproduzitzen direla mundu fisikoan bezala.

«Genero-indarkeria digitalak barne hartzen ditu irudiak baimenik gabe zabaltzetik sexu-jazarpenera eta gorroto-diskurtsoetara arteko ekintzak. Espazio digitala, askatasun eta parte-hartze gunea izan beharko lukeena, emakume askorentzat jazarpen eta diziplinamendu politikorako eremu bihurtzen ari da, eztabaida publikotik kanporatu nahi dituena», salatu du.

Egoera horren aurrean, ekimenak eskatzen du Gipuzkoako Foru Aldundiak, Eusko Jaurlaritzarekin batera, lurraldeko teknologia-enpresei genero-indarkeria digitalaren aurkako erantzukizuna indartuko dien arau-esparru bat ezar diezaiela, edukiak moderatzeko politikak, jokabide-kodeak eta biktimen arreta giza eskubideen arauekin bat etorriz sustatuz.

 


Ildo horretan, Foru Gobernuari ere eskatzen dio indarkeria matxisten aurrean, bereziki digitalen aurrean, emakumeak babesteko irtenbide eta digitalizazio-tresna berritzaileak garatu eta horietan inbertitzeko, gizartea eta maskulinitateak eraldatuko dituzten aldaketa sozialak sustatzeko, eta “manosfera” deiturikoaren ondorio kaltegarriei aurre egiteko.

Halaber, eskatzen du udalekin elkarlanean sentsibilizazio eta prestakuntza kanpainak sustatzea, ingurune digitalen erabilera segurua eta errespetuzkoa bultzatzeko, eta udal eta hezkuntza arloko langile teknikoentzako prestakuntza-programak garatzea, genero-indarkeria digitala identifikatzeko eta prebenitzeko tresnak eskaintzeko helburuarekin.

Orokorrean, proposamenak eskatzen du Batzar Nagusiek adieraz dezatela emakumeen aurkako indarkeria matxista mota guztien, gorroto-diskurtsoen eta ukatze-jarreren aurkako konpromisoa eta gaitzespena, eta emakumeen berdintasun eta askatasun errealaren aldeko konpromisoa berretsi dezatela. Era berean, Gipuzkoako Foru Aldundiari eta Eusko Legebiltzarrari eskatzen die emakume eta gizonen berdintasunari eta emakumeen aurkako indarkeriarik gabeko bizitzari buruzko euskal legea eta askatasun sexualaren berme osoari buruzko lege organikoa osotasunean eta baliabide ekonomikoekin betetzeko, biktimentzako arreta integrala, langile publikoen prestakuntza eta arreta-zerbitzuen arteko koordinazioa bermatuz.

 PODEMOS Ahal Dugu

Recibe nuestros newsletters

Invalid Input
Invalid Input