Bizkaiko Batzar Nagusiek Elkarrekin Podemosen mozio bat onartu dute diskurtso antifeministei aurre egiteko
Ekimenaren helburua “eskuin muturreko hainbat taldek abiarazitako hitzaldien ondorioak arintzea” da
Eneritz de Madariaga: “Garrantzitsua da diskurtso antifeministaren eta mezu argi eta garbi sexista eta misoginoen eragina ahalik eta gehien murriztea, horiek mugimendu feministaren gaitzespena eta emakumeok jasaten ditugun indarkeria eta desberdintasunei garrantzia kentzea baino ez baitute laguntzen”
Bizkaiko Batzar Nagusiek Elkarrekin Podemosen mozio bat onartu dute asteazken honetako osoko bilkuran, diskurtso antifeministen aurka borrokatzeko eta berdintasunerantz aurrera egiteko neurriak martxan jartzeko. EAJren, PSEren eta EH Bilduren botoekin eta PPren abstentzioarekin aurrera atera den ekimen honen helburua da “eskuin muturreko izaera ideologiko nabarmena duten talde ezberdinek abiatutako hitzaldien ondorioak arintzea”.
Eneritz De Madariaga batzarkide-taldeko bozeramaileak azaldu duenez, “diskurtso horiek eragina dute feminismoa eta berdintasun-politikak bizitzeko edo sentitzeko moduan, eta, aldi berean, emakumeen eskubideen gainean ere bai; izan ere, mugimendu horren helburu nagusia eta diskurtso antifeminista berdintasunaren arloko aurrerapenak eta eskubideak geldiaraztea eta are iraultzea da”. Lorpen horiek, gainera, “beren gorputza arriskuan jarri zuten eta jartzen jarraitzen duten emakume askoren” borrokaren ondorio dira.
“Horregatik, garrantzitsua da diskurtso antifeministaren eta mezu argi eta garbi sexista eta misoginoen eragina ahalik eta genien murriztea, horiek mugimendu feministaren gaitzespena eta emakumeok, emakume izate hutsagatik, jasaten ditugun indarkeria eta desberdintasunei garrantzia kentzea baino ez baitute laguntzen”, argudiatu du De Madariagak.
Elkarrekin Podemoseko bozeramailea bereziki kezkatuta agertu da adierazpen horiek gazteengan duten eraginagatik. Izan ere, gogorarazi duen bezala, Arartekoak berriki egin duen ikerketa batek erakusten du “gizon gazte aste askok feminismotik urrun sentitzen direla, mugimendu feminista mehatxutzat hartzen dutelako eta, gainera, beraien aldarrikapenak urrunegi eramaten ari direla sentitzen dutelako”. “Indarkeria matxistei ere garrantzia kentzen diete”, adierazi du.
Hori dela eta, Elkarrekin Podemosek proposatu du Bizkaiko Foru Aldundiak gazteekin lan-ildo bat garatzea, emakumeen eta gizonen arteko berdintasun-mailetan eragin zuzena duten alderdiei heltzeko. Horregatik, ekimenak planteatzen du, batetik, indarkeria matxistak, diskriminazio sexista, genero-estereotipoak eta bikote-harremanak lantzea, eta, bestetik, berdintasun-politikek eta feminismoak berdintasun erreala eta eraginkorra lortzeko duten garrantzia eta zeregin garrantzitsua lantzea.
Memoria feminista
Batzarkide taldeko bozeramaileak memoria berreskuratzearen garrantzia gogorarazi du: “nondik gatozen, nola iritsi garen honaino eta berdintasun erreal eta eraginkorra lortzeko oraindik egin behar dugun bidea ezagutu eta aitortu. Memoria hori transmititu egin behar dugu, funtsezkoa baita jakitea lortutako lorpenak ez direla denboraren joanaren ondorio saihestezinak; aitzitik, mugimendu feministaren antolaketa-, mobilizazio- eta ekintza-gaitasunaren ondorio zuzenak dira. Mugimendu hori emakume emantzipatuek osatzen dute, eta guztiontzako mundu bidezkoagoa eraikitzeko borrokatzen dute. Feminismoaren adierazpen-gaitasuna eta eraldaketa sozial eta politikorako gaitasuna ukaezina da. Eta hori transmititzeko gai izan behar dugu”.
“Gaur egun, Bizkaiko emakumeok (ez mundu osoko emakumeek) legez aitortuta daukagu askatasunez adierazteko, bozkatzeko, jabetzarako, hezkuntzarako, lanerako eskubidea, sexu- eta ugalketa-eskubideak, parte-hartze politikorako eskubidea, indarkeriarik gabeko bizitzak bizitzeko eskubidea… Ordenamendu juridikoak eskubide horiek eta beste batzuk aitortzen dizkie emakumeei, baina oraindik urratsak eman behar dira eraginkorrak izan daitezen. Eta feminismoaren zeregina ezinbestekoa da urrats horiek eman daitezen. Berdintasun erreal eta eraginkorrera iristeko beharrezko tresna da”, azaldu du De Madariagak. Hori dela eta, uste du Administrazio Publikoek beren eskumenetan oinarrituta aurre egin behar diotela “gizarte gisa egin behar dugun bidea oztopatzen duen diskurtsoari”.
“Lan egin behar dugu gure gazteriari eta gizarteari, oro har, erreferentzia-esparru erreal bat emateko, gizarte justu eta berdintasunezkoa eraikitzen laguntzeko. Erreferentzia-esparru horrek, aldi berean, gizarte osoari eta, bereziki eta modu gogorragoan, emakumeei kalte egiten dien testuinguru ideologikotik ihes egitea ahalbidetzen die”, azaldu du Elkarrekin Podemoseko bozeramaileak.
PODEMOS Ahal Dugu