Eusko Jaurlaritzaren politika prekarizatzaileek larriki hondatu dute osasun publikoa Barakaldon
-Larunbat honetan Bilbon egingo den manifestazioan parte hartzeko deia egin du koalizioak.
Podemos Euskadik, Ezker Anitza-IUk, Alianza Verdek eta Berdeak Equok osatutako koalizioak, Eneritz de Madariaga Bizkaiko ahaldun nagusigaiarekin eta Casimiro Castaño Barakaldoko alkategaiarekin batera, euskal osasun publikoaren “muturreko egoera” salatu du gaur Gurutzetako ospitalearen aurrean.
Barakaldoko hautagaiak adierazi duenez, 2010etik osasun publikoko zerbitzuetan murrizketa gogorrak jasan ditu udalerriak. Casimiro Castañok zehaztu duenez, “anbulatorioetako larrialdiak ixtea, bularreko minbizia prebenitzeko probetan murrizketak egitea edo udetan eta gabonetan lehen mailako arretan ordutegiak murriztea dira Eusko Jaurlaritzaren politika prekarizatzaileen ondorioetako batzuk”. Era berean, Gurutzetako Arreta Psikosozialeko Modulua 2021ean itxi zela gogorarazi nahi izan du hautagaiak. “2018an onura publikokotzat jo zen, eta 42 urte zeramatzan Barakaldoko 800 familia baino gehiagori arreta ematen”, azpimarratu du.
Bere aldetik, Eneritz de Madariagak, Bizkaiko ahaldun nagusigaiak adierazi duenez, “arazoa prekarizazioa, immobilismoa eta Osasun Sailak negoziazioak blokeatzea da. Ez diete erantzuten langileek egiten dituzten hobekuntza-planteamenduei, ezta jendearen kexa eta eskaerei ere”. De Madariagak Arartekoaren txostena jarri du adibide gisa, “pazienteen kexak % 220 igo direla jasotzen baitu”. Izan ere, “agerikoa da gure osasun-sistema zaintzeko eta babesteko borondaterik eza, eta eragin larriak izaten ari da herritar guztiengan”.
Hautagaiak azaldu duen bezala, “Sagarduy sailburuak Osakidetza berrindartzeko berriki aurkeztu duen Plan Estrategikoak ez du planteatzen Osasun Sistema Publikoa husteko eta ahultzeko konponbiderik. Izan ere, osasunaren ikuspegi ekonomizista azpimarratzen duen planteamendua da, herritarrek jasotzen duten arreta hobetu beharrean”.
Hitzaldien amaieran, bi ordezkariek berretsi dute Elkarrekin mobilizazioen alde dagoela, osasun publikoa eta kalitatezkoa defendatzeko. Hori dela eta, herritarrei dei egin nahi diegu larunbat honetan Bilbon deitutako manifestazio erraldoia babesteko, osasun publikoak bizi duen egoera jasanezina salatzeko.
PODEMOS Ahal Dugu