Skip to main content

Elkarrekin Barakaldok Lutxanako etorkizuneko auzo eredu iraunkorra proposatu du Osoko Bilkuran

Koalizioak kontrola eskatzen du BECen ‘minipisuen’ proiektuan, ezkutuko alokairuak bihur ez daitezen. / Elkarrekin taldeak Barakaldoko eta auzoko benetako beharrak kontuan hartuko dituen HAPN berri bat garatzea proposatu du, besteak beste, Lutxana-Burtzeñako 05 BEPBa, Sefanitro edo El Calero kasu, judizializatuta amai ez dadin / Indarrean dagoen araudiaren arabera, koalizioak Oxinorte eta Bilbaína Alquitranes bizitegi-gune ez diren eremuetara eramatea babesten du, herritarren osasuna eta auzoko ingurumena arriskuan jartzen dutelako.

Lutxana auzoa izan da gaurko Osoko Bilkurako protagonista. Bertan, BECen ondoko apartahotelen eraikuntza, auzorako Hiri Antolamenduko Plan Berezi berria eta Oxinorte eta Bilbaína de Alquitranes enpresen  lekualdaketa bezalako gaiak eztabaidatu dira. BECeko aldi baterako etxebizitzen proiektua hasieratik izan da polemikoa. Elkarrekin Barakaldok, Podemos-Ahal Duguk, Ezker Anitza-IUk, Equo-berdeek eta independenteek osatutako koalizioak, 'txantxa astuntzat' jo zituen, 625 eurotik gorako alokairuak dituzten 30 metro karratu arteko etxebizitzak direlako.

Proiektuaren behin betiko onarpenaren aurrean, koalizioak gogorarazi du, salaketaren ondoren, sustatzaileak operazioaren izena aldatu zuela, eta ‘zerbitzuen apartamentuak’ izatetik ‘hotel-apartamentuak’ izatera igaro  zela. “Enpresa Etxebizitzaren Legea saihesteko modu baten bila dabilela susmatzen dugu, etxebizitzak apartahoteletan ezkutatzen saiatuz. Hori dela eta, Legea betetzen dela zaintzea eta apartahotela izango dela  ziurtatzea eskatzen dugu", adierazi du Itziar Celis bozeramaileak.

Osoko Bilkuran, koalizioak, Eh Bildurekin batera, osoko zuzenketa aurkeztu du auzoko Hiri Antolamenduko Plan Berezi berria ‘mahai gainean uztea’ eskatzeko. Onartu aurretik, Elkarrekin taldeak hainbat gai argitzeko  eskatu du, hala nola, bideragarritasuna kostu eguneratuekin edo proiektuaren kanpoko peritatze bat, udalarekiko independentea, besteak beste.

Bozeramailearen eskutik berriro ere, koalizioak esan du aurkeztutako proiektuak ez duela balio erantsirik ematen, baina bai zalantza asko. “Barakaldoko benetako beharrak eta gure hirirako zer nahi dugun planteatu behar  dugu. HAPOari adabakiak jartzeari utzi behar diogu eta beste plan berri batean lan egin”, adierazi du Itziar Celisek. “Ematen du proiektu hau modu bortitzean ekartzen dela Lutxanan legealdi honetan izandako porroten ondorioz, Sefanitro edo El Calero kasu, judizializatuta amaitu direnak. Eta, ziur aski, Lutxana-Burtzeña 05 BEPBk ere zorte bera izango du”, amaitu du zinegotziak.

Lutxanako elkarte sozial eta ekologisten izenean, Elkarrekin Barakaldok, Eh Bildurekin batera, mozioa babestu du, Oxinorte eta Bilbaína de Alquitranes enpresak auzotik kanpora joan daitezela eskatzeko. Christian Bolaños bozeramailekideak argitu duenez, industria horiek, indarrean dagoen araudiaren arabera, ‘elementu arriskutsuak manipulatzen dituzten fabrika’ gisa kalifikatuta daude eta hiriguneetatik kanpo egon behar dute. “Barakaldo seguruagoa eta iraunkorragoa izateko asmo handiko apustua da, herritarren osasuna eta ingurumena arriskuan jarriko ez dituena”, argitu du zinegotziak.

Hiri-baratzeak

Elkarrekin Taldeak babesa agertu dio hiri-baratzeak arautzen dituen Ordenantza berrirako proposamenari, eta gogorarazi du proiektua La Huertakako kolektibotik sortu zela, eta hasiera batean Udalak danbatekoa eman ziola. “Ordenantza hau ez litzateke gaur onartuko botere espekulatiboei aurre egitea erabaki eta La Huertakaren proiektu komunitarioa sortu zutenen ahaleginagatik ez balitz”, adierazi du Eder Álvarez zinegotziak. Koalizioaren ustez, udalak proiektua garatuko duten erakundeei beharrezko laguntza eta babesa ematea da orain erronka.

Emakumearen Arloko aurrekontua

Emakumearen Arloko aurrekontuaren gehikuntza izan da Osoko Bilkuran aztertu den beste gaietako bat. Elkarrekin taldetik gogorarazi dute hori dela euren etengabeko aldarrikapenetako bat, baina gobernu taldeak beti baztertu izan duela. “Indarkeria matxistaren aurka borrokatzeko, ezinbestekoa da baliabide nahikoak izatea”, azpimarratu du Mariví Freire zinegotziak. “Udal honetan, Emakumearen Sailak aurrekontuaren % 0,5 baino gutxiago du, 540.000 euro baino gutxiago, eta kopuru hori ez da nahikoa”, argitu du Freirek.

Euskararen normalizazioa
Euskararen erabilera sustatzeko neurri berriak sortzeko proposamenaren aurrean, Elkarrekin eskaeraren alde agertu da. “Denok egin behar dugu autokritika, gu barne, eta benetan pentsatu behar dugu zeintzuk izan  daitezkeen euskara sustatzeko politikak, hizkuntza dakigun guztiok azkenean erabiltzeko pauso hori eman dezagun”, adierazi du Eder Álvarez zinegotziak. Koaliziotik, ordea, nabarmendu nahi izan dute udal gobernuak  benetan sinetsi behar duela euskararen normalizazio planetan, eta ez dituela utzi behar printzipioen sasi deklarazio hutsean, lanpostuen hizkuntza eskakizunak ezartzen dituzten irizpideek erakusten duten bezala,  politikoak teknikoak baino gehiago direnak.

Suizidioen Prebentziorako Udal Plana

Osoko Bilkurak Elkarrekin Barakaldoren proposamena onartu du, Suizidioen Prebentziorako Udal Plana sortzeko. Koalizioak txalotu egin du erabakia, ongizate emozionala eta osasun mentala hobetzea  lehentasunezkoa izan behar baita udal politiketan. Mariví Freire zinegotziak argitu duenez, udalak prebentzio-neurriak gara ditzake, eta, beste erakunde batzuen garapena beharrezkoa bada ere, berez eginkizun  funtsezkoa izan dezakete suizidioa prebenitzeko edo horri eusteko.

Gizarte-larrialdietarako laguntzak

Elkarrekin taldeak Osoko Bilkurara ekarri duen beste proposamenetako bat GLLen igoera izan da, KPIarekin eguneratzeko. Marirvi Freire zinegotziak argitu duenez, mozioa irailean aurkeztu zuten, inflazioa % 10,8ra  iritsi zenean eta soldatak % 4,5 jaitsi zirenean. Une horretan, egokia izango zen mozio horri ekitea, eta ez orain, ia ekitaldia itxita egonda. Aurten aplikatzea posible ez den arren, koalizioak ospatzen du neurria 2023tik  aurrera gauzatu ahal izatea, eta Udalak Eusko Jaurlaritzak ezarritako urteko gehieneko zenbatekoak udal funtsekin estaltzea, nahikoak izan daitezen. 

 PODEMOS Ahal Dugu

Recibe nuestros newsletters

Invalid Input
Invalid Input