Skip to main content

HAPO berria babestuko dugu, hiri berdeago, sozialago, bateratuago eta kohesionatuago baten alde egin ez ezik hiri iraungaitz predatzaileari amaiera emango baitio

• Plan honetan, lurralde eredua ez da aurreko HAPOan ageri den joera hedatzailekoa, eta barnerantz hazten den lurralde antolaketa baten alde egiten du, zeinetan ondare naturalak, landa nortasunak, elikagai sistemak eta gizarte kohesioak ehun ekonomikoaren aintzatespen bera hartzen baitute, bat bestearen gainetik jarri gabe

• "Oposizio eraikitzaile gisa dihardugu. Gure ekarpenak egin dizkiogu agiriari, eta entzun, balioetsi eta onetsi egin dizkigute.

Hala, orain arte erakutsi dugun koherentzia eta erantzukizun politikoarekin bat, plana onartzearen alde egingo dugu hasiera batean, hiriaren diseinuan aurrerapenak izan daitezen ikuspegi guztiz berritu eta behar berrietara doitutako batekin"
Elkarrekin Vitoria-Gasteiz udal taldeak (Podemos, Ezker Anitza IU, Berdeak EQUO) gaur goizean iragarri du prentsaurreko batean HAPO berria osatzen duten agiri guztiak irakurri dituela eta erabaki duela hasiera batean planteamendu berria onartzearen alde botatzea.

Elkarrekin taldearen ustez, HAPOak hiriaren behar berriei erantzuten die, iraunkortasunaren eta hiri eredu bateratu eta kohesionatu baten aldeko konpromisoa hartuz; hala finkatutako eremuetan espazioak birgaitu eta berritzearen alde egingo du, lurzoru gehiago eta gehiago hartu beharrean. Orain, oinarri berri hauekin, estrategia aldatu da, eta barnerantz haztearen alde egiten da; gainera, prozesu horretan, ehun ekonomikoaren aintzatespen bera jasoko dute ondare naturalak, landa nortasunak, elikagai sistemak eta gizarte kohesioak, bat bestearen gainetik jarri gabe.

Are gehiago, industriari errazten dio bere proiektuak sendotzea, baina, hori bai, landa lurzorua inbaditu gabe. Horrela jokatuko dute Mercedesekin, Michelinekin eta Basquevolt bateria elektrikoen fabrikarekin Miñaon. "Elkarrekin taldeak esku hartze berritzaile hauek babesten ditu, etekin ekonomikoa bilatu bai baina orain dauden espazioetatik bilatuko baitute. Filosofia bera aplikatuko da Gamarran eta Betoñun, erregenerazioaren eta berrantolaketaren bitartez egingo baitute haren dinamizazioaren alde, bai eta eraikinen gaineko aldea erabiltzeko malgutasuna emanda ere; horrela ostalaritzako jarduerak gauzatu ahalko dituzte, baita beste jarduera mota batzuk ere", nabarmendu du Garbiñe Ruiz zinegotziak.

Planak bilatzen duen hiri kohesionatu eta iraunkorraren ereduari dagokionez, Elkarrekin taldeak nabarmendu du sartu dituzten aldaketekin erantzuna eman diotela beren eskari batzuei, lortu baita oso tentsionatuta zegoen eremu bati, hau da, hiriaren hegoaldeari presioa kentzea. Gobernuak uko egingo die Olarizu hiribideko etxe berriei eta URSSAkoei, eta eremu hori birnaturalizatzez amaituko du. Ez du familia bakarreko etxerik eraikiko 17. sektorean, eta ez ditu botako Bustaldeko 42 etxeak, bai ordea berrituko ditu eta alokairu sozialera bideratu; horra hor zenbait adibide, espazioak birgaitzearen aldeko apustu sendoa erakusten dutenak. Eta, etxe berriak egiteko orduan, finkatuta eta saturatu gabe dauden eremuak birdentsifikatzearen alde egingo dute, hala nola Lakuan, Zabalganean eta Salburuan.

Hegoaldeko presioari dagokionez, Óscar Fernández taldeko bozeramaileak nabarmendu duenez, hemendik aurrera, zailagoa izango da gasolindegiak instalatzeko lizentzia berriak ematea —zeinak ugaritu egin baitira hain zuzen hiriaren hegoaldean—, zeren eta Elkarrekin taldearen proposamena sartu dute, eta 100 metroko gutxieneko distantzia ezarri beharko da kalteberak diren eremuetatik, hala nola eskoletatik eta osasun etxeetatik, oraingo 50en aurrean.

Udal taldea, era berean, pozik dago udalerriaren landa eremua babestu eta lurzoruaren balioa aitortuko baitute. Izan ere, landa eremuak nortasuna ematen dio lurraldeari eta horrekin batera elikagaiak eta ura; gainera, laguntzen du aire garbi eta osasungarria izan dadin. Hala, nekazaritzako elikagaien aldeko estrategian aurrerapenak izango dira, emankorra den lurzorua babestu egingo baita eta nekazaritzako ekoizpenari lehentasuna emango baitzaio.

Landa eremuari lotuta, HAPO berria egokitu egingo da energia trantsizio premiatsura. Hortaz, hiri lurzoruan berriztagarrien hedapena baimendu ez ezik —autokontsumoa garatzen lagunduko du jarduera ekonomikoen garapenari lotuta—, Vitoria-Gasteizko udalerriko herrietan ere autokontsumoko energia komunitateak bultzatuko ditu.

"Elkarrekin taldeak oposizio eraikitzailea egin du; agiriari gure ekarpenak egin dizkiogu, eta entzun, balioetsi eta onetsi egin dituzte. Hala, orain arteko koherentzia eta erantzukizun politikoarekin, erabaki dugu hasierako baiezkoa ematea HAPO honi, legealdiko agiririk garrantzitsuenari, zeinak bozeto estrategiko bat ezartzen baitu datozen hamar urteetan nola antolatu eta diseinatu gure hiria. Gure babesari esker, modua emango dugu hiriaren diseinuan aurrerapenak egiteko baina guztiz berritutako ikuspegi batetik, oraingo beharretara doitutako batetik; hala, iraganeko hirigintza predatzailea bazter utziko da, eta eredu sozialago berdinzaleak eta berdeago baten alde egingo da. Ez da hain zurruna izango, erabilerak beharraren arabera malgutuko baitira; gainera, aurre egingo diegu bai etxebizitzaren arloan ditugun erronkei, bai ehun ekonomikokoei eta bai klima larrialdiak ekarri dizkigun desafioei. Orain bai bide zuzenean goaz", amaitu du Elkarrekin taldeko bozeramaileak, Óscar Fernándezek.

 PODEMOS Ahal Dugu

Recibe nuestros newsletters

Invalid Input
Invalid Input